Bi kolore gehiago izango ditu argazkiak

Unai Zubeldia

Erabakitzeko eskubidearen aldeko laugarren olatua iristear da Gipuzkoara. Gure Esku Dago dinamikaren barruan, Azpeitian, Debagoienean eta Goierrin egin zituzten lehen galdeketak, 2016ko ekainaren 5ean; Oiartzualdean, Tolosaldean, Hernanin eta Astigarragan bigarrenak, joan den martxoaren 19an; Debabarrena, Urola Kosta, Lasarte-Oria eta Usurbil iritsi ziren atzetik, aurtengo maiatzaren 7an; eta Andoainen eta Beizaman egingo dute galdeketa etzi, igandearekin. Pixkanaka-pixkanaka osatzen ari da Gipuzkoako mapa, eta are gehiago osatuko da hurrengo urteko udazkenean, pausoa ematekoak direlako Donostian eta Irunen ere. Ondorioz, Hondarribia, Urnieta, Aia eta Mendaro faltako lirateke galdeketa egiteko.

“Izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar?”. Galdera hori egingo dute etzi Andoainen. Eta, “Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?” Beste hori Beizaman. 15.000 biztanle eskas dauzka Andoainek egun, eta 165 inguru Beizamak. Garbiñe Agirre da Andoaingo Gure Esku Dago dinamikaren arduradunetako bat —Andoain Esan da herriko elkartearen izena—, eta “gogotsu” dago iganderako. “Nire ingurukoek lan dinamika batean sartzeko zeukaten zailtasunaz jabetuta, zalantzaren bat edo beste bageneukan arren, elkartzen hasi ginen urte hasieran, eta Gipuzkoako herri gehienetan egin zutena geuk ere egin egin behar genuela erabaki genuen”.

Bidea egiten hasita, galdeketa eurek bakarrik egitea zen aukera bat, eta beste olaturen batekin bat egitea bestea. Beizamarekin eta Bizkaiko beste 11 herrirekin bat egitea erabaki zuten azkenean. Izan ere, etzi egingo dute galdeketa Areatza, Atxondo, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Ibarrangelu, Leioa, Mundaka eta Otxandion ere.

Galdeketarako galdera erabakitzeko prozesua “interesgarria” izan zela azaldu du Agirrek. “Deialdi irekia egin genuen irailaren 23rako, eta 35-40 lagun aritu ginen hizketan, sei taldetan banatuta”. Andoainen errealitatea aztertzen saiatu ziren. “Eta guztiok ados geunden: parte hartzea lehenetsi nahi genuen. Abertzaletasunaren inguruan egon daitezkeen sentsibilitate ezberdinez gain, ezkerreko beste hainbat ere erakarri nahi genituen”.

Burujabetasunaren ideiari heldu zioten berehala, “oso galdera zehatzak alboratuta”. “Demokratikoa”, “soziala”… termino horiekin ere eztabaidan aritu ziren. “Baina galdera irekia egitea erabaki genuen”. Andoain Esan-eko kidearen hitzetan, galdeketa “independentzia lortzeko bidea” besterik ez dela pentsatuko du “egungo errealitatea ikusi nahi ez duenak”. Baina Agirreren ustez, galderak uzten du “hausnarketarako tartea”.

Helburu gisa ez dute zehaztu baiezkoak ehuneko jakin bat lortzea, eta parte hartzearekin ere ez dute itsutu nahi. “%20ko parte hartzea lortu behar dugula esanez ari dira taldeko kide batzuk, baina asko da hori. Ez da erraza izango”. Andoaingo errealitatea testuinguruan jartze aldera, zeharka Zumarragari begiratu dio Andoain Esan elkarteko kideak. %13,43ko parte hartzea izan zuten han joan den urteko ekainaren 5ean, eta erabakitzeko eskubidearen alde egin zuten %96,85ek. Etzi arte zain egon gabe, aldez aurretik botoa emateko aukera eskaintzen ari dira Andoainen, elkartearen lokalean osatu duten mahaian. “Azaroaren 1a tartean egonda, aste berezia izaten ari da, eta erraztasunak ematen saiatzen ari gara”. Etzi bertaratzeko aukerarik ez daukatenek bihar arteko epea izango dute botoa emateko, Kaleberriko lokalean. “25-30 boto jaso genituen lehen bi egunetan, eta ez dago gaizki”.

Kataluniaren eragina

Kataluniara begira jarrita, prozesu hark Euskal Herriko galdeketen dinamikari nola eragin diezaiokeen zalantza dauka Agirrek. “Prozesu hark lagunduta, Euskal Herrian ere gaiari buruzko interesa izan du zenbaitek, baina erreferenduma, herri galdeketa, independentzia, burujabetasuna… Asko hitz egiten ari gara kontu horiei buruz, baina ez dakit badakigun zehatz zertaz ari garen”. Horregatik, gazteengana iristeko “ahalegin berezia” egiten ari da Andoain Esan elkartea. “Atentzioa eman dit Katalunian gazteak zein jantzita dauden ikusteak; oso diskurtso landua daukate. Hemen ez dakit gazteen artean gaiari buruz zenbat hitz egiten den”.

Bozkatzeko hiru gune jarriko dituzte etzi. “Mahaietan egoteko jendea behar da, berme taldea osatu, ziurtasuna bermatu… Boluntarioak eskatu ditugu, eta talde bikaina sortu da, 60tik gorakoa”. Eguraldi pattal samarra dago emanda iganderako, baina Agirrek parte hartzeko deia egin die herritar guztiei. “Erabakitzeko eskubidearen aldekoei eta kontrakoei. Atera dezagun Andoaingo benetako argazkia”. Argi daukatelako galdeketa ez dela ezeren amaiera. “Oinarri bat eraikitzen ari gara, eta prozesuaren hasieran gaude oraindik”.