[Herriz herri] Zestoa. Herri txiki, ondare handi

[Herriz herri] Zestoa. Herri txiki, ondare handi

Ane Olaizola

Gipuzkoako iparraldean, Urola Kosta eskualdean dagoen udalerria da Zestoa. 3.740 biztanle zituen iaz, baina demografia txikia izanik ere, azalera handiko herria da —43,69 kilometro koadro ditu—. Biztanle gehienak herrigunean bizi badira ere, sakabanatuta dauden inguruko auzo ugarik osatzen dute udalerria: Aizarna, Akua, Arroagoia, Arroabea, Iraeta, Lasao… Hain zuzen, hori da herriaren berezitasunik nabarmenena Josetxo Mendizabal alkatearen iritziz (Zestoa, 1955): “Herri txikiak bezalakoak dira auzoak, eta hori kontuan hartzekoa da Zestoa bere osotasunean kudeatzeko orduan”. Horretarako auzo bakoitzarekin “ahalik eta harremanik zuzenena” eduki beharra dagoela azpimarratu du alkateak. “Eta konplexua da bakoitzaren eskaerak eta beharrak aurrekontuen arabera lehenestea”.

Kulturari eta historiari lotutako ondare gune zabala du Zestoak. Besteak beste, bainuetxeari esker da ezaguna herria; 1804an ireki zuten, Gipuzkoan martxan jarraitzen duen bainuetxe bakarra da egun. Horrez gain, urtero ehunka bisitari erakartzen dituzte Ekainberri erreplika zentro-museoak eta Lili jauregiak. “Merkataritzarekin batera, turismoa da herriko jarduera ekonomiko nagusia, eta iaztik ahalegin handia egiten ari gara gure izaera eta ondarea merkatura zabaltzen eta euskarri propioak sortzen”. Alde horretatik, aurten Eusko Jaurlaritzaren Itourbask Turismo Bulegoen Euskal Sarean sartu da Zestoako Turismo Bulegoa, eta horrek bisitarien kopurua igotzen lagundu duela gaineratu du alkateak. Mendizabalek jakinarazi duenez, iaz 30.000 bisitari izan zituzten herrian, eta aurten kopuruak %10 gora egingo duela espero dute.

Ondarea ezagutarazteko eta bisitariak erakartzeko bide horretan, eskualdeko turismoa sustatzearen aldeko apustua egin du Mendizabalek: “Ondare garrantzitsua da Zestoa, baina, eskualde mailan, izugarrizko indarra dauka Urolak, eta hori sustatu beharko genuke. Esklusiboa da daukagun ondarea: kobak, Lili jauregia, Loiola, trenaren museoa… Bisitariek beste inon ez dute aurkituko halakorik. Produktu horiek guztiak merkaturatzea lortzen badugu, gero eta indartsuagoa izango litzateke eskualdea, aukera asko baititugu hemen. Asko dago egiteko oraindik”.

Arlo sozioekonomikoa da udalaren beste ardatzetako bat. Horri lotuta, Zestoak Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziarekin bat egin zuen iaz. “Agentzia horren bidez, indar handiagoa daukagu enpresa guztietara ailegatzeko eta langabezia tasa ahal den mailan jaisteko”. Urtebeteko esperientziaren balorazio “positiboa” egin du alkateak, baina emaitzak epe ertainera eta luzera antzemango dituztela azpimarratu du, eta onurak eskualde osoan antzemango dituztela uste du. “Gu berriak gara Garapen Agentzian, baina ondoko herrien esperientziak baliatu behar ditugu gero herrian ezartzeko”.

Agintaldi erdia gaindituta, aurreikusitako “proiektu garrantzitsuenak” martxan daudela azpimarratu du alkateak. Hainbat proiektu estrategiko dauzka udalak; besteak beste, kiroldegia berritu eta handituko dute datozen egunetan. Pilotaleku osagarri bat, gimnasioa, giharrak lantzeko aretoa, balioanitzeko bi gela, harrera, aretoa, bilera gela eta aldagelak berritu eta irisgarritasun arazoak konponduko dituzte. Izan ere, 1976koa da kiroldegia, eta “zaharkituta” geratu dela onartu du Mendizabalek. 1,6 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko diru laguntza emango dio udalari.

Zubimusu auzoa eta Gesalaga kalea lotzeko eta herritarren irisgarritasuna hobetzeko, gainera, igogailua jartzea da udalaren beste plan nagusietako bat. Dagoeneko egina dago proiektua, eta lanak urte amaieran adjudikatzea aurreikusi dute: “Herritarren irisgarritasuna hobetzea ez ezik, Ekainberriko aparkaleku ingurutik zuzenean kalera iristea ahalbidetuko du igogailuak, eskailerarik eta aldaparik igo beharrik gabe”. Horrez gain, argiteria publikoa eta arau subsidiarioak berritzeko proiektuak ditu eskuartean udalak.

Lanak uste baino gehiago luzatu badira ere, joan den hiletik martxan da bainuetxe aurreko autobus geltoki berria ere. “Erabiltzaileen segurtasuna bermatzea izan da geltokia lekuz aldatzearen arrazoia. Geltokia lekuz aldatzeko beharra zegoela ikusi genuen, bainuetxean jende ugari ibiltzen dela eta haien adina handi samarra dela kontuan hartuta, batez ere”.

Arroabeko eskola berria

Auzoetako proiektuei dagokienez, Arroabean eskola berria egitea izan da hango bizilagunen azken urteotako eskari nagusienetakoa. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritza urtea amaitzerako hasiko da lanean, eta udala, dagoeneko, hasi da eskola berrirako azpiegiturak egokitzen. Besteak beste, argindarraren eta uraren kanalizazio lanak ari dira egiten.

Eskola berria eraikitzearekin batera, Urolako bidegorri sarea osatzea izan da auzotarren beste borroketako bat. Izan ere, Narrondotik Arroabera bitarteko tartea soilik falta da Zumarragatik Zumaiara arteko sarea osatzeko, baina prozesua uste baino makalago doala adierazi du Mendizabalek: “Aldundiaren borondate politiko falta sumatzen dut, aurrekontuetan ahalegin txikia egiten duelako eremu honetarako. Gutxi falta da egiteko, eta oso onuragarria izango litzateke eskualde osorako”.

Aurrera begirako erronkei dagokienez, berriz, kultur arloko azpiegitura berritzea izango da udalaren hurrengo pausoa. “Zestoak mugimendu handia du kultur arloan, baina ez dauka horri erantzuteko moduko kultur etxerik. Zaharrak dira egungo azpiegiturak”. Herriko taldeen ekarpenak biltzen hasi dira, dagoeneko, eta datorren urtean hasiko dira proiektua lantzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.