[Museora] Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroa. Kontatzetik, justizia eskatzera

[Museora] Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroa. Kontatzetik, justizia eskatzera

Eider Goenaga Lizaso

Euskal gudariek tropa faxistak atzera egitera behartu zituzten Intxortako frontean (Elgeta), 1936ko urriaren 4an. Lehen aldia zen, Gipuzkoan, halakorik egiten zutela, eta lorpen horrek izan zuen oihartzuna. Eusko Gudariak abestiak honela jasotzen du gertatutakoa: “Arratiarren borroka / izan da Intxortan / Mola ta erreketek / gelditu dira bertan“. Hiru egun geroago, urriaren 7an, lehenengo Eusko Jaurlaritzari sorrera emango zion estatutuak ere oroitu zuen Intxortako frontean izandako arrakasta, eta Elgetako Estatutua deitu zioten. Ondorioz, 1936ko gerra oroitzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko museoa Elgetan egiteak ere bazuen zentzua. 2010ean inauguratu zuten.

“Memoria Historikoaren Museoa sortzearen helburua zen Elgetan, eta oro har Euskal Herrian, 1936ko gerran gertatutakoa kontatzea. Baina, poliki-poliki, bilakaera bat izan da, gertatutakoa kontatzea ez baita nahikoa, eta, egun, justizia eskatzea da museoaren eginkizun nagusietako bat”, dio Iraitz Lazkano Elgetako alkateak (Elgeta, 1987) —udalak kudeatzen du museoa—.

Hala, kontatzetik salatzerako eta salatzetik justizia eskatzerako bide hori egiten ari da orain museoa. “Museoa birmoldatzeko prozesuan sartuta gaude, eta plangintza estrategiko bat egiten ari gara, hain zuzen ere justizia eskaeraren arlo hori indartu nahi dugulako. Frankismoan gertatutako guztia azaldu eta frankismoaren krimenak salatzeko gune bat izatea da xedea, hau ez baita museo bat, besterik gabe”. Lazkanorentzat garrantzitsua da lehenengo gertatutako guztia ezagutaraztea, gero argibideak eskatu, salaketak aurkeztu eta justiziaren bila abiatzeko.

Bi zatiko bisitak

Bi zati ditu Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroaren bisitak. Barrukoa lehena, eta kanpokoa bigarrena. Erakusketa iraunkorra dago museoan. Eta garai hartako egunkariak, gudariek erabilitako armak eta munizioak, txanponak, gerrako frontean topatutako tresnak, ontziak… topa daitezke bertan. “Ohiko museoa da, informazio panelak ditu, eta hainbat objektu daude ikusgai bitrinetan”. Bisitariei bideo bat jartzen diete barruko bisita amaitzeko. “Gertatutakoaren kontaketa egiten da bideo horretan, baina testigantzena da zatirik garrantzitsuena. Beraiek ikusi eta sufritutakoa kontatzen dute hainbat lagunek eta oso testigantza gogorrak dira”.

Izan ere, 1936ko urriko garaipen txikiaren ostean, beste zazpi hilabetez eutsi zion Intxortako fronteak faxisten aurrerapenari. “Intentsitate apaleko gerra izan zen apirilera arte. Orduan, aldatu egin zen gerra mota, hegazkinak-eta garrantzia hartuz joan ziren, eta borrokaldi gogorrak izan ziren apirilaren 20tik 24ra”. Frontea erori zen, baina eutsi izana ordainarazi egin zieten faxistek; hala, borrokan aritutako soldadu frankistei 48 orduz nahi zutena egiteko baimena eman zieten haien agintariek. Bi egunez, hilketak, fusilatzeak, lapurretak, bortxaketak… izan ziren Elgetako frontearen inguruko herri eta auzoetan, eta horietako zenbait gertakari jasoak daude testigantzetan.

Baina Intxorta mendia bera da gerra nolakoa izan zen ondoen islatzen duen gunea, eta hor bost kilometroko ibilbide tematikoa dauka prestatuta Memoria Historikoaren Museoak. “Intxortako fronteko kokaleku garrantzitsuenak daude ibilbide horretan; berreskuratuta ditugu lubakiak, metrailladoreen habiak…”. Toki horretan, urtean behin, Intxorta Eguna antolatzen dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak, orain 80 urte gertatutakoa inork ahaztu ez dezan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.