Kultur lehorreratzea

Kultur lehorreratzea

Unai Zubeldia

Kultur topagune handi bat da Atlantikaldia; musikak pisu handia daukan jaialdia. Azken batean, hizkuntza unibertsala da musika”. Errenterian atzo hasi eta etzi arte izango den jaialdia musika baino “askoz gehiago” dela azpimarratu du, hala ere, Laura Landa Atlantikaldiko zuzendariak (Eibar, 1977). “Diziplina askoko jaialdia da gurea: erakusketak, hitzaldiak, bisita gidatuak, dantza emanaldiak, kirola, gastronomia…”. Hainbat eragilek urtean zehar bidalitako proposamenekin osatzen dute, urtero, egitaraua, Errenteriako Udalak antolatuta. “Guztiei eskerrak eman beharrean gaude, inplikazioagatik”.

Lehenengo bi urteetan Errenteriaren itsas izaera barneratzea izan zen jaialdiaren erronka. Atlantikotik harago joanda, ekitaldia mundura zabaldu zuten iaz, “beste itsaso eta itsas herriekin harremanak bideratuz eta Errenteriaren izaera aberastuz”. Eta bide horri eutsiko diote aurten ere, munduko hainbat txokotako ekarpenekin herria Itsas Topaleku bilakatuz.

Guztira, 70 bat emanaldi eskainiko dituzte Errenterian igandera bitartean. Agirre Lehendakariaren kalean egongo da agertokirik handiena. “Eta hor eskainiko dituzte kontzertu nagusiak”, zehaztu du Landak. Herriko plazan jarriko dute beste agertoki bat. “Oso giro berezia sortzen da hor; beste atmosfera bat izaten da”. Eta, iaz bezala, Herrixka ere prest daukate dagoeneko, Zumardian. “Familientzat egokitutako gunea izango da hori, etxeko txikienentzat”. Berrikuntza gisa, gazteei keinu txiki bat egin nahi izan diete aurten, eta eurentzat Kalekaia gunea prestatu dute Panier orubean. “Kaleko kulturekin zerikusia daukaten ekintzak izango ditugu bertan: grafiti tailerra, tattoo eta henna erakustaldia, skate, parkour edo slackline bezalako kaleko kirolak… Orain artean ez da egon gazteentzako eskaintzarik, eta hori ere kontuan hartu nahi izan dugu”. Argi instalazio bat ere edukiko dute gune horretan. Hainbeste joan-etorriren ondoren geldialdi txiki bat egin ahal izateko, Atseden Irla gunea ere eskainiko dute antolatzaileek, jan-edanarekin.

Landak aitortu du eurena “oso jaialdi gaztea” dela oraindik. “Laugarren urtea besterik ez duelako. Baina oso harrera ona izan du, eta oso pozik gaude izaten ari den garapenarekin. Oreka lortzen ari gara”. Errenteriako jaialdiak badauka berezitasun bat, Itsas elkarrizketak izenekoa. “Duela bi urte hasi ginen egitasmo horrekin lanean. Kanpoko artistak bertakoekin harremanetan jartzen hasi ginen, elkarlanean ikuskizunak sor zitzaten”. Horren ondorioz, Atlantikaldirako espresuki egindakoak izaten dira emanaldi horiek guztiak. “Bakarrak eta bereziak izaten dira”. Elkarlan horri tiraka, Errenteria sormen prozesuaren gune bihurtzen ari da pixkanaka. “Atlantikaldian elkar ezagutu ondoren artista horietako batzuek sarritan jarraipena eman izan dietelako elkarlan horri”.

Atzo hasi zen Atlantikaldia, herriko haurrek sortutako olatuarekin. Eta, hasiera ekitaldiaren ondoren, emanaldi berezia eskaini zuen Kukai dantza taldeak, 15. urteurrena ospatzeko. Euren ibilbidean lagun izan dituzten hainbat artista eta herriko beste hainbat talde zein musikari ondoan izan zituzten dantzariek.

Amparanoia, Sorkun…

Musika emanaldiei dagokienez, berriz, igandera bitartean sona handiko artistak bilduko dira Errenterian. “Adibide gisa, aipagarria da Amparanoiak, Xabier Solanok, Pinik eta Sorkunek elkarrekin eskainiko duten emanaldia”, azaldu du Landak. “Beste hainbat lekutan ere egongo da aukera eurak bakarka entzuteko, baina emanaldi berezia prestatu dute elkarrekin”. Bihar izango da kontzertu hori, 22:30ean. “Track Dogs taldearen kontzertua ere interesgarria izango da. AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Madrilgo laukote bat da, eta klake dantzan aritzen diren Euskal Herriko bi talderekin eskainiko dute emanaldia”. Bihar gozatu ahal izango da ikuskizun horrekin, 20:00etatik 21:30era.

“Jendeari entzun behar diogu, zer nahi duten jakiteko”. Antolaketa prozesua bera kontuan hartuta ere jaialdi berezia da Atlantikaldia, eta elkarlan horri eusteko erronka daukate antolatzaileek. Landak kalera ateratzeko deia egin die bai herritarrei eta baita herrikoak ez direnei ere. “Goza dezatela. Ziur nago euren gustukoak izango diren emanaldiekin topo egingo dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.