Hurbiltasuna ezaugarri

Hurbiltasuna ezaugarri

Eider Goenaga Lizaso

Mendaroko ospitalearen ezaugarri bat nabarmentzekotan, Marbella Garcia ospitaleko zuzendariak (Barakaldo, Bizkaia, 1963) argi du zein den: hurbiltasuna. “Bai ospitaleko langileen artekoa, bai ospitaleko eta eskualdeko lehen arretako zentroen artekoa, eta baita gaixoen eta ospitaleko mediku, erizain eta langileen artekoa ere. Gure tamainak, ez baita ospitale handia, hurbiltasuna eskaintzeko aukera ematen digu, eta hurbiltasun hori garrantzitsua da”. Garciaren hitzetan, garrantzitsua da, bai gaixoarentzat, bai gaixoaren ingurukoentzat eta baita bertan lan egiten dutenentzat ere.

Garcia aurtengo udan hasi zen Mendaroko ospitaleko zuzendari gisa lanean, eta oraindik ikasten ari dela aitortu du; baina harrotasunez aipatu ditu Mendaroko ospitalean egiten duten lana azaleratzen duten datuak. “Ospitale txikia izanik ere, herritar batek jaiotzen denetik hiltzen den arte behar dituen zaintza guztien %90 inguru eskaintzen ditugu Mendaroko erakunde sanitario integratuan [ESI], eta oso datu ona da hori”.

Kirurgiaren arloan, adibidez, ebakuntza zehatz eta konplexu gutxi batzuk kenduta denak Mendaron egiten direla azpimarratu du Garciak. “Donostian egiten dira kirurgia plastikoa, kirurgia kardiobaskularra, neurokirurgia, onkologiako zenbait ebakuntza… Baina maila honetako ospitaleetan egiten diren ebakuntza guztiak egiten dira Mendaron, eta Mendaron egiten diren batzuk ez dira eskualde mailako erietxe guztietan egiten”. Mediku espezialistei dagokienez ere, kirurgia atal horiek kenduta Mendaroko ospitalean denak daudela dio zuzendariak.

Eibarko ospitale berria

Mendaroko erietxeak dituen hutsuneez galdetuta, horiek konpontzeko pausoa jada emana dagoela uste du Garciak: “Oraindik ez dago martxan, baina Eibarko ospitalea errealitate izango da laster, litekeena da hurrengo urtean izatea; eta, horrekin, epe ertain eta luzeko ospitalizazioari erantzungo zaio. Orain, ospitaleratze luzeko gaixoak batez ere Donostiara bidaltzen ditugu”. Hala, Garciak dio Eibarren egiten ari diren erietxeak Mendarokoari ez diola ezer kenduko, alderantziz, bere zerbitzuaren “osagarri” izango dela. “Denek osatuko dugu ESIa”.

Eskualdean badago gaiari buruzko polemika; Eibarren ospitale berri bat eraiki behar zen zalantzan jartzen dute hainbatek, eta hobea litzatekeela zerbitzu bera eskaintzea Mendaroko erietxea handituta eta egokituta. “Hor ezin naiz sartu; erabaki horiek aspaldi hartu ziren, eta nik ez nuen parte hartu. Nik esan dezakedan gauza bakarra da zerbitzu hori beharrezkoa dela, eta ona izango dela Mendaroko ESIarentzat”.

Etorkizunera begirako erronka eta kezkei dagokienez, Mendaroko erietxearen eta, oro har, osasun arloko erakunde guztien kezka nagusia biztanleriaren zahartze prozesuari erantzutea dela azaldu du Garciak, eta horretan ari direla. “Kronizitate estrategia oso bat daukagu zahartze prozesu horri erantzun ahal izateko; eta hori etengabea ari da izaten azken urteetan, ez Mendaron bakarrik, baizik eta Osakidetza osoan. Gure baliabideak, protokoloak, etxean artatzeko zerbitzuak… denak horri begira egiten dira”.

