Lilurak estaltzen diguna

Leire Narbaiza

Aurreko mendean artikuluak idatzi izan banitu folio zuriaren aurreko bertigoa dudala esango nukeen, baina XXI. mendean bizi naizenez pantaila zuriaren aurrean galduta nagoela esango dut. 3.000 karaktere idatzi behar, eta kurtsorea etengabe keinuka bertatik.

Egia esatera, mila ideia dauzkat buelta-bueltaka buruan. Kontua da ia guztiek ardatz bat dutela: Katalunia. Ardatz okerra artikulu baterako, momentu honetan bertan gertatzen dabilena deskribatuko banu letra bidez, ez lidakeelako balioko artikulua argitaratzen denerako. Egun larregi eta ziurgabetasun guztiak. Horretara, ardatz okerra ganorazko edozer hezurmamitzeko.

Abuztutik hona gabiltza, gutxienez, penintsulako ipar-ekialdean gertatzen den guztiari begira adi. Are gehiago, esango nuke hango informazioak ardazten dituela hemengo kazetaritza baten albisteak eta sare sozialetako gure jarduna.

Saihetsezina da han pasatzen ari dena ikaragarria delako. Aitortzen dut ni ere jausi naizela urrunera begiratze horretan; izan ere, aspaldi miretsita nauka herri horrek erakusten duen jokamoldeagatik eta indarragatik.

Hala eta guztiz ere, esajeratu egin dugula uste dut. Askotan topikoetan pentsatzen dudanean, iruditzen zait euskaldunok garela mediterraneoko herria, itsasertz horretako biztanleei egozten dieten odol-berotasun horrek gidatzen gaituelako sarritan. Gogoko zeozer aurkitu, eta fan sutsuak bihurtzen gara, beti erlijio baten beharra izango bagenu bezala.

Kataluniakoarekin ere halako zerbait gertatu zaigulakoan nago. Ez litzateke txarra izango, handik zer edo zer ikasiz gero. Euren esperientzia ikusi, ikasi, hartu, hausnartu, moldatu eta aplikatuko bagenu. Baina hori egitekotan ere, kostata egingo dugu, inpultsoka funtzionatzen dugulako gehiegitan.

Era berean, ekialdera begira egoteak eta atentzio osoa bertan jartzeak beste arazo batzuk lausotu dizkigu, lanbrotu —estali eta ostendu ez esategatik—.

Esate baterako, Euskal Herrian dirauen grebarik luzeena, Bizkaiko zaharren egoitzetako zaintzaileena. Denetatik esan diete: euren soldata laguntza bat zela familian, ipurdi-garbitzaile hutsak zirela… Hori guztia pertsona zaharren zaintzan lan egin, eta emakumeak izateagatik. Egia esatera, akordio bat lortu dute patronaleko talde batekin; baina, hala ere, %40 baino ez du ordezkatzen. Lehen ere nahiko zokoratua protesta, baina lehenengo lerrora salto egiteko aukera izanda, egoerak, berriro ere, hirugarren lerroan.

Lan gatazkekin jarraituta, 36 urteko behargin bat hil zen Erandion hilaren 20an, Cables y Alambres lantegian. Beste langile bat ere hil zen, 48 urtekoa, hilaren 29an Basaurin, zortzi metroko altueratik jausita, Amebil enpresako teilatuan konpontze lanetan ari zela. Egia da lan istripuek ez dutela albistegirik zabaltzen, gertakarien atalean agertzen direla, kasualitatez gertatuko balira legez. Ohitu gara halakoak irakurtzera, zoritxarrez, baina oraingoan ia jaramonik ere ez zaiela egin iruditu zait.

Aurrerago, hilaren 28an, Noelia Noemi 32 urteko andrea hil zuen bere bikotekideak. Gizonak bere buruaz beste egin zuen ostean. Seigarren emakume euskal herritarra da indarkeria matxistak erail duena. Baina ia oharkabean pasatu da, zurrunbiloan galduta, ia oihartzunik barik.

Badugu zer pentsatua. Beste hamaika ere izango dira, ziur, lilurak baztertutakoak. Ilusionatzea ondo dago, baina itsutu barik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.