Ondareaz gozatzera

Ondareaz gozatzera

Iñaki Lasa Etura

Ondarea eta historia Gipuzkoako herritarrengana hurbilduko dituzte datozen egunotan, 2017ko Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien harira. Bigarren urtez jarraian antolatu du ekinbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak —Europako Kontseiluaren programarekin bat eginez, eta Arabako eta Bizkaiko aldundiekin elkarlanean—. Ondarea eta natura: aukeren paisaia bat da Europako Kontseiluak aukeratutako gaia, eta Paisaia bizi leloa erabili du Gipuzkoako Aldundiak. “Paisaiara gerturatzea izan dugu helburu, faktore askok parte hartu duten hainbat eraldaketaren bidez”, azaldu du aldundiko Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak.

Lurraldeko hainbat herritan makina bat ekitaldi antolatu dituzte ondareari “merezi duen balioa emateko”. Azarora arte iraungo du proiektuak, eta datozen egunotan izango da zer egin:

ZARAUZKO KULTUR
ONDAREAREN IBILBIDEAK
Gaur, 10:00etan, Zarautzen

Ibilbide gidatua antolatu dute, Zarauzko turismo bulegotik abiatuta. Herriko kultur ondarea erakutsiko duen ibilbidea osatzea da asmoa, eta geolokalizazio bidez funtzionatuko duen aplikazio digital bat ontzea. Zortzi ibilbide izango ditu, eta baliagarria izango da Zarauzko kultur ondarea ezagutzeko. Udaleko Kultur eta Turismo Sailak antolatu du.

OIARTZUN, PILOTA JOKO
ZUZENEN TESTIGU
Gaur, 19:30ean; bihar eta etzi, 10:30ean; Oiartzunen

Gaur egun, ezkerparetako esku-huska da euskal pilota modalitate nagusia. Oinarrian, baina, joko zuzenean aritzen ziren pilotariak. Testigantzetan jaso dutenez, hala jokatzeko ohitura handia zegoen Oiartzunen, herrian bertan eta mendietan: herriko plaza, beheko plaza eta pilotasoroak erabiltzen zituzten modalitate luzeetan jokatzeko —bote luzea, laxoa eta errebotea— eta Kontzejupea, estalpekoetarako —pasaka eskuz eta laxoa—. Txost pilota taldeak hitzaldia eskainiko du gaur. Bihar eta etzi partidak jokatuko dituzte: plazan, beheko plazan eta Kontzejupean.

KULTUR PAISAIA: ULIAKO
AIRE TRANSBORDADOREA
Bihar, 10:30ean, Donostian

Uliako aparkalekutik abiatuko dute ibilaldia i2basque sareko kideek. Kultur paisaiaren arrastoak identifikatuko dituzte; bat, zehazki: XX. mende hasierako Donostiako atrakzio parkea. Igeldoko jolas parkea ireki zutenean erabilera galdu zuen. Atrakzio horien artean bat nabarmendu zen bereziki, 1907an inauguratutako aire transbordadorea. Munduan lehena izan zen orain dela 110 urtekoa.

JAIZKIBEL MENDIKO
GOTORLEKUETAN ZEHAR
Bihar, 11:00etan, Hondarribian

Jaizkibel mendiaren gotorlekuak ezagutzeko bisita gidatua prestatu du Arma Plaza fundazioak, Jaizkibelgo Ostatuko behatokitik abiatuta. Gotortutako elementuak, kokaleku estrategikoak, ezaugarriak eta paisaiaren edertasuna erakutsiko dituzte naturaren bihotzean barrena egingo duten ibilbidean.

BERGARAKO LORATEGI
HISTORIKOAK
Bihar, 11:30ean, Bergaran

Garai bakoitzeko helburuen arabera, paisaia eta natura eraldatzen zituen gizakiak. Horren erakusle dira Bergarak dituen lorategi historikoak, gizakiak naturarengan egindako ekintzen lekuko zuzenak. Monumentu gisa izendatua dago horietako bat: XVII. mendeko lorategia. XIX. mendeko lorategi handi eta dotore bat ere badu Debagoieneko herriak. Erdi Aroan du jatorria azken horrek, eta dorre bat inguratzen du. Bisita gidatua antolatu dute Bergarako Udalak eta Laboratorium museoak.

AÑARBEKO BASO
ERRESERBAKO PAISAIAK
Igandean, 10:00etan, Errenterian

Errenteriako eta Donostiako baso publikoetako hariztiak eta pagadiak ezagutzeko aukera paregabea egongo da Aiako Harriko Parke Naturalaren bihotzean, Natura 2000 sare barruan. Fauna aberatsa du, gainera, Añarbeko baso erreserbak: basakatua, orkatza, okil beltza, izokin atlantikoa, sai arrea eta kukulumera, esaterako.

ATXORROTXEKO GAZTELUA
ETA ENEKOREN IBILBIDEA
Igandean, 10:00etan, Eskoriatzan

1118ko dokumentu batean aipatu zuten jada Nafarroako Erresumako Atxorrotxeko gaztelua. Lurralde asko kontrolatzen zituen, eta, batez ere, merkataritzako biderik garrantzitsuenak. Eskoriatzako paisaia kulturalaren zati garrantzitsua da, herriaren sinboloa. Ibilbide gidatua antolatu du udalak.

EZKUTUKO DONOSTIA
TOPATU!
Asteartean, 18:30ean, Donostian

Denboraren joanak eraldatu egin du Donostiako paisaia. Nolakoa izan da aldaketa hori? Zein aldaketa izan ditu Donostiak hiribildu izendatu zutenetik gaur egun arte? Hirian zehar aztarnei segika ibiliko dira San Telmo museoak antolatutako ibilbide gidatuan parte hartuko dutenak. Hainbat galdera erantzungo dituzte: Non daude hiriko aztarna zaharrenak? Zer zen udalaren egungo eraikina udaletxea izan aurretik?… Ondare historiko-artistikoari arreta berezia eskainiko diote ibilbidean.

TOPIC TOLOSAKO
PAISAIAREN ERAIKUNTZAN
Asteazkenean, 20:15ean, Tolosan

Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroak mahai inguru bat antolatu du galdera bati erantzuna emateko asmoz: Topicek nola aldatu du Tolosako paisaia? Arkitektura, ekonomia, kultura eta hezkuntza arloko eragileak gonbidatu dituzte eztabaidara, herritarrekin batera.

GURE PAISAIA ARTISTEN
BEGIRADAREN IKUSPEGITIK
Ostegunean, 18:30ean, Donostian

Mendez mende margolariek Gipuzkoari eta lurraldeko naturari eskainitako begirada aztertuko dute San Telmo museoko Arte Ederretako aretoan. Artista bakoitzak bere garaiaren eta asmoen eraginpean margotu zuen. Hala, hainbat aldaketa antzeman daitezke irudien sinbolismoan eta errealismoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.