Azken puntada epaiketarako bidean

Azken puntada epaiketarako bidean

Eider Goenaga Lizaso

Azaroan bederatzi urte beteko dira Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak Balentziaga museoa eraikitzeko obren inguruko ustezko irregulartasunen auziarekin aurrera egitea erabaki zuenetik. Hiru auzipeturekin iritsi da Balentziaga auzia epaiketa bezperara, eta litekeena da epaiketa soilik horietako biren kontra egitea, udan Julian Argilagos arkitekto eta proiektuaren egilea auzi-ihesean deklaratu baitzuen epaitegiak. Mariano Kamio Getariako alkate ohia (EAJ) eta Balentziaga Fundazioko zein Berroeta Aldamar elkarte mugatuko arduradun nagusi izandakoa, eta Argilagosen Hemen Art enpresako Rolando Paciel arkitektoa dira beste bi akusatuak.

Martxoan egin zuten ahozko epaiketaren aurretiazko auzi saioa, Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian. Parteen artean akordioa lortzeko azken aukera zen, baina ez zuten lortu, eta epaiketara bidean jarri zuten auzia.

Auzi saiora, ordea, ez zen agertu Argilagos. 2005. urtean Miamira (AEBak) joan zen bizitzera, eta duela pare bat urte arte Sitgesen (Herrialde Katalanak) zuen bizilekuan jasotzen zituen zitazioak, baina, Argilagosen abokatu Mikel Elorzak dioenez, epaitegiak orain ez du modurik hari zitazioak bidaltzeko. Hori horrela, eta auzi saiora agertu ez zela ikusita, epaitegiak hura bilatu eta atxilotzeko agindu zuen martxoan bertan, eta auzi-ihesean deklaratu zuen udan. Haren kontra bi urtetik gorako espetxe eskaera dagoenez, Argilagos ezin dute auzi-ihesean epaitu, ezinbestean egon behar du presente, eta epaiketak, aurrera egitekotan, hura gabe egingo du. Pentsatzekoa da epaitegiak Argilagos nazioartean atxilotu eta ekartzeko agindua emango duela; inoiz ekarriko balute, epaiketari egin beharko lioke aurre.

Hain zuzen ere, horri buruzko helegite bat da epaiketari data jartzea eragozten duen azken oztopoa. Kamioren abokatuak helegitea jarri zuen epaiketa Argilagos gabe egitearen aurka. Haren arabera, bi akusatuak batera epaitu behar dira, baten parte hartzea ez baitago ulertzerik bestearen parte hartzerik gabe. Helegitea Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Salak ebatzi behar du, eta hark epaiketa bereizita egitea erabakitzen badu, epaiketarako data nahiko azkar hel daitekeela uste du Elorzak.

Zortzi urteko zigor eskaria

Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta 2.234.448 euroko kalte ordaina eskatu ditu Kamiorentzat. Kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dio. Argilagosen kontrako zigor eskaera, berriz, lau urtekoa da, eta dirutan, 2.077.189 eurokoa. Kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea egozten dio. Pacielen kontra soilik lau hilabeteko isun bat eskatu du —3.600 euro—. Arlo profesionalean bidegabe sartzea egozten dio. Fiskaltzaren eskaera berberak egin dituzte herri akusazioek ere (Balentziaga Fundazioak eta Berroeta Aldamarrek).

Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, Kamiok eta Argilagosek 1,2 milioi euro poltsikoratu zituzten administrazioek museoa martxan jartzeko emandako diru publikotik. Horrez gain, jostunaren hainbat lanetan kalteak egitea eta diru publikoarekin gastu pribatuak ordaintzea egozten diete. Fiskalaren arabera, museoa martxan jartzeko prozesuan Kamiok “kudeaketarako, administraziorako eta dirua eskura izateko erabateko boterea pilatu eta baliatu” zuen, eta botere hori Argilagos aberasteko erabili zuen. Fiskalak dio “harreman sentimentala” zutela Argilagosek eta Kamiok —biek ukatu dute hori hala dela—.

Argilagosek Balentziaga Fundazioarekin kontratua izenpetu zuenean, arkitektoak milioi erdi euro inguru kobratuko zuela aurreikusten zen. Fiskalaren txostenak dioenez, baina, Kamiok hainbat faktura puztu eta gauzatu ez ziren kontratuak baimendu zituen, arkitektoak jaso beharreko kopuru hori handitzeko. Fiskalaren arabera, 1,5 milioi euro kobratu zituen azkenean. Argilagosek sumarioan adierazi izan duenez, inondik inora ez zuen halako dirutzarik jaso, eta hainbat lan ordaindu ere ez zizkioten egin. Halaber, fiskalak dio Argilagosi ordaindutako baina hark gauzatu gabeko lanengatik Berroeta Aldamarrek zerbitzu horiek berriro kontratatu behar izan zituela, milioi erdi euro ordainduz.

Azkenik, Kamiok museoaren Urrezko Visa txartelarekin eginiko ordainketak aipatzen ditu fiskalaren txostenak. Gastu pribatuetarako egindakoak guztiak. Besteak beste, Argilagosen emazteari egindako hainbat ordainketa —250.000 euro—, ibilgailuaren konponketa —4.760 euro— eta AEBetara eta Europara egindako bidaiak —10.000 euro—. Balentziagaren obrak hondatu zituztela ere badio, eta kalte horren balioa 152.000 eurokoa dela.

Argilagosi, horrez gain, arkitekto titulua homologatu gabe lan egitea leporatzen dio fiskalak —Kubakoa da, eta Habanan atera zuen titulua—. Arkitektoaren arabera, fundazioak hasieratik zekien titulua homologatu gabe zuela, baina museoaren diseinua berea dela dio, eta, homologaziorik ezaren auzia konpontzeko, beste bi arkitektok sinatu zutela bere proiektua. “Argilagosek ez zuen inoiz ezer sinatu arkitekto gisa”, dio Elorzak.

Miamira bizitzera joan zenean, Hemen Art enpresa utzi zuen Argilagosek obraren kargu, eta bertan egindako lanagatik egozten diote Pacieli arlo profesionalean bidegabe sartzea —arkitekto kubatarra hura ere—.

Erantzukizun politikoa

Epaiketan horiek izango dira karguak eta akusatuak, baina Balentziaga auziak arduradun politikoak ere baditu. Getariako Udala hasieratik zegoen fundazioan, eta gerora sartu ziren Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Horregatik, 2008an erantzukizunak argitzeko ikerketa batzordea jarri zuten martxan Eusko Legebiltzarrean. Hainbat agerraldiren ondoren, ikerketa batzordean, EAJ ez beste alderdi guztiak ados jarri ziren; erantzule nagusia Kamio zela zioen txostenak, baina Jaurlaritzak “erantzukizun politikoa” zuela, diru publikoaren kontrolean “arduragabekeriaz” jokatzeagatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.