Prozesu guztia ondo ulertzeko

Prozesu guztia ondo ulertzeko

Unai Zubeldia

Orion? Bisigua. Zumaian? Olagarroa. Getarian? Txakolina… Gehienek, gutxi-asko, antzeko erantzunak emango lituzkete galdezka hasiz gero, herri bakoitza bere nortasuna eraikiz joaten baita pixkanaka-pixkanaka. Euskal Herriko txoko gehienetan gertatzen den moduan, gastronomiari keinuka bizi dira Urola Kostako herri gehienak ere, eta, lotura hori indartzeko, Kosta Gastronomika jardunaldiak antolatu dituzte gaurtik igandera bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak bultzatutako egitasmoa da Kosta Gastronomika, eta Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak dira antolatzaileak. “Urola Kostak gastronomia arloan dituen baliabideak ezagutaraztea”, horixe da helburua, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko presidentearen (Aia, 1973) hitzetan. Orain bi urte eman zuten lehen pausoa, 2015ean. “Tabernaz taberna pintxoak eskaintzea zen lehen mugimendu haren oinarria, baina ez zuen izan arrakasta handirik, eta planteamendua aldatzea erabaki genuen”.

Herri guztien lotura gisa parrilla hartuta, onena bakoitzari bere izaera indartzen laguntzea zela ikusi zuten antolatzaileek. “Eta, horregatik, enbaxadore gisa produktu jakin bat izendatu zuen herri bakoitzak”. Olagarroa Zumaiak, txakolina Getariak, bisigua Oriok, bertako merkatua Zarautzek, eta, lehen sektorearekin lotuta, ardi gazta Aiak. Ikur horiei helduta, iaz hasi ziren bisitak antolatzen. “Esperientzia modukoak dira bisitak. Olagarroa non harrapatzen duten, nola prestatzen duten, txakolinak atzean zenbateko lana daukan, bisiguak zein prozesu eskatzen duen… Egunero produktu horiekin lanean ari direnekin harremana sortzen saiatzen gara beti”. Urte guztian egun jakin batzuetan egiten dituzte bisita horiek, eta turismo bulegoetan eman behar izaten da izena. Gaurtik igandera, ordea, aukera berezia egongo da esperientzia horiekin gozatzeko, eta, tokian-tokian, hainbat beherapen ere egongo dira. “Bisiguaren esperientziak, esaterako, 25 euro balio izaten du normalean, eta 20 euro ordaindu beharko dira asteburu honetan”, zehaztu du Iturainek.

Kanpora joandakoan gastronomia kontuak ezagutu zaleak izaten dira euskal herritar gehienak. “Baina askotan ez gara jabetzen etxean bertan zer daukagun”. Eta, hain zuzen ere, Iturainen ustez, kanpokoentzat bakarrik ez, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrentzat ere bada Kosta Gastronomika. “Elikagai bakoitzaren atzean dagoen prozesu guztiaz jabetzeko aukera eskaintzen du egitasmo honek, eta, noski, produktua dastatu ahal izaten da amaieran. Euskal Herrian garrantzia ematen diogu ondo jateari; oso ezaugarri garrantzitsua da guretzat”.

Aiarrak azaldu duenez, proiektu sortu berria izaki, Kosta Gastronomikaren helburua ez da jendetza erakartzea. “Urtez urteko lanketa egin beharko dugu, baina hainbat ekoizlek jakinarazi digute interesa daukatela mugimendu honetan sartzeko, eta pozgarria da hori”. Esker on gisa, hainbat esperientzia zozkatuko dituzte Kosta Gastronomikan parte hartzen duten guztien artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.