[Museora] Artzaintzaren Ekomuseoa. Baserri museoen aitzindari

[Museora] Artzaintzaren Ekomuseoa. Baserri museoen aitzindari

Eider Goenaga Lizaso

Lenbur fundazioak dituen bederatzi museoetako bat da Erraizabal baserria. Duela hogei bat urte, Artzaintzaren Ekomuseoa jarri zuten bertan; Gipuzkoan ia inor baserri bat museo bilaka zitekeela pentsatzen hasi baino lehen, Olatz Conde Lenburreko kideak azaldu duenez (Legazpi, 1974). “Garai hartan ez zegoen ez burdinaren museorik ez ezer, soilik burdinola kudeatzen genuen, eta hura jartzen genuen martxan. Orduan pentsatu genuen baserriaren garrantziari eta lanari ez zitzaiola merezitako ikusgarritasuna ematen. Orain bai, orain badaude baserri museoak, eta landa turismoan ohikoa da baserritarrek bisitariei baserria erakutsi eta euren lanaren berri ematea. Baina orduan ez”.

Baserritarrei ideia proposatu zietenean, harrera ez zen oso beroa izan. “Martetik etorri bagina bezala begiratzen ziguten”. Erraizabal baserriko Arantxa Segurolak eutsi zion erronkari. Gazta egiten zuten, eta museoak komertzializaziorako beste bide bat irekiko ziola pentsatu zuen. “Europatik diru laguntza eskuratu, erabiltzen ez zuten ukuilu bat atondu, lau kutxa ipini, eta hala hasi ginen martxan”.

Ordutik, Segurolak ematen dizkie bisitariei baserriari eta baserrian egiten duten lanari buruzko azalpenak. “2000. urte inguruan beste bultzada bat eman zitzaion; egin genituen obra batzuk, eta proiektu museologiko txukun bat ere bai. Baina filosofia hasierako berbera da, bisitaria baserriaren mundura eta, kasu honetan, artzaintzaren mundura hurbiltzea; eta horretan Arantxa aritzen da, bisitariei nahi beste informazio emanez eta haien galderei gogotsu erantzunez”.

Egun, hiru zati ditu Artzaintzaren Ekomuseoak. Lehena ikus-entzunezkoen gela da, eta hor artzaintzaren historia eta garrantzia azaltzen duen bideo bat ikusten dute bisitariek. “Gune irekia eta argia da, eta tailerrak eta umeentzako ipuin kontaketak ere bertan egiten dira”. Bigarrena museoa bera da. “Museo etnografikoa litzateke; baserriaren eta artzaintzaren gaia lantzen da hango pieza, maketa eta abarrekin”.

Eta, bisita amaitzeko, arditegia. “Baserriaren kanpoan dago arditegia, baina bisitariak bertara eramaten ditu Arantxak. Han ardien zaintzari buruzko azalpenak ematen ditu, baina baita gazta nola egiten duten eta garai batean nola egiten zuten erakutsi ere”. Eta otsail-martxo-apiril inguruan, pare bat hilabetez, Artzaintxo Egunak egiten dituzte, arkumeak jaiotzen diren garaia dela aprobetxatuz. “Oso bisita bereziak izaten dira, batez ere umeentzat. Bisita horiek hasten dira arkumeak jaiotzen hasten direnean, eta umeek kumeak ikusi, ukitu eta biberoia emateko aukera ere izaten dute. Zenbaitetan arkumea jaiotzen ere ikusi izan dute. Umeek primeran pasatzen dute”.

Baina, Lenbur fundazioak kudeatzen dituen museoek Burdin Harana osatzen dutenez, Erraizabal baserrian bi munduen arteko “lotura” ere azaltzen diete bisitariei. “Garai batean hemen ez zegoen besterik, baserri eta burdinola pila bat, eta bi munduen arteko liskarrak eguneroko ogia ziren; baserriek lurra behar zuten, baratzerako eta ganaduarentzat, baina burdinolek basoak behar zituzten, zuhaitzetatik ikatza egiteko. Aldi berean, elkarrekin bizitzera kondenatuta zeuden”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.