Euskal karaokerik luzeena

Euskal karaokerik luzeena

Loinaz Agirre

Euskaldunen izaeraren parte garrantzitsuak dira erronka eta kantua. Bi osagai horiek uztartuta, eta euskararekin bat eginda, egitasmo berezia aurkeztu dute Zaldibian: Izan Kantuz herri erronka. Mahai gainean jarrita daukate proposamena, munduko marka lortzeko helburuarekin: “Zaldibian baietz 26 orduz jarraian euskaraz abestu!”. Tokia eta eguna zehaztuta dauzkate jada: Zaldibiako Herri Antzokian, azaroaren 10eko 18:00etatik azaroaren 11ko 20:00etara.

Belaunaldiz belaunaldi, zortzi dinamizatzailek osatutako taldea ari da antolaketan: Jon Luloaga, Daniel Beloki, Ihintza Regil, Goiatz Gorostiza, Iñigo Etxeberria, Uxue Zumalde, Agustin Mujika Takolo eta Maialen Mendizabal. Garai batean Lasarte-Orian egin ohi zuten euskararen 24 orduko maratoia eredu hartuta garatu dute Izan Kantuz egitasmoa. 24 orduz euskaraz hitz egin beharrean, 26 orduan etengabe ariko dira garai eta era guztietako euskal kantak abesten. Teknikoki bideragarria delako finkatu dute ordu kopuru hori, hasiera eta bukaera orduak egokiak izan daitezen.

Herri erronka moduan proposatu dute egitasmoa, belaunaldi arteko ekintza parte hartzaile gisa. Izan ere, euskal kantagintza tresna gisa hartuta, belaunaldi desberdinetako “sentimendu eta bizipenak berreskuratzea, trukatzea eta elkartzea”, horiek dira Izan Kantuz egitasmoaren helburuak. Horrekin batera, kantagintzaren bidez euskararen balioa azaleratu nahi dute zaldibiarrek.

Herritarrek erronka euren egin dezaten egitasmoa gizarteratzen eta ezagutarazten ari dira orain. Lardizabal herri eskolan izanak dira, dagoeneko, eta ziurtatua dute bertako ikasleen, irakasleen eta gurasoen parte hartzea. Haurrek ere garbi daukate, “lortuko dugu!” oihuekin bukatu zutelako aurkezpena.

400 kantuko zerrenda osatua dute antolatzaileek garai eta belaunaldi desberdineko taldeekin. “Talde, estilo eta garaiaren arabera, oreka bilatu dugu abestietan. Kantu jakin batzuk eskatu dituzte batzuek, eta, behin zerrenda osatuta, karaokeak osatuz joan gara”, zehaztu du Eider Jauregik, komunikazio arduradunak. Karaoke formatuan abestuko dituzte kantuak; hau da, abeslariek aurrean izango dituzte hitzak une oro. Egitarau moduko bat osatuko dute antolatzaileek, eta aurrez zehaztuta egongo da abestien ordutegia.

Abestia aukeratu eta aurretik izena eman beharra dago erronkan parte hartu ahal izateko. Gehienez, hiru pertsona egon ahal izango dira aldi berean oholtza gainean. “Lotsa uxatzeko nahiz taldea osatzeko laguntza nahi izanez gero, gure dinamizatzaileak prest egongo dira abeslariekin batera kantuan aritzeko”.

Beste baldintza bat ere bete behar da erronkan parte hartu ahal izateko: abeslarietako bat zaldibiarra izatea. “Ekintza irekia da, eta posible da Zaldibiatik kanpokoek ere kantatzea, baina herritar baten laguntzarekin aritu beharko dute beti”, azaldu du Agustin Mujikak, antolatzaileetako batek. Bertakoak ez direnek antolatzaile taldekoen laguntza izango dute baldintza hori betetzeko. Antolatzaileek aurreratu dutenez, erronka egunean Zaldibian izango dira Gipuzkoako hainbat kantu jira talde. Kantuak entzun eta karaokean trebatu nahi dutenentzat eskuragarri daude abestiak, www.txantxangorria.eus helbidean.

Euskal kantagintzako milaka abestien sortzaileei nolabait eskerrak ematea ere bada Izan Kantuz erronkaren helburua. “Eta, horregatik, azaroaren 10ean eta 11n herrian izango ditugu gure kantagintzaren ardatz izan diren eta izango diren hainbat abeslari”. Zerrenda osoa jakinarazteko goiz bada ere, antolatzaileek aurreratu dute bertan izango direla Zuriñe Hidalgo, Xabier Saldias, Porrotx, Mikel Markez, Abarlotz, Naroa Gainza eta Axier Gozategi.

Teknologia berrien laguntzarekin, gainera, munduko edozein txokotatik zuzenean ikusi ahal izango da Izan Kantuz erronka, streaming bidez. Horrez gain, parte hartzaile guztien irudiak www.zaldibia.org atarian ikusi ahal izango dira ondoren.

Gainerako herriei gonbita

Zaldibiarrek handira jo dute hordagoa, eta munduko marka lortuta biribildu nahi dute asteburua. Official Word Record elkarteak ziurtatuko du 26 orduz, etenik gabe, euskaraz abesten aritu direla Zaldibian. Hala ere, zaldibiarrek marka hori ez dute gorde nahi urte luzez. “Ez genuke nahi ekimen eta ideia hau Zaldibian amaitzerik, eta, horregatik, erronkari heltzeko prest dagoen hurrengo herriaren esku utziko dugu Izan Kantuz ekimenaren jatorrizko ikurra, Santi Ormaetxea zaldibiarrak zurez egindakoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.