“Eztabaida sortu nahi dut liburuan jasotakoarekin”

“Eztabaida sortu nahi dut liburuan jasotakoarekin”

Ane Olaizola

Euskal hizkuntzan “autodidaktatzat” du bere burua Xabier Iturriak (Errezil, 1949). Euskaltegietan lan egindakoa da, eta euskara aztertzen aritu izan da urte luzez. 2014an, kitxuari buruzko Hacia una gramatika unificada del Rumashimi liburua kaleratu zuen, Perun, eta hainbat adituren teorietan eta bereetan oinarritutako bigarren liburua osatu berri du orain: Euskal Gramatika Sintaktikoa. Iturriak berak egin du editore lana, eta Elkarrek banatuko du.

Zer jaso duzu Euskal Gramatika Sintaktikoa liburuan?

Gramatikari buruzko liburu gehienek morfologia izaten dute normalean ardatz. Tradizioz, hala egin izan da beti. Gaztelaniazko liburu asko irakurri dut, eta morfologiari buruzkoak dira horietako gehienak. Generora, aditz irregularretara eta halakoetara mugatzen dira. Nik beste ikuspegi batetik landu dut gramatika. Morfologiak hitza hartzen du oinarri gisa, eta sintaxiak perpausa lantzen du. Perpausa ardatz hartuta, hura osatzen duten barne egiturak aztertu ditut; sintagmak, lexikoa eta fonemak. Perpausaren egituran parte hartzen duten elementuen hierarkia, banaketa, funtzioa, komunztadura edota ezabaketa aztertzea da sintaxiaren eginkizuna. Alde handia dago gramatika morfologia aldetik edo sintaxitik aztertuta. Morfologian, esaterako, ez dituzte funtzioak aztertzen. Alde horretatik, beraz, berezia izan da nire lanketa. Inor gutxik idatzi du horri buruz.

Zergatik ez da horrenbeste landu sintaxia?

Autore batzuek diote teoria asko egin izan direla sintaxiaren inguruan. Azterketak egiten dituzte, baina, gero, ez dute aplikatzen. Semantikara jotzen dute orduan. Guztiek ahotan dute sintaxia, baina inork ez dio heldu nahi gaiari. Egun, onartzen dugu deduzitu egin behar den axioma dela perpausa. Abiapuntua perpausa da, baina oso gutxik jartzen dute praktikan. Arazoa da morfologiaren tradizio handia dagoela. Euskaltzaindiak esaten du hitzak deklinatzen direla, baina ez da hala, sintaxia da deklinatzen dena.

Zergatik heldu diozu gaiari?

Hizkuntzari ikuspegi hobea ematen diolako. Autodidakta naiz ni: neure kasa aztertu dut guztia. Sintaxiaren elementu jakin batzuk aztertu ditut, beste guztia landuta dagoelako.

Zer ekarpen egiten dio liburuak hizkuntzari?

Hizkuntza bere osotasunean hartu dut sintaxia aztertzean. Esaterako, mota guztietako perpausak azaldu ditut. Beste ikuspegi batekin egindako gramatika liburu bat da; nire ustez, ulerterrazagoa. Gramatikari buruzko zortzi bat liburu ditu Euskaltzaindiak, baina oso astunak dira guztiak. Lokailuen inguruko liburu osoak ateratzen ditu, eta nik kapitulu batean bildu dut hori. Askoz ere sinpleago azaldu dut gai hori, eta, pedagogikoki, errazagoa da ikasteko.

Era berean, euskal prosodia aztertu dut: intonazioa eta azentua. Eztabaida askoren iturri da kontu hori: Txillardegik landu zuena, esaterako, fonetika zen fonologia baino gehiago. Horrez gain, Txillardegik zioen beharrezkoa dela prosodia bateratu bat, eta lehenengo silaban jarri behar dela azentua. Guztiz alderantzizkoa egiten dut nik; Mitxelenaren teoriarekin bat egin dut. Batetik, azentua eta intonazioa bereizi egin ditut, eta hortik abiatuta diot azenturik gabekoa dela Euskal Herrian gehien erabiltzen dena. Orduan, ez dago diptongorik.

Asko urruntzen al zara Euskaltzaindiaren teorietatik?

Gauza batzuetan, bai. Euskaltzaindiak, esaterako, ez dio heldu nahi izan azentuaren gaiari. Kritika batzuk egiten dizkiot: adibidez, tenpusa eta denbora bereizi egiten ditu, baina, denbora eta aspektua ondo erabiltzen badugu, ez dago horretarako beharrik. Kontua da perpaus okerrak erabiltzen dituela Euskaltzaindiak: “Bihar Donostiara noa”. Esaldi hori gaizki dago. Aditza eta denbora ez datoz bat. Gaztelaniaren eragina da hori.

2014an, kitxuari buruzko gramatika liburu bat atera zenuen. Zer lotura du liburu honekin?

Bi liburuek antzekotasun handiak dituzte: teoria orokorra bera da bietan, eta teoria hori euskarari ezarri diot oraingoan.

Zer dela-eta aztertu zenuen kitxuaren gramatika?

Hego Amerikara joan nintzen erretiroa hartu nuenean. Joaten nintzen herrialdera joaten nintzela, hango jatorrizko hizkuntza ikasi nahi nuen. 2007 inguruan, lehendabizi, Ekuadorrera joan nintzen, eta kitxua hizkuntza ikasteko material bila hasi nintzen. Ez nuen aurkitu, ordea, gramatikari buruzko liburu onik. Bigarren aldiz joan nintzenean, liburu asko atera nuen Quitoko Unibertsitate Katolikotik. Egia esan, kitxuari buruzko bibliografia onenetakoa daukat. Orduan hasi nintzen gramatika lantzen, baina dialektoei buruzkoak dira liburu guztiak. Gainera, oso sakabanatuta dago hizkuntza hori. Enborrera joan behar dugu hizkuntzaren batasunera jotzeko, modu horretan gero adarretara joan ahal izateko. Enborra bilatu behar nuen, baina asko kritikatu ninduten horregatik. Ez zuten ulertzen.

Zure liburuak hautsak harrotuko dituela uste al duzu?

Nahiko nuke eztabaida sortzea; hori da nire asmoa. Batek esan zidan jakintsuek egurra emango didatela. Ez dit beldurrik ematen, baldin eta kritika idatziz egiten badute. Irakurri baino lehenago kritikatzen dute batzuek, eta halakoak ez zaizkit interesatzen. Idazten duenak, baina, bi aldiz pentsatu behar du, eta landu egiten du idatzi beharrekoa. Oraindik ez dut eztabaidarako biderik ireki, baina pentsatu dut Twitterren-edo horretarako aukera zabaltzea. Gustatuko litzaidake jendeak eztabaida horretan parte hartzea; oso polita izango litzateke. Euskaltzaindiak, esaterako, ez du halakorik egin; dogmak bezala ematen ditu teoriak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.