Esperientzien azoka berritzailea

Esperientzien azoka berritzailea

Unai Zubeldia

Urola erdialdeko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehen sektoreko produktuak identifikatu eta eskuragarri izateko saltoki iraunkorra: horixe izan nahiko luke urte amaierarako Azpeitiko Azoka plazan eraikitzekoak diren Elikaguneak, “jatorria, gardentasuna eta erosketa esperientzia pertsonalizatuak” oinarri hartuta. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte Hartzea sailetako zinegotziak (Azpeitia, 1978) azaldu duenez, “denda soil bat baino askoz gehiago” izango da Elikagunea. “Bertako produktuak saltzeko gunea, baina baita harategia, sukaldea eta obradorea edo lantegia ere”.

Labakak adierazi du argi zeukatela saltzeaz gain heziketan ere ekarpena egin beharra zeukala gune horrek. “Bertako produktuez soilik osatutako denda bat bere horretan jada bada heziketarako erakusleiho eder bat, baina, horrez gain, besteak beste sukaldaritza ikastaroak ere eskainiko dituzte kanpora begira egongo den sukalde horretan”. Bertako izaera horri ere jarri diote muga: Azpeitia oinarri hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoiztutakoa izango da Azoka plazan salduko duten elikagai oro. Produktu elaboratuen kasuan, euskal nekazariek ekoiztutakoa izango da lehengai nagusia; osagaien %50 baino gehiago, alegia.

Labakak azaldu duenez, Azpeitiko Udala aspaldi jabetu zen Azoka plaza berritzeko beharraz. “Urte askoan egon zen utzita”. Bi pauso elkarren segidan emanda, proiektua bera berritzea erabaki zuten eraikina berritzearekin batera. “Guretzat Azoka plaza berdura plazie izan da betidanik, eta baserritarrek protagonismo berezia eduki izan dute bertan. Ekonomia sustapena oinarri hartuta, lehen sektorea eduki nahi genuen kontuan etorkizunerako proiektu honetan”. Ahalegin horrekin, herriko plazara eraman nahi dute landa eremua. “Badakigu lehen sektoreak zer-nolako zailtasunak izan dituen historikoki, baina behar-beharrezkoa da herritarrontzat, eta ahalegina egin nahi izan dugu”. Belaunaldi berriak azokara hurbiltzea eta eguneroko eskaintza zabaltzea, horiek dira proiektu berriaren erronketako bi.

Bestela ezin, eta inguruko azokak aztertu dituzte herriko proiektua gauzatu aurretik. “Eta azoka horietako askok merkataritza gune itxura hartu duten sentsazioa izan dugu batzuetan. Guk argi geneukan, ordea, lehen sektorearen aldeko apustua egin nahi genuela, horiei bideragarritasuna bermatzen laguntzeko”. Bide horretan, eredu propioaren alde egin dute Azpeitian. “Eta horrela iritsi gara Elikagunearen proiektura; gune hori Azoka plazaren motor garrantzitsu izan daiteke etorkizunean”.

Hiriburutik begira jarrita, Azpeitian lehen sektorearen egoera onetik gorakoa dela pentsatzeko tentazioa izango dute, agian, batzu-batzuek. “Baina gure egoera ez da Tolosakoa edo Irungoa baino hobea edo okerragoa”. Labakaren ustez, krisi ekonomikoak “gogor” jo du sektore guztietan. “Eta baita, noski, lehen sektorean ere”. Baina belaunaldi aldaketan asmatuz gero, etorkizunera begira jartzeko aukerak egon daitezkeela uste du azpeitiarrak. “Proiektuak horregatik behar du guztion babesa eta laguntza”.

Beharrak eraginda, lehen sektoreko ordezkariak “forma berriak bilatzen” ari direla uste du zinegotziak. “Gero eta kontsumo talde gehiago daude, adibidez, eta aipatu dugun belaunaldi aldaketa horren ondorio ere badira saiakera horiek guztiak”. Eta, hain zuzen ere, horretan ere lagundu nahiko luke Elikaguneak. “Konbentzituta gaudelako posible eta beharrezkoa dela bertako produktuekin lan egitea”.

Sektoreen arteko oreka

Elikagunearen aldeko apustua krisi ekonomikoak gogorren jo zuenean egin zuen udalak. “Gure herrian %17ra iritsi zen langabezia tasa, eta momentu horretan erabaki genuen ahalegin berezia egitea ekonomia sustatzeko”. Azpeitian industriak dauka pisu handiena ekonomia alorrean. “Baina sektoreen arteko oreka lortu nahi genuen, landa eremutik oso gertu bizi garelako Azpeitian bertan eta Euskal Herri osoan. Sektore horrek arlo ekonomikotik haragoko ezaugarriak ditu”.

Udalak apustua egin du. “Eta herritarren garaia da orain, euren erantzunaren araberakoa izango baita bideragarritasuna”. Alde horretatik, “nolabaiteko bermea” badaukatela uste du Labakak, “herriko eragile sozialekin eta baserritarrekin eurekin elkarlanean aritu garelako prozesu guztian”. Lehen sektorea oinarri hartuta, sortzear da “herritarren topagune” izan nahiko lukeen proiektu berritzailea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.