Katalanek gauzak egiten dituzte

Felix Arrieta

Hala zioen Mariano Rajoyk katalanak seduzitzeko helburuarekin orain dela urte batzuk grabatu zuen bideo batean. Maite omen zituen katalanak, “gauzak egiten dituztelako”. Pasa den urriaren 1ean (eta haren segidako urriaren 3an) erakutsi zuen Kataluniak noraino den “gauzak egiteko” kapaz. Noraino, egituratutako gizarte eta erakunde katalanen indar metatzeak, kinka larrian jarri duen Estatuaren egitura eta agerian jarri duen urteetan ezkutuan zebilen eskuin muturreko Espainia bat eta bakarraren diskurtsoa.

Saretzea. Gizarteak saretu eta antolatzeko izan duen indarra, hori izan da urriaren 1eko erreferendumak utzitako emaitzaren arrazoi nagusietako bat, bere arlo guztietan: hiritarrak, elkarteak, alderdiak eta erakundeak. Hau da nire ustez gako garrantzitsu bat: ez da gizartea edo erakundeen lana izan soilik, elkarrekin egindako zerbait baizik. Bakoitzak egin zezakeen ekarpenetik, izugarria izan da antolaketa lana, eta hori inoiz ez bezala bisualizatu da urriaren 1ean. Klandestinitateak bakarrik eman dezakeen adrenalinatik, desobedientzian trebatuak diren CUPekoek melé-ak egiteko teknikak erakutsi zituzten, erakundeek lokalen kudeaketa bermatu zuten eta milaka herritarren borondateak goizeko bostetatik iluntzeko zortzietara ikastetxeak irekita mantentzeko grina suposatu zuen. Gizartetik eta erakundeetatik. Elkarrekin.

Belaunaldi eta klase artekotasuna. Ezaugarri nabaria izan da. Adin eta jatorri ugaritako pertsonak bildu ziren ikastetxe, casal eta zentro guztietan. Gazteak eta helduak, parez pare. Txalo zaparrada toki guztietan adineko pertsona bat bozkatzera iristen zenean. Eta jende ilara luzeak auzune aberats zein txiroagoetan. Nekazariak, profesional liberalak eta fabrikako langileak interes beraren inguruan batuta. Eta hau ez da egun batetik bestera lantzen den ideia.

Markoa eta begirada. Kataluniak Estatuarekiko loturak hautsi dituenaren begirada. Bere izaera propioa definitu duenarena. Bere izana eta izena eraiki dituenarena. Katalanek oso ongi dakite (eta definitu dute) beraien markoa zein den. Independentziaren aurka dauden pertsonek ere parte hartu baitzuten igandeko galdeketa eta mobilizazioetan, Rajoyk azken urteetan eman duen pauso ausartena arestian aipatutako bideoa grabatzearena izan baita, eta horrek, eta nekeak, diskurtso alternatiboa eraikitzeko aukerarik gabe utzi ditu.

Eta orain, zer? Kretinismoak jotako Rajoyren gobernuaren jokabideak alternatiba gutxi utzi du mahai gainean Kataluniaren agertokian. Dagoeneko pasatu da hauteskunde autonomikoen, hitzarmen fiskalen edo beste tarteko akordioen inguruko eztabaida egiteko momentua. Eta poliziaren jokabideak desagerrarazi egin ditu, baten bat bazegoen, sedukziorako aukerak.

Esaldi ezagun bat bada gaztelaniaz, el fuero o el huevo (forua edo arrautza) adierazten duena aukerabide bezala. Katalanei pasatu zaie arrautzaz hitz egiteko garaia. Forua, izaera, horixe da orain jokoan dagoena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.