Nire zergak, herrialde bila

Danel Agirre

Alderdi Popularreko ministroekin bat etorri ohi naiz sarri. Gogoan hartzeko moduko esaldi mordoa laga ohi dute. Nire kutuna: “Ez da zergak zorroztasunez ordaintzen dituena baino abertzale handiagorik”. Entzun nuenean aparta iruditu zitzaidan zinez. Norbanakoaren eta bere herrialdearen arteko harreman zibilizatua aldarrikatzen duelako, grinarik gabekoa. Efikazak eta justuak diren erakundeak begirunez lagundu, bandera musukatu beharrean. Biba.

Niri bezala (eskerrak inongo gobernuk ez didan deitzen lanerako), bere teorien neurria ematea kosta egiten zaie ordea gero Alderdi Popularreko ministroei. Espainia horrenbeste maitatzera iristen dira, espainiarrei errespetua galtzen bukatu ohi dute. Herritar heldu moduan jokatzea zaila da, aginpidea hormonak dantzan dituen nerabea bezala portatzen denean.

Autonomoa naiz, eta mila buruhausteren ondoren, ia erabakia dut nire aitorpenak ogasun alemaniarrarekin egiten hastea. Eragozpen praktiko oinarrizko batek eraman ninduen aukera aztertzera: bost urte baino gehiago daramatzat osasun estaldurarik gabe —nire bizitza bai reality extreme-a, eta ez Julian Iantzirenak—. Denborarekin, baina, erakartzen nauena protesta keinua dela jabetu naiz. Erbeste fiskalarekin Zarauzko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Madril zigortu ditzaket. Laurak batera, mugimendu bakarrean, zehatza baita alferraren mailukada. Deskonexio poker horrek oso bero jartzen nauela aitortu behar dut.

Kontatu nizun behin hiruzpalau urte barru, ordurako deportatu ez banaute, herritartasuna ere eska dezakedala Alemanian, espainiarra harrika bidalita. Ez dut baztertzen halakorik, taberna zuloren batean “nahi duzun guztia, baina zure nortasun agiria nongoa da?” galdetzen didan hurrengo memeloa ahoa bete hortz uzteagatik bakarrik bada ere. Trukeak ahuldade nabarmena du, hori bai: Espainiaz arnegatzeko alemaniar egitea heroina lagatzeko ludopata bihurtzea bezalakoa litzateke.

Ez dut nazio bat maitatzeko inongo gogorik, eta Euskal Herri independenteak ere ez lidake eszitazio berezirik eragingo. Hamabi pertsonatik gorako multzoek —saskibaloi taldea, alegia— izutu egiten naute, eta kolektiboarentzat, guztiona den horrentzat sentiberatasun falta erabatekoa dut. Txoria txori-k, BECeko bertso finalak eta garbigailua zentrifugatzen entzuteak antzeko zirrara eragiten didate. Gabezia nirea da, noski, eta ikasi dut harekin bizitzen. Behin amodiorik gabe, askoz gehiago izorratzen nau hil arte errespetatzen ez ditudan herrialdeetan bizi beharko dudan susmoak. Zorionekoa zu, Katalunian paradigma aldaketa bat ikusi duzula pentsatzen baduzu. Ni ez naiz hain baikorra. Zergekin abertzale jokatzeko, giza eskubideengatik —zentzu zabalean— benetako apustua egingo duen estatu bat baino ez nuke nahi. Islandia baino epelxeagoa, ahal bada. Ez dut aurkituko. Ez dugu sortuko.

Atariko adierazpena zein ministrorena zen jakiteko Google-ri galdetu, eta buruak beste behin jukutria gaiztoa egina zidala egiaztatu berri dut. Esaldia ez delako Alderdi Popularreko inorena, Jorge Sanz aktorearena baizik. Fernando Trueba babesten saiatu zen behin, zinemagileak sekula espainiarra sentitu ez dela esateagatik moderazio eta zuhurtziazko igurtzi batzuk jaso zituenean. Lehenbiziko bi paragrafoak zuzenduko nituzke orain, baina zer arraio, horrela geratuko dira, gustura idatzi ditut eta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.