[Museora] Donostiako Elizbarrutiaren Museoa. Eliz-arteari kokaleku berria

[Museora] Donostiako Elizbarrutiaren Museoa. Eliz-arteari kokaleku berria

Eider Goenaga Lizaso

Urte askotan Amara Berriko Familia Sakratuaren elizan egon ondoren (1974tik), iaz Donostiako Parte Zaharreko Santa Maria elizan ireki zuten Donostiako Elizbarrutiaren Museoa. Kokapen berriarekin, obra gehiagorekin eta museografia landuagoarekin, indarberritu egin zuten museoa, eta horren erakusgarri da urtebetean izandako bisitari kopurua: 50.000. Edorta Kortadi (Tolosa, 1946) Santa Mariako erretore eta museoko arduradunak dioenez, kokaleku berria faktore garrantzitsua izan da museoari beste ikusgarritasun bat emateko: “Turista ugari pasatzen da hemendik, baina bertako jendea ere ibiltzen da, bai paseoan bai baxoerdiak hartzen; Parte Zaharrean denetariko jendea ibiltzen da, eta askotan aprobetxatzen dute museoa bisitatzeko”.

Amara Berrin jende gutxik bisitatzen zuen museoa, eta jendea erakartzeko helburuarekin aukeratu zuten kokaleku berria: “Santa Maria eta San Bizente elizak daude inguruan, eta Aquariumak, San Telmok eta Untzi Museoak museo lerro bat osatzen dute. Pentsatu genuen lerro horretan askoz ere hobeto kokatuta geldituko zela Elizbarrutiaren museoa, eta lehen urtean ikusi dugu gure apustuarekin asmatu egin genuela”. Santa Maria basilikako Santa Marta nabean dago museoa, eta Rafael Moneo arkitekto ezagunak eta haren ikasle Pedro Elcuaz arkitekto nafarrak gidatu zituzten tokia egokitzeko obrak.

Ehun obra, hiru garai

Egun, ehun obra dituzte ikusgai erakusketa iraunkorrean. “Obra gehiago ere baditugu, eta inauguratzeko dauzkagu pare bat toki gehiago ere, baina pixkanaka hasi ginen, eta ehun obra horiekin eman genuen lehen pausoa”. Pintura, eskultura eta urregintza eta zilargintza piezak dira, eta hiru aro edo garaitan daude sailkatuta: Erdi Aroa —erromanikoa eta gotikoa—, XII. mendetik XV. mendera; Berpizkundea eta Barrokoa, XVI-XVIII. mendeak; eta arte garaidea, XIX-XX. mendeetakoa. “Museoko pieza zaharrena XII. mendekoa da, eta Santiago erromesaren irudi txiki eta zoragarri bat da, marmol zuriz eginikoa eta Astigarragatik ekarria. Donejakue bidea zegoen. Gure museoko harribitxia da. Sartu eta berehala daukagu jarrita, bitrina batean”, azaldu du Kortadik.

Berpizkunde garaiari dagokionean, El Grecoren obra bat nabarmendu du Kortadik: Los Estigmas de San Francisco de Asis. “Baina, garai horretan, Euskal Herrian eta, batez ere, Gipuzkoan, eskultore oso garrantzitsuak izan ziren: horren adibide, Anbrosio Bengoetxea edo Juan de Antxeta eskultoreen lanak ditugu ikusgai. “Arte garaikidearen atalean, besteak beste, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillidaren obrak dauzkagu museoan, eta baita Juan Luis Goenaga, Julio Beobide, Xabier Egañarenak… ere”.

Kortadiren esanetan, obrak aroka sailkatzearen atzean ez dago soilik lanak kronologikoki ordenatzeko asmoa. “Guk erakutsi nahi duguna da nola mendeetan zehar, urteen poderioz, aldatzen joan den eliz-artea. Beti irudikatu izan dira bai Jainkoa, bai Andra Maria, bai santu ezberdinak… baina garai bakoitzean ezberdin irudikatu dituzte, eta aro bakoitzak bere begiekin begiratu ditu. Gauza berbera ezberdin interpretatu edo ikusi izan da, garaiaren arabera , eta hori oso argi ikusten da erakusketan”.

Ikusgai dauden obrek txarteltxo bat dute aldamenean, eta bertan obraren inguruko azalpen bat ematen da; zein garaitakoa den; egilearen izena, ezaguna bada; eta baita nondik ekarritako obra den ere. “Izan ere, hemen dauden obra guztiak elizetan, ermitetan eta komentuetan zeuden, baina baita etxe partikularretan ere. Gero eta jende gehiago ari zaigu etortzen artelanak ekartzera, guk museoan jar ditzagun. Azken urte honetan, eta batez ere pinturari dagokionean, obra oso on batzuk ekarri dizkigute”.

Kortadik azaldu du, ordea, ermita, komentu edo elizetan obrak ez zeudela ikusgai jarrita. “Almazenetan, sakristietan eta gordeta zeuden obrak dira denak. Guk horiek guztiak hartu, berritu eta jendeak ikus ditzan ipini ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.