“Oktoberfest jaiaren atzetik, Europako festarik luzeenak ditugu herrian”

J. M.

Kale Nagusian sortutakoa da Mikel Pagadizabal Pagadi (Villabona-Amasa, 1974), eta gaur egun ere handik metro gutxira du bizilekua. Lekuz aldatzeko aukera izan du, baina Villabona-Amasa aukeratu du, “oso gustura” bizi delako bere herrian.

Nola gogoratzen duzu zure umetako Villabona-Amasa hura?

Dezente aldatu da herria. Hazi egin da, jende gehiago dabil kalean, toki askotako jendea etorri da, eta onera egin du herriak. Beti izan da pasoko herria, errepide ondoan egon dena, eta turismorik ez du erakarri izan. Hala ere, behin ezagutuz gero, badu bere xarma, eta guztiak gonbidatuta zaudete hona etortzera.

Zein duzu txoko kutuna?

Errebote plazari maitasun berezia diogu. Urtean osoan gauza asko antolatzen dituzte bertan, eta mugimendu handia egoten da. Paseatzeko beste hainbat txoko ere baditu herriak.

Kale Nagusian bizi zinen umetan, eta han ibiliko zinen jolasean, ezta?

Han, eta gaur egun Malkar plaza dagoen tokian, ikastolaren aurreko parkean. Hor sumatzen da aldea: orain oinezkoentzat da Kale Nagusia, eta lasaiagoa da. Lehen, jolasean hastean, ez genien asko begiratzen autoei.

Ondo moldatzen zara amasarrekin?

Jatorriz, hangoa da amaren familia, eta izaera handiko auzoa izan dela uste dut. Akaso, bertakoak haserretu egingo zaizkit Amasari auzo deituta, eta egia da izaera propioa daukala. Baina ondo moldatzen gara denok.

Inoiz jokatu al duzu errebotean?

Ez. Nire gaitasun fisikoek sekula ez didate utzi errebotean aritzen. Ez naiz oso pilotazalea, baina oso ohiko jarduna da Villabona-Amasan. Lagun batzuk ibili izan dira errebotean, baina niri beldurra eman izan dit, pilotak abiadura handia hartzen duelako. Beti adi pasatzen gara bertatik.

Festa luzeak izaten dituzue…

Uztail erdialdeko asteburu horretan izaten da Garagardo Azoka, eta handik astebetera hasten dira Santioak. Oktoberfest jaiaren atzetik, Europako festarik luzeenak ditugu herrian. Aukeran, bi asteburutan elkartuko nituzke nik, fundamentuzko hiru egun izaten direlako azkenean. Agian polemika sortuko dut herrian, baina luze egiten zait hainbeste jai egun egonda.

Leave a Reply

Your email address will not be published.