“Beti izan gara eskuzabalak; kanpotarrekin banatu ditugu olatuak”

A. Olaizola

Surfeko taulari eskutik helduta bizi da Axi Muniain surflaria (Zarautz, 1982). Munduko hainbat txokotan ibiltzen da olatu handien bila, jaioterria ahaztu gabe, ordea. Kezkatuta dago hondartzak ondo iraungo ote duen.

Zer du Zarautzek horren erakargarria izateko?

Kokapen geografikoak asko laguntzen dio. Bailara handi batean gaude, mendiz inguratuta eta kostari itsatsita. Aberastasun eta erraztasun asko ematen du horrek. Zabala da herria, eta ia denetik aurki daiteke. Batez ere, hondartza da lekurik erakargarriena. Baina bi kilometro eta erdiko hondartza batek bestelako kudeaketa bat eskatzen du eta ez dut uste haren iraunkortasuna lehenetsi dugunik. Uste genuen halako hondartza batek gaitasun mugagabeak zituela. Udan, gainezka ikusten dugu hondartza, eta xarma galduz joan da pixkanaka.

Zarautzek mendiak ere baditu inguruan. Baduzu ohiturarik mendi aldera joateko?

Ez naiz askotan joaten, eta lasterka ibiltzen naiz joaten naizenetan, entrenamenduak egiten ditudalako. Begira nola aldatu diren gauzak: betidanik mendizale amorratua izan da nire aita, eta umetatik mendira eraman izan nau. Baina haren bi semeek gehiago jo izan dugu kostaldera.

Nolakoa da Zarautz surferako?

Oro har, ez da izaten korronte handirik, eta horrek bestelako segurtasun bat ematen du bainurako. Olatu aproposak ditu surfaren hastapenerako eta garapenerako, udaberritik udazkenera bitartean batez ere. Hainbat diziplina landu daitezke bertan, eta elkarbizitzarako aukera bikainak eskaintzen ditu bi kilometro eta erdiko eremu horrek.

Surflariak eta igerilariak nola moldatzen zarete elkarrekin?

Ahal dugun moduan. Ordenantza bat badago bakoitzaren eremuetako ratioak-eta mugatzeko. Baina garbi dago ez dela betetzen. Dirua biltzeko funtzioa besterik ez du horrek. Esaterako, udan ikusi izan ditugu atzerritarrak klandestinoki surfean. Enpresariak etortzen dira iraunkortasuna gainditu dugunean eta guztia beteta dagoenean, eta horrek, elkarbizitza desorekatu, eta turismoa desatsegin bihurtzen du. Zorionez, ordea, Zarauzko surflariak beti izan gara eskuzalabak, eta jakin izan dugu kanpotarrekin olatuak banatzen. Gainera, Euskal Herriko hondartzarik euskaldunena izango da Zarauzkoa, eta harro egoteko modukoa da hori.

Herriko zein txoko duzu gustukoen?

Mollarri ingurua leku kutuna dut. Hango baserri batean jaio nintzen, eta betidanik lotura handia eduki izan dut eremu horrekin. Garai batean, biotopotik gurdian joaten ginen zerriei azpiak aldatzeko hondarra hartzera.

Zerbait gehituko al zenioke Zarautzi?

Gure ohiturei keinu bat egingo nieke. Euskal Jaiak funtsa galtzen ari direla uste dut, eta penagarria da. Karroza lehiaketa egiten genuen lehen, eta merkatuko karroak izotzez beteta ikusten dira egun. Beldur naiz gure ohiturak indartu beharrean kalte egiten ez ote garen ari.

Eta zerbait kenduko zenioke herriari?

Surf eskolak kenduko nizkioke. Neure buruari harrika ari naiz, baina, iraunkortasunaren ikuspegitik, ez dira bideragarriak. Bizi kalitateari eta segurtasunari kalte egin dietela uste dut, eta zerbitzu eskasa eskaintzen dute egun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.