“Deigarria da halako herri txiki batean trikitiak eta kulturak duten indarra”

A. Olaizola

Joseba Illarramendi (Zestoa, 1974) 10 urterekin hasi zen soinua jotzen, eta, ordutik, lotura estua izan du musikarekin. Lin Ton Taun taldean hainbat estilorekin uztartu zituen trikiti doinuak, eta iaz trikiti elkartea sortu zuen herrian.

Nolako herria da Zestoa bizitzeko?

Herri txikia da, biztanle gutxikoa, eta oso euskalduna. Hain herri txikia izateko oso bizia dela nabarmenduko nuke; oso aberatsa da musikari eta antzerkiari dagokienez, bereziki.

Musikarekiko lotura handia duzu. Baduzu leku jakinik inspirazio bila joateko?

Sastarrain ibarra dut Zestoako leku kutunena. Ekain ingurua oso berezia da niretzat. Ez dakit inspirazio bila joaten naizen, baina askotan inguratzen naiz hara, paseoan edo korrika.

Mendiz inguratutako herria da Zestoa. Baduzu ohiturarik inguruko mendietara joateko?

Bai, oso mendizalea naiz. Izarraitzera joaten naiz gehienbat, eta, bestela, baita Akua ibarrera, Sesiartera, Agirora eta Ertxinera ere. Aizarna aldea ere oso berezia da niretzat: Santa Engrazia, Etumeta, Ernio, Gasume, Endoia… Mendiz inguratuta gaude, eta aukera pila bat dago.

Zerbaiten falta sumatzen al duzu herrian?

Kultura arloa kontuan hartuta Zestoa herri aberatsa dela esaten dugunean, kultur jarduera guztiak lotuko dituen azpiegitura egoki baten falta sumatzen dut; hau da, kulturgune bat. Izan ere, badaukagu kultur etxe bat, baina duela 30 urtekoa da, eta ez die erantzuten gaur egungo beharrei. Esaterako, ez dago behar bezalako aretorik eta entseguetarako lekurik, eta horrexen falta sumatzen dut.

Horrez gain, naturari dagokionez ere Zestoa oso aberatsa dela esaten dugu beti, baina bidegorri sarean ondo lan egin beharra dagoela uste dut. Alde horretatik, nire ustez auzoak eta inguruko herriak lotu behar dira bidegorriarekin. Zestoa betidanik izan da herri turistikoa: bainuetxea daukagu, eta horrek indar handia ematen dio herriari, noski. Ekainberri ere badaukagu, baina horiek guztiak biribilduko dituzten egitasmoak falta dira. Bidegorria osatzea litzateke horietako bat, eta Zumaiara bizikletaz iritsi ahal izatea litzateke aukera onetako bat.

Kenduko al zenioke zerbait herriari?

Ez nioke ezer kenduko. Gehiago edo gutxiago gustatzen zaizkit zenbait gauza, baina ez dut uste kentzeko ezer dagoenik.

Betidanik musikari lotutako herria izan da Zestoa. Zein da egungo errealitatea?

Indartsu dagoela uste dut. Oso aktibo dabiltza talde batzuk: Grises, Rural Zombies, Rodeo, Ankhar… Bakoitza oso talde indartsua da bere esparruan, baina horiek guztiak lotzeko guneak eta laguntzak falta dira. Ordea, orain dela 25 urte Lin Ton Taun taldea sortu genuenean ere ez genuen eduki halako laguntzarik, eta aurrera egin genuen. Baina egia da halako zerbait falta dela herrian, eta ez musikarientzat bakarrik, baita bestelako kultur jardueretarako ere.

Iaz trikiti elkartea sortu zenuten herrian. Ba al dago zaletasunik belaunaldi berrien artean?

Oso indartsu dago esparru hori. Egun, 29 bat ikasle ari dira trikitia ikasten Zestoako Musika Eskolan, eta hori izugarrizko kopurua da halako herri txiki baterako. Elkartearen sorrerak balio izan du ikasten ari diren ikasleak eta ikasle ohiak berriro batzeko eta egitasmo batzuk elkarrekin egiteko. Deigarria da halako herri txiki batean trikitiak eta kultur mugimenduek daukaten indarra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.