Oihu egiteko gonbita

Oihu egiteko gonbita

Unai Zubeldia

Irrintzika esnatuko da etzi Oñati; txilioka, oihuka, deiadarka. Lekaioka, alegia. “Aspaldiko euskaldunek herrian erabiltzen zuten deia edo irrintzia da lekaioa; abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko”. Aitor Guridi Oñatiko Txantxiku ikastolako zuzendariordearen azalpena da hori. Ikastolako arduradunek auzolana irudikatzeko asmoz aukeratu zuten Lekaixoka! leloa —irrintziaren errepresentazioa da irudia—, eta, irrintzi doinuaren jiran, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaiarekin bat egiteko deia egin dute antolatzaileek. Jadanik prest dauzkate ibilbideko lau gune nagusiak: Ikastola, San Martin, Asentzio eta Berezao. 09:30ean hasi eta 19:00ak aldera amaitu, gozatzeko hamaika aukera izango da egun guztian.

Sortu zenetik aurten 50 urte bete direnean, Txantxiku ikastolak esperientziaren izenean antolatuko du aurtengo Kilometroak jaia, 1989an ere Oñatin izan zelako Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Ordukoari keinuka, oso antzekoa izango da ibilbidea, 5,8 kilometrokoa. Duela 28 urtekoarekin alderatuta, kontrako norabidean antolatu dute etzikoa, eta moldaketa txiki batzuk ere egin dituzte, joan-etorriak errazteko. Antolatzaileen hitzetan, “polita, iristen erraza, erosoa eta erakargarria” da aurtengo ibilbidea.

Behin 09:30ean hasiera ekitaldia eginda, kontzertu eta ekitaldi asko izango dira ibilbide guztian, Anje Duhalde, Huntza eta Willis Drummond tartean. San Martin gunean Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketa izango da 10:30etik 14:00etara. Eta, azken urteotako joerari eutsita, 13 eta 15 urte arteko gazteentzat Erronka lehiaketa ere antolatuko dute gune guztietan gaztetxoek festan giro osasuntsuan parte hartzeko helburuarekin —Gipuzkoako 22 ikastola ariko dira lehian—. “Kontsumo arriskutsuak” saihesteko neurriak ere hartuko dituzte antolatzaileek, eta sirena more batzuk ere jarriko dituzte txosnetako karpetan eraso sexistei aurre egiteko.

Udanako gaina, itxita

978 ikaslek, 572 familiak, 118 laguntzailek eta 86 langilek osatzen dute Txantxiku ikastola, eta urte osoko lana dago Kilometroak jaiaren atzean. Urriko lehen igandean egin ohi da beti Kilometroak festa, baina San Migel jaiak dira hurrengo asteburuan, eta horregatik aurreratu dute eguna astebete. Bertaratu nahi dutenentzat abisua bidali dute antolatzaileek: Udanako gaina itxita egongo da autoentzat —autobusei bakarrik utziko diete pasatzen—, eta hautu hori egiten dutenek Bergarako San Prudentzio auzotik barrena joan beharko dute.

Zu intzirika, ni irrintzika. Euskaraz gatoz Lekaixoka. Ni xuxurlaka, zu deiadarka. Euskaraz gatoz Lekaixoka. Joan den asteburuko euri giroa ahaztuta, iragarpenen arabera ona izango da oraingoan, eta euskaltzaleek kantuan zain daukate Oñati.

Leave a Reply

Your email address will not be published.