Sei ESItan dago banatuta Gipuzkoako osasun zentroen sarea

Sei ESItan dago banatuta Gipuzkoako osasun zentroen sarea

E. Goenaga Lizaso

Sei erakunde sanitario integratuk (ESI) eta ESI horietatik kanpo dauden beste bi erietxek osatzen dute Gipuzkoako osasun sarea. Erakunde sanitario integratu batek erakunde bakarrean uztartzen ditu eskualde bateko lehen mailako arretako zentroak eta eskualde horretako erietxea, eta ESIak osatzeko asmoa Osakidetzaren 2009ko Plan Estrategikoan agertu zen lehen aldiz. Gipuzkoan, Bidasokoa izan zen lehen ESIa, 2010ean, eta Donostialdekoa —Urola Kostaren zati bat eta Oiartzualdea ere hartzen ditu Donostialdeko ESIak— eta Tolosaldekoa izan ziren sortzen azkenak, 2015ean. Tarte horretan egituratu ziren Debabarreneko, Debagoieneko, eta Goierri eta Urola Garaiko ESIak. Debagoieneko ospitalea eta Zumarragakoa dira ESIen egituratik kanpo gelditzen diren bi ospitaleak.

Hiriburukoa da erakunde integratu handiena eta biztanle gehien hartzen duena. 360.000 herritarri eskaintzen die osasun zerbitzua. Horretaz gain, Donostia ospitalean egiten dira eskualdeetako beste ESIetan egin ezin diren ebakuntza mota batzuk. Donostiaz gain, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Aizarnazabal, Zestoa, Zumaia, Aia, Getaria, Zarautz, Orio eta Usurbil hartzen ditu.

Bidasoko ESIak Irun eta Hondarribia hartzen ditu; eta Debagoienekoak, berriz, Arrasate, Aramaio, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Bergara, Oñati, Elgeta eta Antzuola. Zumarraga eta Legazpiko osasun zentroak (Urola Garaia), Beasain, Ordizia eta Lazkaoko zentroak (Goierri) sartzen dira Goierri-Urola Garaia ESIaren barruan, eta baita Urola Kostako Azpeiti eta Azkoitiko zentroak ere. Azkenik, Tolosaldeko 28 herriez gain, Legorreta (Goierri) eta Andoain (Buruntzaldea) hartzen ditu Tolosaldeko ESIak.

Tolosaldeko kasua salbuespena da besteen artean. Izan ere, ESI guztiek dute eskualde mailako ospitale publiko bat, baina Tolosaldean Asuncion klinika pribatuak betetzen du eskualdeko erietxearen funtzioa. Hitzarmena sinatu berri du Osakidetzak harekin. Eskualdeko udalek, herritarrek eta osasun arloko eragileek urteak daramatzate ospitale publiko bat eskatzen eta salatzen klinika pribatuak ez dituela asetzen eskualdearen beharrak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.