“Ahaztuta daukagu umeen futbola jolasa dela oraindik ere”

“Ahaztuta daukagu umeen futbola jolasa dela oraindik ere”

Ane Olaizola

Umeen futbol partidetan gero eta sarriago ikusten dira gurasoen arteko liskarrak, entrenatzaileen eta epaileen aurkako irainak, edo beren seme-alabekiko jarrera lehiakorrak. Umeek txikitatik futbolean jasaten duten presioaz, lehiakortasunaz eta horien ondorioez ohartarazteko, Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera dokumentala egin zuen iaz Iñaki Ansok (Donostia, 1960). Zarautz kirol elkarteak antolatuta, dokumentala emango dute asteartean, 19:00etan, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko aretoan, eta Ansorekin solasaldia izango da gero.

Zer jaso duzu Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera dokumentalean?

Urte asko daramatzat futbolaren munduan, eta arduratuta nengoen gurasoek seme-alabekin zuten jarrerarekin. Guztiok ikusi izan ditugu irudi tamalgarriak futbol partidetan, eta dokumentala egitea otu zitzaidan gaiaz ohartarazteko eta arazoari irtenbide bat emateko. Futbol munduko hamabi lagun elkarrizketatu nituen: bitartekariak, soziologoak, teknikariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Realeko kideak, Gipuzkoako Entrenatzaileen Elkarteko presidentea… Hainbat ardura dituzten pertsonak dira guztiak, baina esateko asko du bakoitzak.

Zarautz kirol elkartean, futboleko nesken koordinatzailea zara. Partidetan, nolako harremana izaten dute gurasoek eta seme-alabek?

Gurasoak seme-alaben gainean egoten direla ikusten dut. Gaztetxoak, beraz, ez dira batere independenteak. Jakina da futbola goren-goreneko kirola dela, eta, beraz, guraso guztiek uste dute euren umea fenomenoa dela. Gurasoak, azkenean, jeloskorregiak dira seme-alabekin, eta gehiegizko eskakizun bihurtzen da hori. Tamalgarriak dira partidetan ikusten diren irudi batzuk; beldurgarria da kontua. Arlo horretan, Espainiako Estatuaren barruan, eraso fisiko gutxien izaten den lurraldeetako bat da Gipuzkoa, baina hemen ere izaten dira kasuak.

Gero eta gehiago jazotzen al dira halakoak?

Bai. Irudi beldurgarriak ikusten dira eskola kirolean eta umeen partidetan.

Umeek nola bizitzen dituzte halako portaerak?

Haurrari ez zaio gustatzen aita edo ama astakirtenen gisan oihuka ikustea. Epailearen, entrenatzailearen edo umeen euren aurkakoa izan daiteke oihua. Ume batzuek futbolean jokatzeari uzten diote gurasoak une oro gainean izaten dituztelako eta ez direlako eroso sentitzen. Eskakizun maila horrek ez die onurarik egiten psikologikoki.

Zein izan daiteke halako indarkeria kasuen jatorria?

Futbolaren kiroltasunean edo kiroltasun ezean egon daiteke jatorria. Beste kiroletan inondik inora ez da gertatzen halakorik. Bera Bera taldeko kudeatzailea elkarrizketatu nuen, adibidez; futbola izan ezik, beste kirol talde ugari ditu Bera Berak, eta inoiz ez dute izan arazorik gurasoekin. Futbola beste gauza bat da, ordea; guztia hartzen du futbolak, eta une oro ikusten dira jarrera ezkorrak eta errespetu faltak. Umeek ere hori ikusten dute, noski.

Jendeari ahaztu egin al zaio futbolak jolasa dela oraindik ere?

Bai. Hori da honen guztiaren gakoa. Jokalariak maila handiago batera iristen direnean, beste zentzu bat hartzen du futbolak, baina, umeen mailetan, futbola jolasa izaten da artean.

Umeek duten presioa desberdina al da nesken taldeei dagokienez?

Bai, eta badaude estatistikak: aitak zorrotzak dira semeekin, baina ez zorrotzak alabekin; amak, berriz, ez dira zorrotzak ez semeekin eta ezta alabekin ere. Alde horretatik, ondorioz, aitak dauka eraginik handiena semearengan. Interesgarria da hori. Hala ere, bilakaera handia izan du emakumezkoen futbolak, eta, bide horretan, hazi egin dira jarrera negatiboak ere. Emakumezkoen futbolean ere halako irudiak ikusi izan ditugu azkenaldian.

Presio horrek zein ondorio izan ditzake jokalarien ibilbidean etorkizunera begira?

Askok ez dute jarraitu nahi izaten futbolean jokatzen, eta utzi egiten dute. Aurrera egiten duenak, berriz, ez du autonomiarik izango, gurasoak gainean izango dituelako. Askotan, gainera, gurasoak eurak bitartekari bihurtzen dira goiko mailetan. Hego Amerikan, esaterako, ohikoa da hori. Finean, umeei zapuztu egiten zaizkie haurtzaroa eta ikaskuntza prozesua.

Umeei zein balio transmititzen dizkiezue Zarauzko klubean?

Futbolean ondo pasatu dezatela, hori da oinarrizkoa. Balio hiritarrak ematen dizkiegu; adiskidetasunarena, batez ere. Kirola egitea, lagunak egitea eta pertsona gisa heztea da garrantzitsuena.

Zer jakin beharko lukete gurasoek?

Futbola beste edozein jarduera bezalakoa dela pentsatu behar dute semea edo alaba futbol klub batean sartzen dutenean; beste jardueretan transmititzen dizkieten balio berberak transmititu behar dizkiete seme-alabei.

Gipuzkoan ba al dago halako jarrerei buruzko protokolorik?

Gipuzkoan ez da egin lanketarik horren inguruan, eta erakunde publikoek esku hartu behar lukete gai honetan. Bere garaian, jorratu genuen gaia Realarekin eta aldundiarekin, baina bere horretan geratu zen kontua. Bizkaian eta Araban, esaterako, neurriak hartzen dituzte halako kasuetan. Klubek ere konpromisoa hartu beharko lukete hau guztia eragozteko, eta beharrezkoa da guztien artean protokolo bat lantzea eta laguntza guneak sortzea.

Zer ondorio atera duzu dokumentalarekin?

Asko hobetu dezakegula gutxirekin eta kostu ekonomikorik gabe. Borondatea besterik ez da behar.

Leave a Reply

Your email address will not be published.