“Hau ez da aldaketa, murrizketa baizik”

“Hau ez da aldaketa, murrizketa baizik”

Unai Zubeldia

Egindakoarekin eta egiteko moduarekin daude haserre Andoain, Hernani eta Usurbilgo alkateak. “Dokumentu berria da hau”. Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektua —Tolosari ere eragingo dio—. “Baina udalokin eta herritarrekin harremanetan jarri gabe landu eta onartu dute aurreproiektu hori”. Buruntzaldeko udalen izenean hitz egin du Ana Karrere Andoaingo alkateak (Errenteria, 1965). Urnieta, Astigarraga eta Lasarte-Oriak osatzen dute eskualdea Andoain, Hernani eta Usurbilekin batera. “Aldundiaren eta udalen artean ez da izan inolako komunikaziorik”. Eta zuzenketak egiteko ere “galduta” daudela salatu du alkateak. “Ez dakigulako zein datu dauzkaten esku artean. Ez dakigu zer landu duten, ez genekien ezer lantzen ari zirenik ere, eta oso zaila da ez dakizun horri zuzenketak egitea”. Joan den ostiralean zen amaitzekoa aurreproiektuari zuzenketak egiteko epea, baina aldundiak urriaren 23ra arte luzatu du epea.

Hiru udalek joan den astean salatu zutenez, Lurraldebusen zerbitzua %35 murriztuko dute euren eskualdean. “Ez dute aldatu edo mugitu geltoki jakin bat; ez dute aldatu zati bateko norabidea bakarrik. Kendu egin dituzte hainbat zerbitzu, eta oso larria da hori. Oinarri-oinarrira joanda, hau ez da aldaketa, murrizketa baizik”. Aldundiaren eskumena da Lurraldebus zerbitzua, baina udalak prest zeuden egin beharreko aldaketen inguruan hausnarketa egiteko. “Gu geu gara interesa daukagun lehenengoak, guk ezagutzen dugulako ondoen herri bakoitzean zein behar dauden. Egokitzapenak behar dituzte zerbitzuek; ados gaude”.

Baina Karrerek argi dauka aldundiak zein helbururekin egin duen aldaketa: “Arrazoi ekonomikoak daude atzean, argi eta garbi. Zenbaki jakin batzuk dauzkate mahai gainean, eta horiek gauzatzeko estrategia da hau, bulego batean gauzatutako estrategia. Ibilbideak eta ordutegiak egokitzea gauza bat da, eta murriztea, beste bat”. Buruntzaldeko udalak “kasualitatez” konturatu ziren aurreproiektuari zuzenketak aurkezteko epea amaitzear zela, eta Karrerek berak Marisol Garmendia Gipuzkoako Lurralde eta Mugikortasun diputatuarekin eta Iñaki Prego aldundiko Mugikortasun zuzendariarekin hitzartuta zeukan urgentziazko bilera baliatu zuten ezinegona helarazteko. “Argia izan zen euren erantzuna: ez dute atzera egingo. Datuak dauzkatela esaten digute, hausnarketa egin dutela, eta aldaketak egin egingo dituztela”.

Datu zehatzagoak mahai gainean jarrita, “maiztasuna” murriztu dutela salatu du Andoaingo alkateak. “Eta baita ospitalerako zerbitzua ere. Astean zehar, ordu erdiro geneukan autobusa lehen, eta ordubetero orain. Eta denok dakigu zenbat jendek erabiltzen duen garraiobide hori, bai ospitalera joateko eta baita inguru horretako zerbitzuetan lan egiteko ere. Oso sektore ahula da, gainera”. Hori dela eta, Andoain, Hernani eta Usurbilgo udalek, joan den astean, aldundiaren atarian bertan salatu zuten murrizketa horiek emakumeei eragingo dietela, bereziki.

Horregatik guztiagatik, aurreproiektua mahai gainean jarri eta hizketan hastea eskatu dute udalek. “Zerbitzua nola hobetu daitekeen erabakitzeko. Parte hartze prozesua eskatzen dugu, aldundiarekin eta udalekin batera herritarrek ere iritzia eman dezaten. Oreka bilatzea da gakoa”. Urriaren 23rako zuzenketak aurkezteko asmoa daukate Buruntzaldeko udalek. “Eta, bitartean, zerbitzua zegoen horretan uzteko eskatzen diegu arduradunei”. Aurreproiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertu ondoren idatziko dute behin betiko proiektua. Horren haritik, Karrerek herritarrei dei egin die hala nahi duten guztiek urriaren 23a baino lehen aurreproiektuari zuzenketak egin diezazkieten.

Joan den uztailean N-1 errepidean, Irura parean, izandako autobus istripuaren ondoren hainbat geltoki lekuz aldatzeko eskaera egin zuten hainbat erabiltzailek. “Baina, oraingoz, ez daukate asmorik aldaketarik egiteko. Geltokiren bat ez dago oso gune egokian, baina, oraingoz, gune hori ez da Andoainen kentzekotan diren bost geltokietako bat”.

Oñatiarrak ere, kaltetuta

Buruntzaldeari eta Tolosari bakarrik ez diete eragin Lurraldebusen zerbitzu aldaketek. Debagoienean ere kexu dira urriaren 2an egin zituzten aldaketekin. DG03 eta DG04 ibilbideetan egin ditu aldaketak aldundiak, eta, euren errealitatea kontuan hartuta, egoeraren azterketa azkar bat egin du Irati Etxeberria Oñatiko Udaleko Hirigintza zinegotziak (Oñati, 1977). “Bi aukera eman zizkiguten oñatiarroi, eta guretzat biak ziren txarrak”. Oñatitik igarotzen den zerbitzua, Zumarraga eta Arrasate artekoa, ordu erdiro edo ordubetero izatea ziren aukerak. “Hori izango da herritik igaroko den eskualdeko autobus bakarra; hori hartu beharra dago Zumarraga-Arrasate bidean ez dagoen beste edozein lekutara joateko”.

“Mugikortasuna hobetzea, ibilbideak erraztea eta puntualtasuna bermatzea”, horiek izan dira aldundiaren oinarriak aldaketak egiteko. “Eta, hotzean begiratuta, hala esango du matematikak”. Baina oñatiarren kasuan, esaterako, lehen zerbitzu zuzena zeukaten Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergarara. “Eta dena hankaz gora gelditu da orain”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.