Euskararen “zirikatzaileak”

Euskararen “zirikatzaileak”

Unai Zubeldia

Jolasa oso metodo interesgarria da kontzientzia hartzeko eta sentsibilizazioa sortzeko”. Eta Kutxa Ekoguneak horregatik abiarazi du Udazkeneko Euskararen Ginkana Buruntzaldea eta Urola Kosta eskualdeetan, Euskaltzaleen Topagunearekin eta tokian tokiko udal eta elkarteekin elkarlanean. “Eremu formaletan, zabaltzen ari da euskararen erabilera, nolabait esatearren; baina eremu informaletan, aisialdian, jolasean, eremu pribatuagoan… euskararen inguruan gogoeta egin beharra geneukala sentitzen genuen”. Itsaso Olaizola (Donostia, 1973) Kutxa Ekoguneko Euskararen Ginkana proiektuaren arduradunaren azalpena da hori.

Euskararen Ginkanak 2011n ekin zion bideari, Euskal Herri osoko dinamikarekin. “Euskararen bueltan, hizkuntzaren inguruan, jolasaren bidez lehiaketan parte hartzea da helburua”. Oinarrian ez dago lehia. “Jolas itxurakoak direlako probak, ekintzara bideratutakoak, eta herrietan egiten direnak; herrian bertan zabaltzen da lehiaketaren eragina eta oihartzuna”. 12-16 urte arteko gazteei bideratuta dago Buruntzaldea eskualdeko egitasmoa, eta 15-16 urte artekoek parte hartu ahal izango dute Urola Kostan. Sari handiak dauzkate zain parte hartzaileek: Buruntzaldean, 1.000 euroko balioa duen saria jasoko dute irabazleek, eta 500 euroko balioa duena bigarren sailkatuek. Urola Kostan, berriz, 50 euroko erosketa bonua jasoko du finalean parte hartuko duten taldeetako kide bakoitzak, eta 100 eurokoa talde irabazleko kide bakoitzak.

Urriaren 19ra arteko epea dago izena emateko, eta urriaren 23tik azaroaren 10era artekoa izango da lehen fasea, “on line bidezkoa”. Astean proba bat izango dute, gutxi-asko. “Internet eta informazio eta komunikazio teknologiak baliatuko dituzte, baina proba fisikoak ere izango dituzte, herrietan egin beharreko ekintzak”. Eskualde bakoitzeko lau talde onenek abenduaren 1ean eta 2an jokatuko dute euren eskualdeko finala; Buruntzaldekoa, hilaren 1ean, Oronan, Hernanin; eta Urola Kostakoa, abenduaren 2an, Zarautzen. “Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3a, eta, horren aitzakian, eskualdeak elkarrengana biltzea da helburua”. Aurrez aurrekoak izango dira bi final horiek. Eta festarako aitzakia ere izango da Euskararen Ginkana. “Urola Kostan, esaterako, DJ jai berezia egiteko baliatuko dugulako finalaren eguna. Lehiaketan parte hartu duten guztiei dei egingo diegu egun horretan Zarautzera joan daitezen”.

Antolatzaileek Euskal Herritik eskualdeetara gerturatu nahi izan dute ekimena. “Eremuz eremu oso desberdina delako hizkuntzaren errealitatea, eta hainbat udal eta elkartek interesa zeukatelako gai hau euren errealitatera eramateko”. Kutxa Ekoguneak lehiaketaren hainbat esparru landu ditu zazpi urteotan. “Gasteizen, esaterako, eskolen artean antolatu izan dugu lehiaketa, eta hirugarren urtea izango du aurten. Guztiz eskola eremukoa da lehiaketa hori”. Urola Kostan eta Buruntzaldean, berriz, eskola eremutik kanpokoa izango da lehia. “Gazteak eurak izango dira protagonista aisialdi eremuan”.

Donostiarrak azaldu du Urola Kosta, esaterako, “arnasgunea” izan daitekeela euskararen erabileraren esparruan. “Baina hizkuntzaren erabilera informalean gai hori lantzen jarraitu beharra daukagu. Gazte horiek protagonista eta zirikatzaile bihurtu behar dute euren herrietan; dinamikak sortu nahi ditugu herrietan eta eskualdeetan”. Aurten Gipuzkoako bi eskualdek eman dute pausoa Euskararen Ginkanan parte hartzeko. “Baina gustatuko litzaiguke beste hainbatek ere proiektuarekin bat egitea, tokian tokiko egoera bereziari erantzuteko”.

Gazteek gazteentzat egina

Olaizolak azaldu duenez, “hizkuntza ekologia” izango dute ardatz lehiaketako probetan. “Ekogunetik, hizkuntzetara ere ekartzen dugu begirada ekologikoa, eta euskaraz bizitzea praktika-ekologikoa dela nabarmendu nahi dugu”. Euskaraz bizitzea munduko hizkuntza aniztasunari egin dakiokeen “ekarpenik handiena” dela azpimarratu du proiektuaren arduradunak. “Tokikoa, garaikoa eta ekologikoa delako euskara”.

Gazteentzat “proiektu erakargarria” izan daitekeela uste du Olaizolak. “Askotan helduok egiten ditugu gazteentzako proiektuak, baina, kasu honetan, hasiera-hasieratik gazteek eurek parte hartzea da helburua; gazte horiek ematen dutenaren araberakoa izango da Euskararen Ginkanaren emaitza. Irekia eta bizia da proiektua”.

Olaizolaren hitzetan, gaur egun ere beharrezkoak dira zirikatzaileak. “Etorkizunean funtsezkoak izango direlako gazte horiek hartzen dituzten erabakiak”. Inertzien eragina azpimarratu du donostiarrak. “Eskualde euskaldunetan naturala da euskaraz bizitzea, baina ohitura aldaketekin zaila izaten da egoera iraultzea”. Horretan ere lagundu nahi du Euskararen Ginkanak. “Ezin garelako erlaxatu, eta eremu ez-formal horretara ere atera behar dugulako euskara; adin hauetan egiten da hautu kontziente hori. Baikortasunetik abiatuta, jolasetik, diren hori izaten lagundu nahi diegu gazteei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.