[Museora] Ur Mara museoa. Paisaia eta artea elkar elikatzen

Eider Goenaga Lizaso

Koldobika Jauregiren lanek paisaia eta ingurunea goratzen dute. Halaber, paisaiak eta inguruneak are ikusgarriago egiten dituzte Koldobika Jauregiren lanak. Museo bat da, ezohiko museoa, inondik ere. Ur Mara izena du, eta Alkizan dago. 11 hektareako lursaila hartzen du, eremu malkartsu eta zuhaitzez betea. Eta, han, arteari tokia egitea erabaki zuten duela sei urte; baina ez soilik Koldobika Jauregiren arteari. Museo irekia da, ez dago lau hormaren artean, edonor sar daiteke bertara eta ikusgai dauden obrekin gozatu. Baina museo irekia da, era berean, beste artisten lanei ere tokia egitea duelako helburu; artea, bere edozein adierazpenetan, eskultura, pintura, musika, literatura…

Ideia duela zazpi urte sortu eta museoa duela sei urte ireki zutela azaldu du Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959), baina museoa bera bezala, proiektua ere irekia denez, sei urteotan haziz, aldatuz eta eskaintza berriak eginez joan dela Ur Mara. “Proiektu hau proiektu bizia izatea nahi genuen, eta hala izan da sei urteotan”.

Ekimen pribatuko museoa da Ur Mara, eta irabazi asmorik gabeko kultur elkarte batek eusten dio egitasmoari. “Normalki instituzioek mantentzen dituzte museoak, eta guk beste egiteko modu bat nahi genuen”. Ez zuten erakunde publikoekiko mendekotasunik nahi, ez ekomikoa, baina ezta irizpideei edo estetikari dagokienez ere. “Hala, Alemanian, Frantzian, Herbehereetan, Belgikan… izan ginen, eta han ikusi genuen bazeudela beste aukera batzuk, beste egiteko modu batzuk, guretzat ohikoa den museo eredutik aldenduta”. Aukera horrek kostuei eta gastuei gehiago erreparatu beharra dakarrela dio artistak, eta ondorioz gauzak gutxinaka-gutxinaka egitera eraman dituela.

Artea basoan

Ur Mara museora Alkizatik joanda sar daiteke, baina sarrera nagusira Asteasuko industrialdetik iristen da. 11 hektarea horietara sartzeko ez da sarrerarik ordaindu behar, eta edozein unetan joan daiteke bisitaria, bai belazean jarritako Jauregiren eskultura handiez gozatzeko —30 inguru daude—, baina baita paseo bat emateko ere. “Gaur bertan korrika pasatu da bat, beste batzuetan zaldi gainean ere bai. Dena da basoa, bertako zuhaitz espezieekin osatua, pinu bakarren bat gelditu zen arren”.

“Nire obra erakusteaz aparte, guk nahi genuen beste artistei bidea egitea eta haien lanak erakustea. Azkenean, hori da polita; nik nire lanak nahikoa ezagutzen ditut, eta niri gustatzen zaidana da besteen lanak ere ikustea. Oraintxe bertan, hiru neska ilustratzaileren erakusketa daukagu ikusgai”, dio Jauregik. Musikak ere badu bere tokia, eta tarteka kontzertuak antolatzen dituzte, baita poesia errezitalak eta hitzaldiak ere. Guztiak doakoak izaten dira. “Soilik tailerrak eta bisita gidatuak kobratzen ditugu”. Kontzertuak eta beste ekitaldiak egiteko, lursail horretan zegoen borda bat egokitu eta negutegi moduko bat atondu zuten. “Pixkanaka joan gara espazioak sortuz”.

Horrez gain, etnografiari ere tokia egiten diote Ur Maran. “Nire lanarekin zerikusia zuten gaiekiko interesa banuen; besteak beste, etnografiaren inguruko kontuetan. Garai bateko harrobi txiki bat eta hiru karobi daude hemen, eta niri gai horrek interesa pizten zidan; nik karea erabiltzen baitut nire zenbait lan egiteko eta performanceetarako”. Ildo hori bisitan joaten diren eskola umeekin lantzen dute maiz. “Azaltzen diegu nola egiten zen ikatza, nola egiten zen karea, eta horretarako maketak eta abar ditugu. Eta, umeekin egiten ditugun tailerren artean, papera egiteko tailerrak izaten du arrakastarik handiena”.

Eskaintza zabala du Ur Marak arte ekoizpenaren ikuspegitik, eta baita ingurumenaz eta paisaiaz gozatzeari dagokionez ere. Hamaika bisita egin litezke biak uztartuta.