Elkartasunaren familia

Elkartasunaren familia

Unai Zubeldia

Oso lagungarria da inguruan zurearen gisako arazoak dauzkaten pertsonak badaudela ikustea”. Ingurukoei laguntzea eta babesa ematea, horixe da Jokin Antxia Aratz elkarteko idazkariaren egitekoa (Aretxabaleta, 1957). Adimen urritasuna duten pertsonei laguntzeko Aretxabaletan sortutako elkartea da Aratz, eta bertako kideak 25. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabiltza aste honetan. Bihar egingo dute ekitaldi nagusia, herrian bertan. “Azken batean, ospatu egin behar dira horrelakoak”. Hamalau familiak osatzen dute Aratz, eta elkarteak oso helburu xumea dauka oinarrian: “Adimen urritasuna daukaten pertsonei eta euren familiei bizi kalitatea hobetzen laguntzea”.

Egunotan protagonista izaten ari dira elkarteko kideak, eta, Antxiaren hitzetan, “urduri samar baina gustura” dabiltza. Ospakizunetan murgilduta, 25 urteotan egin dituzten bost film laburrak eskaini zituzten joan den asteartean —Aratzeko kideek egindakoak dira horietatik hiru—; musikaz lagunduta, pintxo-potea egin zuten asteazkenean; elkarteko kideek Eguzki lorearen kondaira antzerki ikuskizuna eskaini zuten atzo; Aretxabaletako kaleetan barrena batukada izango dute gaur, 19:00etan; eta biharko ekitaldiarekin itxiko dute astea. 11:30ean hasiko da ekitaldi hori, Arkupen. Elkartearen historia gogoratu, etorkizunerako erronkak zehaztu, urteotan joan diren pertsonak gogoratu eta eskerrei tarte bat egin ondoren, Oihulari Klown kaleko animazio taldeak prestatutako ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da, 13:00etan.

Berezko izaera dauka Aratz elkarteak, baina 1960ra jauzia egin beharra dago haren historia ulertzeko. Urte hartan sortu zen Atzegi, adimen urritasuna duten pertsonei laguntzeko Gipuzkoako elkartea, eta, Antxiaren hitzetan, hasiera-hasieratik “elkartasuna” bihurtu zuten lanerako tresna. Eskualdeka antolatu zuten Atzegi. “Eta Aretxabaletakook, herri txikia izanik, Bergaran hasi ginen elkartzen eta ideiak trukatzen”. Idazkariak gogoan dauka “irakaskuntza eta hezkuntza” zirela lehen urte haietako helburu nagusiak. Donostiako Aurrezki Kutxaren ekimenez, eta Atzegirekin elkarlanean, San Miguel patronatua sortu zuten ondoren, “adimen urritasuna zeukaten pertsonen gizarte integrazioa lortzeko, eta 5 urtetik 21era arteko haurren eta gazteen arreta eta heziketa bermatzeko”.

Casilda Iraetaren ekarpena

Pertsona horien beharrak asez joan ziren pixkanaka, eta 1975ean eman zuten beste pauso garrantzitsuetako bat: Gureak enpresa taldea sortzea. Lan mundura jauzia egitea zen helburua. 1981ean, Atzegi sortu eta 21 urtera, mugimenduari “bestelako indar bat” eman beharra sentitu zuten Aretxabaletan, eta hilabetean behin elkartzen eta hainbat jaialdi antolatzen hasi ziren hainbat lagun. “Beharra zeukaten familientzat baliabide ekonomikoak bermatu nahi genituen”. Aurrera egingo bazuten elkarte gisa sortzeko beharraz jabetuta, 1992an eman zuten behin betiko pausoa.

Sorreratik aisialdiari lotuta egon izan da Aratz elkartea. “Pausoka-pausoka, beti aurrera joatea da gure filosofia, eta lan horrek asko lagundu digu herritarrak sentsibilizatzen”. Aretxabaletako elkarteak asko zor dio herritar baten ekarpenari. “Doña Casilda Iraeta zenak 1995ean herentzia bat utzi zion Atzegiri, eta diru hura herrian nola inberti zitekeen hausnartzen hasi ziren berehala”. Heziketa lana eta lanerako pausoa hainbestean bermatuta, adimen urritasuna zutenen etxebizitzarako eskubidea herren zegoela ikusi zuten. “Eta, helburu horri segika, babestutako etxebizitza bat egin zuten Aretxabaletan”. 2003an inauguratu zuten eraikina, zortzi pertsonarentzat lekua eginda, eta, gaur egun, hamasei bizi dira bertan. “Gipuzkoa osokoak. Gure elkarteko hamalau familiez gain, bertako hamaseiak ere elkartzen zaizkigu ekintzak antolatzen ditugunean”.

25 urte beteta, etorkizunerako “baikor” dago Antxia. “Hezkuntza arloa, esaterako, oso ondo bideratuta dago; lan mundua ere, ondo antolatuta dago Gureak enpresa taldeari esker; etxebizitzen arloa ere martxan dago; eta, ziurrenik, aisialdian egin beharko da lan gehiago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.