Isiltasunari erreferentziak sortzen

Isiltasunari erreferentziak sortzen

Unai Zubeldia

Emakume lesbianen oso erreferentzia gutxi daude bai literaturan eta bai komikietan”. Eta, hain zuzen ere, Teresa Castro (Donostia, 1968) behar horri tiraka hasi zen Ana Lopez Suarez Burgos fikziozko pertsonaia komikietan irudikatzen. “Bai, komikietan badago emakume lesbianen erreferentziaren bat edo beste, baina AEBetako edo Frantziako errealitatea islatzen dute horiek guztiek. Euskal Herrian bizi den emakume lesbiana bat izaki, begirada gertukoagoa falta zitzaigula ikusi nuen”.

Pertsonaia nagusiaren izenarekin berarekin ere jolas egin nahi izan du Castrok. “Neskak gustatzen zitzaizkiola deskubritu zuenetik, Ana Lopez Suarez Burgos izenari buelta eman eta L.S.B,Ana egokiagoa zela pentsatu zuen Anak”. Donostiarrak “duela urte asko” sortu zuen pertsonaia hori. “Nik neuk irakurri nahi nituen istorioak kontatzeko”. Baina, euskarrien faltan, tarte batean geldirik egon zen proiektua, 2013an Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkartearen aldizkarian komikiak publikatzeko aukera sortu zitzaion arte —elkarte horretako presidentea da egun—. “Gustatu egin zitzaien Anaren pertsonaiarekin sortutako errealitatea, eta bidea egiten hasi ginen”. Gehituk gai orokor bat lantzen du aldizkari bakoitzean. “Eta gai hori Anaren errealitatera ekartzen saiatzen naiz ni; egungo Ana heldua edo ume zenekoa irudikatzen ditut komikietan gaiak lantzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta kanpainaren barruan proiektua aurkeztuta, finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute egitasmorako dirua, eta oso gutxi falta zaie gutxieneko kopurura iristeko. “2.500 ale inprimatuko ditugu 5.100 eurora iristen garenean, eta beste mila inguru dirua biltzeko epea amaitzen denean”. 25 egun falta dira oraindik, 4.800 euro inguru pilatu dituzte dagoeneko, eta 9.500ean dago gehieneko muga. Elkarlanaren ondorioz, norbanako bakoitzak lehen aldiz egiten duen ekarpen berbera egingo du foru aldundiak. “Norbaitek 20 euro eskaintzen baditu, aldundiak beste 20 euro jarriko ditu, baldin eta ekarpenak 100 eurotik beherakoak badira”. Behin kaleratuta, komiki bilduma doan jasoko dute 30 eurotik gorako ekarpena egin duten herritar guztiek. “Eta elkarteetan doan banatuko ditugu beste hainbat ale”.

Hilabeteotako lana baliatuta, beste elkarteekin Gehituren aurkezpen txartel gisa erabiliko dute sortzen ari diren material guztia. “Baina eskoletan, kirol klubetan eta aisia taldeetan baliatuko dugu, sexu eta genero aniztasunaren gaia lantzeko antolatzen ditugun lantegietan bereziki”.

Gaiaren inguruan sentsibilizazioa sortzeko, herriz herri hitzaldiak ematen ari da Castro. Beasainen eman zuen estreinakoa, joan den astelehenean, Eibarren izango da datorren asteartean, eta Donostian ostegunean. Eta, oraingoz, lotuta dauzka Lasarte-Oria —urriaren 17an— eta Basauri ere (Bizkaia) —urriaren 19an—. “Bizitzari umorez aurre egiten saiatzen naiz ni, eta hori islatzen saiatzen naiz komikietan eta hitzaldietan. Baina gai batzuk ez dira samurrak, armairutik irteteko unea edo transexualitatea, esaterako”.

Komikietan, “eta kultur arlo gehienetan” historikoki emakume izatea bera “zama” izan dela azpimarratu du Castrok. “Eta zer esanik ez emakume lesbiana izatea. Zenbatekoa da emakume horien presentzia? %0,1ekoa?”. Gehituko presidenteak aitortu du komikietan aldatzen ari dela errealitatea. “Baina duela hogei urte zenbat komikitan zen protagonista emakumezkoa? Ez dut esan lesbiana, emakumea baizik. Bakar batean ere ez. Pentsa. Orain, jada, bai, orain jada pixkanaka irakur daitezke heroiez haragoko istorioak”. TMEO aldizkaria aipatu du Castrok. “Mamen Morauk bikote lesbiana bat oinarri hartuta egiten duen komiki bat”. Gauzak aldatzen ari dira. “Baina askoz argitalpen gehiago behar ditugu hurrengo belaunaldiek inguruan daukagun sexu aniztasunaren berri izan dezaten”.

Erreferentzien garrantzia

Beste hainbat arlotan bezala, emakume lesbianen kasuan ere arazo bat dagoela uste du komikiaren egileak. “Betidanik pentsatu izan dugu istorioren batean pertsonaia beltzen bat baldin bazegoen pertsona beltzei bakarrik interesatuko zitzaiela istorio hori”. Eta, Castroren ustez, antzeko zerbait gertatzen da emakumeekin eta emakume lesbianekin ere. “Lan hori emakumeek edo emakume lesbianek bakarrik erosiko dutela iruditzen zaie batzuei, eta merkatua mugatzea da hori, noski. Tristea da, baina pentsamendu horrekin bizi gara oraindik”.

Castrok irmo defendatu du emakume lesbianen erreferentzia positiboak edukitzearen garrantzia. “Film edo eleberri askotan euren buruaz beste egiten dute lesbiana horiek, zorigaiztokoak direla uste dutelako”. Horregatik, Gehituko presidentearen ustez, “ezinbestekoa” da erreferentzia positiboak sortzen hastea, “euren nortasuna eraikitzen ari diren gazte horiek beldurrik izan ez dezaten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.