Bidaia soila baino gehiago

Bidaia soila baino gehiago

Unai Zubeldia

Jarrera bat da proiektu hau; gutxienekoekin bidaiatzeko proposamena”. Arkitektoak izaki, Irati (1986) eta Gorane Mendizabal (1982) Ordiziako ahizpek ezinbestean daukate buruan iltzatuta espazioaren ideia. “Behar duzun guztia, baina gehiago ez; hori da gure proiektuaren ideia”. Biek ala biek aitortu dute bidaia “dezente” egindakoak direla, eta bidaia zaleentzat eskaintza erakargarria daukate esku artean: autoarekin batera garajean sartzeko moduko mikrokarabana, Soil izenekoa. “Txikitasunaren ideia azpimarratu nahi genuen izenean ere, eta horregatik aukeratu genuen euskarazko hitz hori”. Eta gehiegi bilatu gabe aurkitu zuten pare-pareko definizioa. “Ingelesez lurra esan nahi duelako soil hitzak. Jolas hori baliatu ahal izan dugu”.

Mikrokarabana 1,5 metro da luze-zabal, eta bikoiztu egiten da zabaltzean. Altueran, berriz, auto baten ohiko altuera dauka bildutakoan, eta hori ere bikoiztu egiten da gero. Barruko egiturari dagokionez, “multifuntzionaltasuna” azpimarratu du Iratik. “Alde batean ohea dago, eta hori ere jaso egin daiteke; sofa bihurtzen da bildutakoan”. Goranek jarraitu du barrualdeari argazkia ateratzen. “Sukaldea dago beste aldean, iturriarekin. Komuna jarriz gero ere, iskina batean egongo litzateke. Eta erdian, mahaia, bil daitekeena. Ohe bihurtzen den sofarekin eta aulki batekin erabili ahal izango litzateke mahai hori”.

Mendizabal ahizpena proiektua besterik ez da oraindik, baina oso gutxi falta du bidea egiten hasteko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta programa baliatuta, crowdfunding bidez finantzatzen ari dira egitasmoa. “Aldundiak berdindu egiten du norbanakoek egiten duten ekarpena”, azaldu du Goranek —ekarpenak 100 eurotik beherakoak badira—. “Iaz ekin genion bideari, eta uste baino babes handiagoa lortzen ari gara; eskerrak eman beharrean gaude”. Urriaren 24ra arteko epea daukate zehaztutako gutxieneko diru kopuru hori lortzeko, eta, behin pauso hori emanda, abenduaren 2ra arte luzatuko litzaieke gehienezko mugara iristeko epea.

“Proiektua gauzatzeko aukera izango genukeela, hori esan nahiko luke gutxieneko diru kopurura iristeak. Ateak, paretak, itxiturak, lotarako lekua… Hori guztia eraiki ahal izango genuke horrekin”. Egoerarik hoberena iritsiz gero, berriz, proiektuari ekarpen gehiago egiteko aukera izango lukete. “Beharrezkoa den energia guztia eguzki plaken bidez lortzea, beregaina izatea, sukaldea eta komuna instalatzea…”. 7.170 eurokoa da gutxieneko kopurua, 16.345 eurokoa gehienez lor dezaketena, eta 6.220 euro zeuzkaten bilduta atzo eguerdira arte.

Australiako ereduari begira

Biek ala biek adierazi dute karabana desberdin asko ikusi dutela. “Baina horrelakorik ez dugu aurkitu inon”, azaldu du Goranek. “Australian-eta badaude euri estiloko egitura batzuk, oso txikiak, goraka estutuz joaten direnak”, Iratirena da esana. “Baina egitura horrek kanpoan izaten ditu, normalean, sukaldea eta gainerako gauzak. Ohea besterik ez dauka barruan, eta ezin da bildu; garajearen zatirik handiena hartzen du. Bizimodua kanpoan egiteko pentsatuta dago”. Euskal Herriko eguraldia kontuan hartuta, ordea, sistema hori ez dela oso baliagarria uste dute Mendizabal ahizpek. “Horregatik eskaini nahi dugu aukera karabana barruan egoteko, sukaldean aritzeko…”.

Proiektuak aurrera eginez gero, ahizpen esku legoke eraikuntzaren zatirik handiena, Manex Berzosa Ordiziako ingeniariaren laguntzarekin; inguruko tailerrekin lantaldean ariko lirateke gero egitura osatzeko. “Ahal den neurrian, bertako materiala baliatzen saiatuko gara, egurraren kasuan, esaterako”, zehaztu dute.

Pixkanaka handitzen ari da erdi jolas gisa hasitakoa. “Ordu askoko lana izaten ari da”, aitortu du Iratik. “Baina ilusio handia daukagu. Ikasketa prozesua izaten ari da guretzat ere, eta merezi du”. Proiektuari ekin ziotenean langabezian zegoen ahizpetan gazteena, eta buru-belarri lanean ari da bertan. Helduena, berriz, G+D arkitektura estudioan ari da lanean. “Eta ondoren heltzen diot proiektu honi”. Lehen pausoak ematen ari dira oraindik, baina komertzializazioari ez diote aterik itxi nahi. “Emaitza ona bada, neurri txikian, noski, baina urte batzuen buruan beste hainbat mikrokarabana egitea da helburua”. Ilusioaren izenean, bidaia soil bat baino gehiago da eurena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.