“Legea eskutan, biktimak eta familiak aintzat hartuko dira”

“Legea eskutan, biktimak eta familiak aintzat hartuko dira”

Ariane Vierbücher

Urte askoan borrokan jardun ondoren, Espainiako Kongresuan dago, jada, amiantoaren biktimen konpentsaziorako diru funtsa sortzeko lege proposamena. Eusko Legebiltzarrak aho batez bultzatutako lege proposamena da, eta urriaren 10ean onartu zuen Espainiako Kongresuak. Bidea gelditzen bada ere legea indarrean jarri ahal izateko, aurrerapauso handiak eman dituzte azken asteotan. Biktimak, orain arte, epaitegietako bidea hartzera behartuta zeuden kalte-ordaina jaso ahal izateko, baina amiantoaren biktimen konpentsaziorako diru funtsa sortzeak bide hori erraztu egingo duela sinetsita dago Jon Garcia Asviamie elkarteko kidea (Ordizia, 1954).

Norbaitek esan al zizuen amiantoak minbizia sortzen zuela?

Inork ez zigun esan ezer, eta, hain zuzen ere, hortik dator arazoa. Egunero-egunero langile asko aritu dira amiantoarekin lanean hain kaltegarria zela jakin gabe. Beasaingo CAF enpresako mantentze lanetan ibili nintzen ni neu, eta gure lanean gauza askotarako erabiltzen genuen amiantoa; kableak isolatzeko, gehienbat. Bero egiten zuen tokietan oso ohikoa zen amiantoa erabiltzea, primerako materiala delako elektrizitatea eta beroa isolatzeko. Errusian, Txinan eta Kanadan daude meategi garrantzitsuenak. Munduan zeresan handia daukaten herrialdeak dira guztiak. Negozio handia dago sortuta amiantoaren inguruan; diru asko dago jokoan.

Amiantoa erabiltzen al da oraindik ere?

Oztopo handiak izan ditugu bidean amiantoaren erabilera debekatzeko. Europan, 80ko urteetan, Suedia izan zen neurriak hartu zituen lehen herrialdeetako bat. Beraz, ordurako bazekiten, nonbait, kaltegarria zela. Dena den, amiantoarekin lanean jarraitu genuen hemen. Mundu mailan, gaur-gaurkoz, leku askotan erabiltzen da oraindik. Europa osoan, AEBetan eta Hego Amerikako zenbait herrialdetan bakarrik dago debekatuta amiantoa erabiltzea.

CAFen, adibidez, kableak isolatzeaz gain, non eta zertarako erabiltzen zen amiantoa?

Garai batean, labeetako ateetan eta trenetan ere erabiltzen genuen amiantoa. Orduko Expres trenetan, esaterako, txapa artean sartzen genuen amiantoa; barruan hotza edo beroa ez izateko egiten genuen hori.

Ondorioz, langile askok eskuz manipulatu izan duzue amiantoa.

Bai, bai; pila bat! Muntatze lanetan erabiltzen genuen, eta amiantoa utzita zegoen toki berean lan egiten genuen. Horregatik, batzuek zuzeneko kontakturik izan ez bazuten ere, kontaktu zuzena izan zutenek bezala kutsatzeko arriskua zuten. Tren berri bat egitean, esaterako, amiantoa zegoen espazio berean aritzen ziren lanean soldatzaileak, igeltseroak, muntatze lanetan aritzen zirenak eta beste hainbat langile. Hortaz, guztiek zuten nolabaiteko kontaktua amiantoarekin, eta horietako asko ere kutsatu ziren, noski. Gune horretan manipulatu egiten zuten amiantoa, eta hark sortutako hautsa egoten zen inguruan. Zuntzik txikienak dira, gainera, arriskutsuenak, gure gorputzak dituen iragazkiak igarotzen dituelako eta partikula horiek betirako gelditzen direlako gorputzean.

Amiantoak zenbat langileri kalte egin die Gipuzkoan?

Erantzuteko oso galdera zaila da hori. Zoritxarrez, ez dago erregistratuta amiantoaren eraginez hildakoen kopuru zehatzik. Asviamie elkarteak urteotan guztietan bildutako datuak bakarrik ditugu eskura. Euskadiko datuak dira, Asviamie elkartearekin harreman zuzena izan duten pertsonenak. Kontuan eduki behar da Beasaingo CAF enpresan bertan bakarrik 31 langile hil direla amiantoaren eraginez. Dena den, ezin dugu ahaztu esku artean ditugun datuak baino askoz gehiago direla hildakoak eta kaltetuak.

Amiantoaren biktimentzat konpentsazio funtsa sortzeko lanean ari zarete, eta Madrilera ere iritsi da proposamena.

Urriaren 10ean eztabaidatu zuten Madrilen, Espainiako Kongresuan, Eusko Legebiltzarrak landutako lege proposamena. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzak egin zuen proiektuaren aurkezpena eta defentsa, eta bozketa egin zuten ondoren. Abstentzioaren alde egin zuen PPk, eta aldeko botoa eman zuten gainontzeko alderdiek.

Hala ere, bidea ez da amaitu, oraindik, ezta?

Ez. Lege proposamenaren aldeko jarrera nagusituta, legearen tramitazioarekin hasiko dira orain, eta lege proposamena dagokion batzordera bidaltzea ebatziko du Kongresuko Mahaiak. Ekarpenak egiteko eta helegiteak aurkezteko unea izango da segidan. Ondoren, berriz ere, Espainiako Kongresura bueltatuko da lege proposamena, eta orduan bai, orduan legeari baietz edo ezetz esan beharko diote guztiek, bozketa bidez.

Zer espero duzue Asviamieko kideek?

Espainiako Diputatuen Kongresuak aldeko jarrera azalduko duela espero dugu, eta, behar den batzordean eztabaidatu ondoren, konpentsazio funts hori indarrean izango dugula; biktima guztiak aintzat hartuko dituena, eta, behingoz, amiantoaren biktima guztiek eta euren familiako kideek jasan behar izan dugun injustizia guztia desagertzen lagunduko duena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.