Geroari begira bezala, urteurren ekitaldien prestakuntzari begira jo eta su dabiltza Mendaroko ospitalean. 25 urte bete ditu aurten. Hurrengo astea baliatuko dute ospakizunetarako. Ekitaldi instituzionala 19an izango da; ospitaleko ekitaldi aretoan zientzia jardunaldia egingo dute, eta bertan Mendaroko ESIa erreferentzia duten udal ordezkariak eta osasun autoritate gorenak egongo dira. Egun berean, arratsaldez, ongintza kontzertu bat izango da Eibarko Koliseo antzokian. Hilaren 20ko bazkariarekin amaituko dira ospakizunak; Mendaroko ESIko langile guztientzat izango da bazkaria, eta 25 urteotan aritutako hainbat lankide omendu eta oroituko dituzte. Atzera begirakoa, berriz, astelehenean inauguratuko duten erakusketaren bidez egingo dute; ospitalearen bilakaera argazki bidez erakusten duen erakusketa, hain zuzen.

Eta argazki horietan Imanol Apalategi (Ordizia, 1957) ere aterako da, hura izan baitzen Mendaroko lehen zuzendaria. Hiru urte egin zituen karguan, eta ospitalea martxan nola jarri zuten oso ondo oroitzen du, baita aurreko prozesua ere. “Oso luzea izan zen bidea; obrak geldituta ere egon ziren hainbat urtez. Tarte horretan, denetik egin genuen, eta asko, izugarri ikasi genuen. Arkitektoen lana guk gainbegiratu genuen, ospitaleko mahaiak eta altzariak guk erosi genituen… Edozein arazo zela —baldosak irristakorrak zirela, adibidez— guri tokatzen zitzaigun konpontzea, eta langileen kontratazioa ere gure esku zegoen”. Hainbat une zail izan zirela dio: “Polita izan zen prozesua, baina zailtasunak ere asko izan ziren; ez da erraza ospitale bat martxan jartzea”.

Bazegoen beharra

Mendaro ireki arte Debabarreneko herritarrek Donostiara edo Arrasatera joan behar izaten zutela nabarmendu du Apalategik, eta, “noski”, beharrezkoa zela haiei arreta hurbilagoko bat eskaintzea. “Errepideak asko hobetu dira 25 urtean, baina orduan distantziak oso luzeak ziren”.

Ospitalearen beharrak “hasieratik nahiko argi” zituztela dio. “Premia handiena laborategia egiteak zeukan; izan ere, astebeteko itxaron zerrenda egoten zen odol analisi bat egiteko. Erradiologia etorri zen gero, eta TACak egiteko eskanerra ere bagenuen ospitalea ireki baino lehenago. Gero etorri ziren kanpo kontsultak, eta baita ospitaleratzeak ere. Erditze gelak eta neonatologia unitatea ere jarri genituen, eta horrekin batera, noski, pediatria zerbitzua jarri beharra zegoen”. Denbora gutxian gauza asko jarri behar izan zituzten martxan. “Kontuan hartu, gainera, Mendaron hasi ginenean obrako argiarekin aritu ginela lanean”.

Ospitaleko zuzendari moduan bizi izandako hainbat une ez ditu inoiz ahaztuko Apalategik. Momentu gogorrak aipatu ditu: “Gogoratzen naiz lanera nindoala Antzuola inguruan istripu bat izan zela. Istripuan zauritutakoak Mendarora ekarri zituzten; tamalez, horietako bi izan ziren anatomia patologikoko kameretan sartu genituen lehenak”.

Txarrak oroitu arren, momentu onak eta politak gehiago zirela onartu du, ordea. Baita gertakizun bitxiak ere. “Behin, Ramon Jauregi zetorren ospitalera bisita ofizialean, eta pintxoak jarri behar genituen harentzat. Ospitalean ez genuen mahairik, eta udalak ere ez zituen. Batzokiko mahaietan eman genion jaten”, dio, irribarrez. Egun horretan, Jauregiren bizkartzainek sartzea debekatu zioten Apalategiri. “Gorbata patrikan neraman, eta ez zidaten sinetsi zuzendaria nintzela, eta ez nintzen sartu, zeladore bat etorri eta zuzendaria nintzela esan zien arte”. Mendarora aspaldi ez dela joan aitortu du Apalategik; jarraitu ditu, ordea, erietxearen bilakaera eta nondik norakoak. 25. urteurrena ospatzeko modukoa iruditzen zaio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.