[Herriz herri] Zarautz. Oreka bilatu nahian

Ane Olaizola

Gipuzkoako kostaldearen erdigunean dago Zarautz, Urola Kosta eskualdeko udalerririk handiena. 23.000 biztanle baino gehiago ditu, baina uda garaian aise igotzen da biztanle kopurua. Izan ere, turismoa du jarduera nagusietako bat, eta ehunka herritar joaten dira Gipuzkoako hondartzarik luzeenera gozatzera 2,8 kilometro ingurukoa da. Bertako uretan, bat egiten dute bainua hartzera joaten direnek eta herrian hain ezagun diren uretako kirol jarduerek. Hitz gutxitan, honela aurkeztu du herria Mikel Goenagak, Zarauzko EH Bilduren bozeramaileak: “Herri adeitsua da, eta oso erosoa bai bisitarientzat eta bai bertakoentzat. Jarduera ugari ditu, kulturarekin zerikusia dutenak batez ere”.

EAJren esku dago Zarauzko Udaleko alkatetza, eta Xabier Txurruka da alkatea. Jeltzaleek PSE-EErekin batera osatzen dute udal gobernua, eta EH Bildu da oposizioko indar nagusia. Irabazi Zarautzek, berriz, bi ordezkari ditu udalbatzan. Zarauzko udal gobernuak ez du adierazpenik egin nahi izan Hitza-rentzat, eta, EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, etxebizitzarekin zerikusia daukatenak dira udalak esku artean dituen proiektu garrantzitsuenak. Hain zuzen, 1.095 etxebizitza eraikitzekoak dira Salberdinen, eta babestutakoak izango dira horietatik 575. Aldapetan, berriz, 30 etxebizitza tasatu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta datorren urtean dira eraikitzen hastekoak.

Etxebizitzen prezioetan eragina du Zarautz “herri preziatua” izateak, eta, Goenagaren hitzetan, gazte askok inguruko herrietara joan behar izan dute horren ondorioz. “Gure herrian daukagun arazo larria da hori”. Hala, bozeramaileak iritzi dio dauden etxebizitzak ondo kudeatu beharko liratekeela, gehiago egin beharrean. Izan ere, herriko 11.000 etxebizitzetatik bigarren etxebizitzak edo etxebizitza hutsak dira 2.000 baino gehiago. Udalak hainbat saiakera egin du alokairua sustatzeko, baina EH Bilduko bozeramaileak uste du are indar handiagoa egin beharko luketela arlo horretan.

Santa Klarako trenbide gaineko egungo pasabidea kendu eta lur azpikoa eraikitzea, horixe da udalak martxan dituen beste proiektu estrategikoetako bat. Izan ere, herritarren mugikortasuna eta segurtasuna kontuan hartuta, “gune beltza” izan da pasabide hori, eta, Goenagaren ustez, gune arriskutsu hori “desagertu” egingo da behin lanak eginda. Era berean, tren geltoki berria ere egitekoak dira. Halere, EH Bilduko eledunak azpimarratu duenez, trenbidea bera da Zarautz zatitzen duen “hesi arkitektonikoa”. “Asko baldintzatzen du herria bera”. Hala, arazo horri irtenbidea emateko proiektua landu beharra dagoela uste du.

Merkataritza eta turismoa dira herriaren ekonomia euskarri nagusiak, eta aberatsa da zerbitzuen eskaintza. Alde horretatik, herria “prestatuta” dagoela adierazi du Goenagak.

Zarautz historikoki izan da herri turistikoa, baina azken urteotan bilakaera nabarmena izan dute bisitarien egonaldiek. “Lehen, denbora luzerako etortzen ziren bisitariak; gaur egun, ordea, askoz ere laburragoak izaten dira egonaldiak; egun-pasa etortzen diren bisitariak izaten ditugu gehienbat”.

Eragileak, “lehentasun”

Turismoak etxebizitzetan eta herritarrengan duen eragina kontuan hartuta, koalizioko kideak uste du bidea ireki behar dutela Zarautzek izan behar duen turismo ereduaren inguruan hausnartzeko, eta, besteak beste, oinarrizkotzat jo du turismoa uda garaitik urte guztira zabaltzea. “Finean, turismoak onurak ekarri behar dizkio herriari, eta ez kalteak”. Dagoeneko hasi dira herrian turismoaren “argi gorriak” antzematen. “Eta horrek kalte egiten dio bisitarien eta herritarren arteko elkarbizitzari”. Arazoa oraindik larria ez bada ere, Goenagak premiazkotzat jo du oreka mantentzeko neurriak hartzea.

Jaiengatik ere bada ezagun Zarautz; herriko eta auzoetako jai ugari ospatzen dituzte urte guztian, eta horien artean Euskal Jaiek lortzen dute oihartzunik handiena. Aurten, ordea, antolatzaileek bertan behera utzi dituzte Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde auzoetako Skapa jaiak, udalak hango kontzertuetarako jarritako mugen ondorioz. Ildo horretan, “herri mugimenduen garrantzia” azpimarratu du Goenagak, eta ekitaldi horiek “lehentasunezkoak” izan behar dutela azpimarratu du. “Eragileek herriari ematen dioten bizia da Zarautzek duen altxorrik handiena”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>