Abu Dhabira, Olinpiar Jokoetara

Abu Dhabira, Olinpiar Jokoetara

Unai Zubeldia

Aukera izanez gero prest egongo ote ziren galdetu, eta Iker izan zen lehenengoa eskua altxatu eta baietz esaten”. Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko Goi Zikloan Diseinuko irakaslea da Xabier Puertas (Lasarte-Oria, 1981), eta Abu Dhabitik itzuli berria da Iker Borde Fabrikazio Mekanikoko Diseinua zikloko ikasle ohiarekin batera (Donostia, 1997). World Skills Munduko Txapelketan parte hartu zuen Bordek urriaren 15etik 18ra, “Lanbide Heziketako Olinpiar Jokoetan”.

Borderen hitzetan, “tentsio handiko esperientzia zoragarria” izan da Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan bizi izandakoa. “Bagenekien nora gindoazen”, hasi du azalpena irakasle eta adituak —hala deitzen diete txapelketa horietara laguntzera joaten direnei—. “Guk ez dugu izan aukerarik txapelketa hori prestatzeko; klasean ikasitakoarekin joan gara. Beste batzuk, berriz, hiruzpalau urtez aritu dira buru-belarri prestaketa lanetan, euren herrialdeko gobernuaren laguntzarekin eta une oro pertsona bat ondoan zutela”. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide Heziketako ikasleen arteko lehiaketa izaten da Eusko Skillsa. “Baina askoz maila handiagoa izaten da Munduko Txapelketan. Ingeniariak eta enpresetako langileak ere lehian aritzen dira batzuetan”.

Bi urtez behin antolatzen dute World Skills Lanbide Heziketako Munduko Txapelketa, eta lau egunekoa izaten da lehia. Lehiakideak ordenagailuaren aurrean aritzen dira Test proyect-ak edo azterketa gisakoak egiten. Marrazketako lau proba izaten dira, diseinu ikasketetako ohiko lau proba. “Norberaren trebetasuna erakustea izaten da kontua”. 25 puntu egoten dira jokoan egunero; 100 puntu denera. Esperientzia barneratuta, emaitzari ez diote eman berebiziko garrantzirik. “Lauzpabost utziko genituen atzetik?”.

Ikasleak edo lehiakideak bertaratu baino astebete lehenago joan behar izaten dute adituek txapelketa egingo den lekura. “Eta, aditu guztiak elkartuta, probak prestatzen eta ebaluazio irizpideak zehazten hasten gara”, azaldu du Puertasek. 25 herrialdetako 25 lehiakide ziren Borderen diziplinan. Guztira, 1.300 izan dira lehian txapelketan, 51 diziplinatan. Borde eta Puertasekin batera, Abu Dhabin izan dira Javier Taixe eta Dario Barrientos, Donostiako Easo Politeknikoko ikasleak, eta Josean Piñeiro, Easoko Lanbide Heziketako irakaslea.

Lehiaketa egunetan adituek, berez, ezin izaten dute hitz egin lehiakideekin. “Nolabaiteko babesa ematea izaten da gure lana, eta azterketak zuzentzea”. Lehiakideek, egunero, 08:30ean ekiten zioten lanari, eta 18:00-18:30 aldera amaitzen zuten. Ondoren, zuzenketa lanean murgiltzen ziren adituak. “Abu Dhabin geunden, bai, baina Barakaldoko BECen gisako pabiloi batean sartuta”. Abu Dhabiraino joanda, biek ala biek ez dute eduki aukera askorik bazterrak ikusteko. “Baina desertura, behintzat, joan ginen egun batean, baita Dubaira ere”.

Puertasek eta Bordek aitortu dutenez, txapelketan parte hartzeaz gain, horrelako ekitaldiak “baliagarriak” izaten dira beste herrialdeetako ikasle eta irakasleekin kontaktuak egiteko. “Ez dugu eduki denbora askorik”, hasi du azalpena ikasleak. “Ordu erdiko atsedenak izaten genituelako; tarte horietan saiatzen nintzen gainerakoekin hitz egiten, baina ez dugu egin harreman estuegirik”. Puertasek, dagoeneko, ezagutzen ditu beste herrialdeetako adituak. “Eta leku interesgarria da kontaktuak egiteko”.

Bordek Donostiako Zurriola ikastolan egin zuen Batxilergoko lehen maila, eta ondoren eman zuen Andoaingo La Salle Berrozpera jauzia. Diseinu Mekanikoko zikloa egin zuen han, eta Arrasaten ari da egun ingeniaritza ikasketak egiten, Mondragon Unibertsitatean, Industria Diseinua eta Produktuaren Garapenean. 20 urterekin etorkizuneko proiektuei begira jarri, eta zalantza asko izaten da normalean, baina donostiarrak argi dauka bere bide-orria: “Ikasten ari naiz orain, baina AEBetara joan nahiko nuke ikasketak amaitutakoan, jostailuak diseinatzera”.

2018an, Budapestera

La Salle Berrozpera iritsita, zikloko bigarren ikasturtean erabaki zuen Bordek Euskadiko Skills txapelketan parte hartzea; irabazi egin zuen lehiaketa hura, eta urrezko domina kolkoratuta amaitu zuen Espainiako Txapelketa ere. Garaipen hark eman zion aukera Abu Dhabiko Munduko Txapelketara joateko, eta Europako Txapelketan ere parte hartuko du hurrengo urteko urrian, Budapesten, Hungarian.

Bi urtez behin egiten da World Skills Munduko Txapelketa. Euskadin eta Espainian azken lau aldietan soilik antolatu dute Diseinu Mekanikoko skills txapelketa, eta guztietan lehiaketa nagusian izan da La Salle Berrozpeko ikasleren bat. Gaizka Dominguez izan zen lehenengoa, 2011n, Londresen; Andoni Portillo bigarrena, 2013an, Leipzigen, Alemanian; Iker Rodriguez hirugarrena, 2015ean, Sao Paulon, Brasilen; eta Iker Borde azkena, aurten, Abu Dhabin. Gaur egun lanean ari dira lehen hirurak.

Etorkizun hurbilean, Munduko Txapelketara Euskadi edo Euskal Herria izenarekin joatea gustatuko litzaioke Puertasi. “Baliabide eta laguntza gehiago izango genituzkeen. Askoz serioago helduko geniokeen txapelketari, oso argi daukat hori. Baina…”. Oinarri-oinarrian, La Salle Berrozperen helburua ez da txapelketa horietan parte hartzea. “Baina pizgarri politak dira ikasleentzat”, onartu du Puertasek. “Diseinu Ziklo honetan lan ona egiten dela erakusten digute txapelketa hauek, eta ikasleek maila oso handia dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.