“Orokorrean ez dakigu islama eta islamismoa bereizten”

“Orokorrean ez dakigu islama eta islamismoa bereizten”

Imanol Garcia Landa

Gazteen artean erradikalizazioa saihesteko tailerra lantzen ari da Jatorkin etorkinen aldeko elkartea. Bi saio egin dituzte Tolosan, eta beste bat egitekoak dira Donostian. 14 eta 30 urte arteko gazteentzat da tailerra. Jatorkin elkarteko proiektuen koordinatzailea da Saad Malec Subeir (Asilah, Maroko, 1964), eta hura da tailerreko hizlarietako bat.

Zeini eskainitakoa da tailerra?

Erlijio musulmaneko aitorpena egindako herrialdeetako jatorria duten gazteentzat da batez ere, baina edozein gazterentzat izan daiteke interesgarria. Bestalde, lekuaren eta parte hartzaileen araberakoa izango da tailerra. Zenbait institututan emateko asmoa dugu, adibidez, baina baita kultur etxeetan ere. Ekimen profesionaletako zentroekin ere harremanetan jartzeko asmotan gabiltza, eta baita Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroekin ere.

Zein kontzeptu uste duzue azaldu beharko liratekeela tailerraren bidez?

Etorkinen artean esan ohi da, adibidez, harrera herrialdean ez dela islama ulertzen, baina uste dut gure artean ere ez dela ulertzen. Ez ditugu bereizten islama eta islamismoa. Ez dakigu non bukatzen den islama eta non hasten den teoria wahabista eta fundamentalista hori, Mendebaldean jaiotako gazteak gerran borrokatzera edo atentatuak egitera bultzatu dituena. Zer gertatu da gazte horren buruan, bere bizitza bertan behera utzi eta beste leku batera tiroak botatzera joateko? Tolosan, lehen saioa egitean, argi gelditu zen jende askok ez dituela bereizten islama eta islamismoa.

Zein ezberdintasun dago bi kontzeptu horien artean?

Musulman batek bere bost otoitzak egiten ditu egunean, eta islamaren beste lau zutabeak praktikatzen ditu. Islamista ez da konformatzen horrekin. Islamistak interesa izaten du bizilaguna otoitz egitera meskitara joan den edo ez jakiteko, edo bizilagunen emazteak nola janzten diren jakiteko. Beraz, gizarte kontrol moduko bat egiten du islamistak. Jainkoak babestu egiten duela pentsatzen du musulmanak, eta islamista batek pentsatzen du bera dela erlijioaren babeslea. Islamistak helburu politikoetarako eta boterera iristeko erabiltzen du erlijioa. Islamismo gehiago dagoenean, arazo gehiago izaten da gizartean: delinkuentzia gehiago, ustelkeria gehiago, ezbehar gehiago… Horren adibide da herrialde arabiarren egoera.

Horren inguruan esan nahiko nuke nire ustez Europan ez dagoela islamofobiarik, islamismofobia baizik. Europan immigrazioa indartzen hasi zen 40ko urteetan, eta horiek ere praktikatzen zuten erlijioa. Arrazakeria eta xenofobia existitu izan dira, eta, esaterako, niri ez zidaten erasotzen musulmana izateagatik; bertakoei lana kentzera edo lan baldintzak merkatzera etorri nintzela esaten zidaten niri, baina ez zituzten aipatzen erlijio kontuak. Biltzar asko egiten ari dira islamofobiaren inguruan, baina ikusten dut horrelakoak antolatzen dituzten berberek laguntzen diotela gero Estatu Islamikoari. Existitzen ez diren parametro batzuetara eraman nahi dute eztabaida. Mendebaldeko inperialismoa ez dago islamaren aurka; erabili egiten dute islama, Afganistanen egin zuten moduan. Islamistek eurek sortu nahi dute Mendebaldea islamaren arerio delako eztabaida faltsu hori.

Jihadaren bidea hartzen dute Mendebaldean hezitako gazte batzuek. Gai hori ere lantzen duzue tailerreko saioetan, ezta?

Oso gai konplexua da, eta askok egiten dute galdera hori. Zerbait gertatzen den bakoitzean sortzen da eztabaida hori. Europan jaiotakoak edo umetan Europara etorritakoak dira gazte horiek. XXI. mendeko gizartean bizi dira, baina Erdi Aroan bizi den familia batekin topo egiten dute etxera sartzean. Modu jakin batean hezten dituzte familian, eta bestelako errealitate batekin topo egiten dute kalera irtetean; eta bestelako balio batzuk lantzen dituzte eskolara joaten direnean ere, familiako balioetatik urrutikoak: “Ez elkartu fedegabeekin, horiek txerria jaten dute, alkohola edaten dute, gure kulturarekiko mehatxua dira…”, horrelakoak esaten dizkiete familietan.

Bidegurutzean daudela sentitzen dute kalera irtetean. Ez dute jakiten zein bide hartu, eta buruhauste handia sortzen die horrek. Txikitatik aritzen zaizkie gauza horiek guztiak buruan sartzen, eta hori ez da galtzen; psikologoek esaten duten moduan, inkontzientean gelditzen dira. Eta gaztetan identitate krisian sartzen direnean, umetatik barruan gordeta dauzkaten horietara jo dezakete askok, ordura arteko guztia gaurkotuta. Norbaitek bere aurka egiten badu, pentsatzen has daiteke bestea fedegabea eta bera musulmana delako gertatzen dela hori.

Amek euren seme-alabengan erradikalizazio sintomak ikusteko duten rolari buruz ariko gara tailerraren beste saio batean. Amak daude gertuen haurrengandik. Belgikan eta Frantzian, adibidez, ari dira gai hori lantzen amekin. Hasieratik erradikalizazioaren aurka neurriak hartzeko modu bat da.

Bartzelonako atentatua gertatu ondoren, adibidez, zer eztabaida sortu izan dira musulman erlijioa dutenen artean?

Erantzun berbera izaten da normalean: hori ez dela islama, horiek ez dutela islama ondo ulertzen. Burua makurtzen dute gutxi batzuek; honaino nolatan iritsi garen eta nora goazen galdetzen dute. Kataluniako erasoen ondoren, lehen baino jende gutxiago joaten da gurtza zentro musulmanetara. Lehen, urrutiago ikusten zuten gaia. Zentro horietan edozeinek eman ditzake erlijio edo arabiera klaseak, eta gero eta jende gehiago ari da zalantzan jartzen euren seme-alabei nork erakusten dizkien gai horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.