Jolasa baino askoz gehiago

Jolasa baino askoz gehiago

Unai Zubeldia

Jende guztiak daki pala bat hartu eta ping-pongean jolasten, baina mahai tenisa zer den erakutsi nahi dugu guk”. Jolasa eta jokoa. “Guretzat zaletasuna da ping-ponga, eta arautegi zorrotzagoa dauka mahai tenisak”. Leka Enea Irungo mahai-tenis klubeko marketin arduraduna eta entrenatzailea da Maria Rubio (Irun, 1985). Espainiako Ligan maila nagusian ari dira gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak, eta biek ala biek irabaziz ekin zioten ligari joan den asteburuan. Ligako kontuak ahaztuta, bi taldeek Kluben Arteko Europako Kopa izango dute asteburu honetan —Europako bigarren txapelketa nagusia—; Irunen bertan gizonezkoek, eta Grezian emakumezkoek.

Lehia girotik urrun, Irungo Leka Enea ikastetxean hasi zen gorpuzten gaur egun mahai teniseko kluba dena, 1976-1977 inguruan. “Ikasle batzuk irakasle batekin elkartu ziren, zaletasun gisa mahai tenisean jokatu nahi zutela esanez”, azaldu du Rubiok. Ia oharkabean iritsi ziren Espainiako Txapelketak, dominak… “Eta 1984rako klub gisa sortu zen Leka Enea”. Rubiok gogoratu du hasieran oso jokalari gutxi zeudela klubean. “Baina, gaur egun, 40-50 daude federatuta, mailaz maila, hamar ligatan banatuta”.

Horrez gain, mahai-tenis eskola ere badaukate Irunen. “Bai haurrentzat eta bai helduentzat. 70 bat haur eta gazte dauzkagu gure eskolan. Eta beste ehun bat dabiltza eskoletan”. Duela bost bat urte arte Irungo Artaleku kiroldegian aritzen ziren Leka Eneako kideak, harmailen goiko aldean, gune txiki batean; beste ikastetxe bateko gela batera joan ziren gero… “Eta Sonia Etxazarreta teknifikazio gunean aritzen gara egun. Oso egoera onean gaude”. Espainiako maila gorenean eta Europako lehiaketetan jokatu duen Gipuzkoako klub bakarra da Leka Enea.

Maila nagusian ari den gizonezkoen taldea hamahirugarren aldiz jarraian ariko da Europako lehian, eta emakumezkoena zazpigarren aldiz jarraian. “Erregular ari gara azken urteotan”. Taldeen faseko lehiari ekingo diote bihar. “Lau talde ariko dira lehian gizonezkoetan, israeldarrek, azken unean, ez parte hartzea erabaki dutelako”. Ukrainarrak, portugaldarrak eta espainiarrak izango dituzte aurkari Leka Eneakoek. Bihar jokatuko dituzte lehen bi txandak, Irunen, 14:00etan eta 19:00etan, eta etzi hirugarrena, 10:00etan. Ordu eta erditik gorakoak izaten dira partida gehienak, eta hiru puntu irabazi behar izaten dira.

Emakumezkoen kasuan, Greziara bidaia egin beharko dute, eta Herbehereetako bi talde, Portugalgo beste bi eta Greziako bat izango dituzte aurkari. Bi kasuetan, multzoko lehen biek egingo dute aurrera ligaxkaren amaieran. “Begiratu batera, gizonezkoen erronka samurragoa da emakumezkoena baino”.

Ligako hasiera onak Leka Eneari Europan konfiantza emango dion itxaropena dauka Rubiok. “Lehen jardunaldi hauetan ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu behar dugu, bi taldeetan, pixkanaka, gazteak sartuz joateko”. Bi ligetan, orain gutxi arte, bi talde nabarmen indartsuagoak zirela azaldu du irundarrak. “Baina, krisiaren eraginez, azken urteotan asko berdindu da talde guztien maila”. Ligan, hirugarren-laugarren postuari begira dago Rubio —hamabi talde ari dira lehian—, eta argi dauka erronka: “Berriz ere Europako postuetan sartzea, eta, urtero bezala, Espainiako Txapelketan ondo aritzea eta dominak eskuratzea”. Jokalarien rankingari esker lortzen da Txapeldunen Ligarako sailkapena, eta beste hainbat kiroletan ez bezala, ez taldeen sailkapenari esker. “Europako bigarren txapelketan lehiatzeko, berriz, aldakorrak izaten dira baldintzak, baina bost bat talde joaten dira, normalean, Kluben Arteko Europako Kopara”.

Nazioarteko jokalariak

“Harrobiarekin lan egitea” da Leka Enearen erronketako bat, baina klubean badauzkate nazioarteko jokalari batzuk. “Emakumezkoetan, gurekin jokatzen ari da Jin Zhang txinatarra. Euskal herritar batekin ezkonduta dago, hala ere, eta urte asko daramatza gure artean; ia gipuzkoarra da jada”. Ioana Tecla errumaniarra ere Leka Eneako jokalaria da, eta hark ere urte asko daramatza Euskal Herrian. “Irundarrak dira gainerakoak, 14-16 urte artekoak gehienak, duela hiruzpalau urte hasitakoak eta maila txukuna lortzen ari direnak”. Elene Sagardia, esaterako, nazioarteko torneoak jokatzen ari da dagoeneko.

Gizonezkoei dagokienez, Endika Diez gasteiztarra da “taldeko izarra”. Eta Dorde Borcic serbiarra eta Hampus Soederlund suediarra ere Leka Enearekin ari dira lehian. Donostiarrak, hondarribiarrak, Irungoak… dira gainerakoak. Mahai tenisean partida gutxi batzuetarako fitxaketak egiten dituzte sarritan. “Eta hori da Hampusen kasua”. Klub xumea izaki, halakoxea da aurrekontua ere. “Eta ahal dugun moduan egiten ditugu bidaiak. Hegazkinean batzuetan, autoan besteetan”. Hiru jokalarik jokatzen dituzte partidak, eta, entrenatzailearekin batera, lau lagunekoak izaten dira bidaiak. Jolasa eta jokoa, horixe izaten da klub xumeenen eguneroko borroka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.