Hiriko hainbat gunetan etxeen %6 turistek alokatzeko eskaintzen dira

E. Goenaga Lizaso

Kultura digitalari eta teknologia berriei eskainitako laborategia da Hirikilabs. Donostiako Tabakaleran du egoitza, eta bertan aritzen da lanean Ibai Zabaleta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan turistei begira egiten diren alokairu eskaintzen inguruko neurketa egin dute, AirBnB plataforma aztertuz, eta Donostiaren kasua txosten batean landu dute. Azterketa horren berri emango du Zabaletak Ez gara turistak gure hirian topaketetan, datuek turismoari buruzko gogoetan oinarri objektibo bat eskain dezaketela sinetsita.

“Guk AirBnB plataforman dauden datuak aztertu ditugu, eta bilduma bat egin dugu. Uste dugu hortik ateratzen diren datuak oinarri objektibo izan daitezkeela eta tresna baliagarria direla gaiari buruzko azterketetan, eztabaidetan. Izan ere, askotan gaiari buruzko baieztapenak egiten dira, oinarri objektiborik gabe, irakurketa subjektibo baten gainean”, dio Zabaletak. Duela urtebete hasi zuten neurketa. “Badaude alokairurako tresna gehiago, baina AirBnB hautatu genuen plataforma nagusia delako”.

Zabaletak hainbat datu azpimarragarri aurreratu ditu. “Lehenengo neurketa apirilean egin genuen, eta orduan 1.200 bat etxebizitzako eskaintza zegoen; uztailean, 1.350 ziren. Etxebizitza edo pisu osoak dira horiek. Horrez gain, beste 475 eskaintza zeuden gela bat alokatzeko”. Eskaintzaren kontzentrazioari erreparatuta, Parte Zaharra eta zentroa dira eskaintzaren zati handiena hartzen duten tokiak, bai batez bestekoetan eta bai kopuru osoetan. Gune horietan etxeen %6 eskaintzen dira turistek alokatzeko. Horrez gain, erregistratuta dauden etxeen neurketa egin zuten. “AirBnB-n eskaintza egitean, zuk jar dezakezu erregistratuta zaudela, nahiz eta gezurra izan. Hala ere, eskaintzen diren pisuen %87 ez daude erregistratuta”.

Zenbaki horiek ikusita, ez da erraza asko edo gutxi diren baloratzen; urte batetik bestera zenbateko hazkundea izan den ere ez dute aztertu. “Baina, konparazioa egiteko, argigarria izan liteke Bilbo eta Gasteizekin alderatzea. Gasteizen %1,5era ez da inon iristen, eta Bilbon gehien duen eremuan %3 baino txikiagoa da eskaintza”.

Berez, bere etxea edo etxeko logela bat alokatu nahi duen erabiltzaile partikularrari zuzendutako tresna da AirBnB, baina datuek bestelako joera bat erakutsi dutela azaldu du Zabaletak. “Berez, hori ez zen AirBnB-ren hasierako filosofia, baina gertatu dena da urte oso gutxitan sartu direla bitartekari asko tresna hauetan, eta norbanakoen artekoa izan behar zuen truke horretan negozioa egiteko helburuz sartu direla etxe agentziak eta abar”. Zabaletaren arabera, badira batzuk, plataforma hauen filosofiari jarraituz, etxea alokairuan jartzen dutenak epe motz baterako, edo oporretan dauden bitartean dirua lortzeko. “Baina, aldi berean, ikusten da eskaintzaren %31 hamar lagunen esku dagoela; eta %40, hogei lagunen esku. Horrek erakusten du bitartekariak daudela, ez direla soilik bere etxea eskaintzen dutenak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.