Dantza pauso bat integraziorako

Dantza pauso bat integraziorako

Imanol Saiz

Azken urteotan, Kukai dantza konpainiak jendez lepo bete ditu Euskal Herriko antzeztokirik onenak. Tartean, ordea, bestelako egitasmoak sortzeko denbora ere izan dute dantzariek. Elkarlanaren bidetik doa, adibidez, esku artean dutenetako bat: duela hiruzpalau urte bizikidetzari buruzko ziklo berri bat abiatu zuten Errenteriako Udaleko Aniztasun Sailarekin batera.

Integrazioaren aldeko hamaika keinu egin dituzte ordutik. Errenteriako Aniztasunaren Egunaren harira, esaterako, dantza tailer integratzaileak antolatu zituzten herriko kolektiboak elkartzeko. Helburu berberarekin, ziklo horri jarraipena emateko proiektua aurkeztu dute orain: Bizikidantza. Kukai dantza konpainiak Errenteriako Udalarekin eta Goienetxe Fundazioarekin elkarlanean garatuko du proiektua.

Jon Maia Kukairen sortzaile, dantzari eta koreografoak zehaztu duenez, bizikidetza eta dantza hitzen arteko batuketa da Bizikidantza. Horrez gain, bizi eta dantza kontzeptuen arteko hitz jokoa ere islatu nahi izan dute, batak bestearekin duen harremanaren garrantzia nabarmenduta. “Errenteriako kolektiboen arteko bizikidetza sustatzea da gure asmoa, motore nagusia dantza izanik”.

Bizikidantza herri integraziorako proiektua izatea nahi dute, beraz, antolatzaileek. Alde horretatik, ikastaroan Errenteriako herritarrekin elkartuko dituzte adimen urritasuna duten pertsona helduei zerbitzuak eskaintzen dizkien Goienetxe Fundazioko erabiltzaileak. Dantzaren bidez integrazioan urratsa egitea da erronka. “Integraziorako proiektua izatea nahi dugu. Herritarrek elkarri lagunduta, jarduera jakin batean —kasu honetan, dantzan— normaltasunez jardutea da helburua”, Maiaren hitzetan. Bakoitzak dituen gaitasunak izanda ere, entsegu aretoan inor ez da bestea baino gehiago izango.

Gaur abiatuko dute egitasmoa, eta, ekainera bitarte, ostiralero, Niessen kulturguneko hirugarren solairuko entsegu gelan elkartuko dira parte hartzaileak, 11:30etik 12:30era. Doakoa da ikastaroa, eta herritar orok parte har dezakeela jakinarazi dute jardueraren sustatzaileek.

‘Azala azalarekin’

Dantza garaikidea izango da nagusi ikastaroan, eta Nuria Perez Bartzelonako pedagogo eta dantzariak bideratuko ditu eskolak. Perez aditua da tankera horretako zereginetan eta programetan, eta integrazioa eta dantza batu dituen hamaika ikastaro emandakoa da dagoeneko.

Perezek berak zehaztu du ohikotik harago doala erabiliko duten metodologia. Hau da, irakasleak proposatzen dituen koreografiak kopiatu eta behin eta berriz dena ondo atera arte errepikatu beharrean, giharrak erlaxatzeko eta lasaitzeko mugimenduak egingo dituzte gehienbat. Gorputza esnatzea da garrantzitsuena pedagogoarentzat. “Ohikoa baita partaideek mugikortasun arazoak izatea, eta, hortaz, gorputza ohi baino zurrunago izatea”. Dantza pauso errealak sortuko dituzte mugimendu horietatik abiatuta.

“Dantzatu” baino gehiago, “sentitu” hitza erabili du Perezek ikastaroaren funtsa definitzeko. Garrantzi handia emango diote gizakien arteko kontaktuari, eta talde partaidetza sustatu nahi dute horretarako; sentimenduak partekatzeko eremu bilakatu nahi dute saio bakoitza. Azala azalarekin formatua landuko dute partaideen arteko truke fisiko eta emozional horri bultzada emateko. “Adibidez, bi eskuren arteko batuketaren bidez dantza pausoak nola sor daitezkeen irakatsiko dugu”, zehaztu du kataluniarrak.

Ikastaroa gauzatzeko funtsezkoa izango da Goienetxe Fundazioko begiraleen lana. Pedagogoak nabarmendu du ohiko lan eremuekin alderatuta, begirale horiek “erosoago” sentitzen direla dantza ikastaroetan, eta horrek “mesede” egingo diola prozesuari. Errutinatik ateratzeko pausoa da, beraz, partaideentzat zein begiraleentzat.

Kukai dantza konpainiak, Errenteriako Udalak zein Goienetxe Fundazioak ikastaroan parte hartzeko deia egin dute azken egunotan.

Eskola horiek gaur hasiko dituzten arren, aurrerantzean ere zabalik jarraituko du izena emateko epeak. Dantzan trebeak direnek nahiz sekula dantzarako oinetakorik jantzi ez dutenek, denek egin dezakete euren ekarpena. Dantzarako lotsa alde batera utzita, ahalik eta herritar eta kolektibo gehien elkartu nahi dituzte dantza eta sentimendu ikastaroan, modu horretan, denen artean, Errenterian bizikidetzari ateak zabaltzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.