Udazkeneko nire heroiak

Danel Agirre

Olagarro alboan bizi da. Kontatu zidanean, hitchcockar eta aztoragarri irudikatu nuen eszena. Zarauzko Musika plazako tabernariek, antza denez, ez dute behin laneguna bukatuta terrazak garbitzeko betekizunik —edo batere gogorik; ez dudala galdetu aitortu behar dut—. Mahaiak eta aulkiak jaso, eta gau osoz zerri uzten dute zorua. Ordu txikien diskrezioa baliatuta, kaioak ostatuen kanpoaldean lur hartzen hasten dira, ogi koskor, oliba hezur eta kakahuete tripakada zain dutela jakinda. Goizeko dianarekin erratz biribildun ibilgailu xelebre horietako bat behingoz pasatu arte irauten omen du hegaztien parrandak.

Kakazte eta erratza ez pasatze kontuetan, ostalari eta bezeroen arteko sinkronizazioa miresgarria da. Olagarro berari entzun nion behin. Donostiara datozen turistek tabernetan tentsioz betetako gerra hotzen bat bizi dela pentsatu behar dute, derrigor. Zerbitzariek pitbull keinuekin hartzen dituzte erronda egiten ari diren turista horiek, eta prezio burugabeekin zigortu. Ordainetan, kuadrilletakoek Harvey, Irma eta Katia izena balute bezala uzten dituzte inguruak.

Kanpoko bisitariak San Sebastian Region-ean benetan barneratu eta Zegama edo Eskoriatzaraino iritsiko balira, barraren bi aldekoen artean gatazkarik ez dela existitzen egiaztatu ahalko lukete. Zikintzearena kiroltzat dugu, ez besterik. Pintxo merkeak irribarre batekin eskaintzen dituzten ostatuei ere paperezko zapiz eta txotxez estaltzen dizkiegu behealdeak. Kostaldeko pasealekuetako ilunabarrean gintonika edaten duenak ere ederki ikasia du mahai azpira ez begiratzea komeni dela, lasaitasuna ez zapuzte aldera. Txankleta edo alpargatekin objektu ezezagunen bat ukituz gero, zirrara ezatsegina Indiana Jonesek sugez eta tarantulaz jositako Tenplu Madarikatuko haitzuloak igarotzean sentitzen zuenaren antzekoa izaten da.

Fenomenoa edaritegi eta jatetxeetara konfinatutakoa balitz, anekdota baino ez litzakete. Donostiako hiru hondartzetan aritzen diren beharginek, ordea, hamar tona hondakin biltzen dituzte goizeroko errondan. Axi Muniain surflari txit atseginak brigada herrikoi bat inprobisatu behar izan zuen Euskal Jai egunez, Zarauzko malekoian ezaxolati botatako ehunka sagardo botila, kutxa eta karro mareak sueltoan dantzan ipin ez zitzan. Udalak toki berean paratu dituen toldo formako paperontziak (nori bururatu zaio herriko postalen protagonista diren horiek zakarrarekin lotzea?) arratsalderako gainezka egoten dira. Eta ez dirudi alkate eta zinegotziak konturatzen ari direnik bazterrak edukiontziz joste hori pedagogia erratua dela. Uko egin diezaiotela kalean uzten dugun zabor oro jasotzeari, ikasi beharko dugu behingoz gure zatia gorde eta etxera eramaten. Txindokiko gurutzean sei kontainer jarri beharko dizkigute laster bestela. Plastikozko belar-meta formakoak, disimulatzeko.

Aurreko lau paragrafo sutuak omenaldi txiki baterako aitzakia baino ez ziren. Besarkada eskaini nahi diet Donostiako hodietan pilatu den komun zulotik oker botatako haurren eskuzapi heze kakatsuz osatutako dozenaka metro kuboko masa garbitzera animatu direnei. Tutueriak lehertu eta guztia guk jatea baino ez genuen merezi. Zuek zarete udazken honetako nire heroiak, beste edonoren aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.