Euskara lantokian lantzera

Euskara lantokian lantzera

Erik Gartzia Egaña

Herri euskalduna da Oiartzun. 10.000 biztanle pasatxo ditu egun, eta euskaldunak dira %70 inguru. Euskara nahiko normalizatuta dago herrian. Hala ere, oraindik ere bada hutsunerik: lan munduarena. Hori zuzentze aldera, ostalaritza eta merkataritzarako euskara planez gain, duela hamalau urte Ola egitasmoa jarri zuten martxan. Zortzi enpresa handik bat egin zuten euskara plan horrekin. Enpresa ertain eta txikietara joatea izan da hurrengo urratsa. 500 daude Oiartzunen, eta 3.000 langile inguru dauzkate denera; ehuneko altua da.

Iazko udaberrian aurkeztu zuten Lanin egitasmoa, tamaina horretako enpresak euskararen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin. 2016ko urrira arte iraun zuen lehen faseak, egoeraren diagnosia egitearenak. Izan ere, Oiartzungo Udalarentzat “eremu arrotza” zen enpresa txiki eta ertainena, eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza enpresa hasi zen lanean bi aldeak gerturatzeko. 2016ko urrian aurkeztu zituzten diagnosi fasearen ondorioak.

Lanin egitasmoa, hori bai, aste honetan bertan sartu da indarrean, eta 2019ra arte iraungo du. Ahize-AEK-k berak izango du lantzeko ardura. Joan den azaroaren 2an, Mikel Urdangarinek aurkeztu zuen Lanin proiektuaren plangintza, Ahize-AEK-ko teknikariak: eskaintza bera, ezaugarriak eta plana gauzatzeko egutegia xehatu zituen Urdangarinek. Sei kanpaina egingo dituzte plangintzaren arabera. Orain arte parte hartu duten enpresen eta udalarekin harremanetan dauden beste enpresa batzuen atea joko dute lehenengoan. Gainontzeko bost kanpainak, berriz, industrialdeka eta sektoreka egingo dituzte. Edozein momentutan parte hartzea eskatuko duten enpresei ere erantzungo die Laninek.

Enpresetara bisitak egingo dituzte, eskaintza aurkezteko. Eskaintzeko dauzkaten zerbitzuak jasotzen dituen fitxa bat aurkeztuko diete bertan —errotulazioa, itzulpenak, euskara ikastaroak…—, eta hala nahi duten enpresek beharraren edo nahiaren arabera bat egingo dute proiektuarekin. Enpresek, berriz, hainbat konpromiso hartu beharko dituzte, hala nola solaskide bat izendatzea, egitasmoari zortzi ordu eskaintzea, edo begirunez jokatzea, besteak beste. 24 orduko arreta zerbitzua eskainiko diete enpresei. Datozen bi urteetan 120 enpresatara iristea da helburua. “Erronka handiegia dela esaten digute, baina lor dezakegula uste dut”, azaldu du Urdangarinek. 50 bat enpresak planarekin bat egin dezaten nahi dute.

Atxikimendua

Urkia Prefabrikatuak da Lanin egitasmoarekin bat egingo duen enpresetako bat. Xabier Urkia jabeetako batek azaldu duenez, enpresa munduan euskara bultzatzea da atxikitzeko arrazoietako bat. “Enpresa askok zailtasunak dauzkate erabilera normalizatzeko; barne funtzionamenduan, hornitzaileen edo bezeroen kasuan… Erraztasunik ez daukagunez, euskaraz lan egiteko arazoak izaten ditugu sarritan”. Laninek eskainiko dien babesa eta laguntza eskertu ditu Urkiak: “Egunerokotasunaren zurrunbiloan sartuta gaude, eta denbora pixka bat eskaini behar zaio honi. Lagungarri eta akuilu izan daiteke”.

Urkia enpresan euskaraz egiten dute barne funtzionamendu guztia. “Baina beste kontu bat da kanpora begirako lana”, zehaztu du. “Euskal Herrian ele bitan egiten dugu lan: euskaraz aritzen gara euskara barneratuta daukaten enpresekin, eta gazteleraz hala egiten dutenekin. Zailtasun bat sortzen du horrek: bikoiztu egiten da lana”.

Enpresaren irudiarentzat euskaraz aritzea “positiboa” dela uste du Urkiak, balio erantsia ematen diola. “Interesgarria da, baina asko ez dira konturatzen horretaz. Gertutasuna ematen du euskaraz ari diren enpresekin euskara hutsean lan egiteak, eta konfiantza sortzen du hornitzaileen edo bezeroen artean; ateak irekitzen laguntzen du. Gehigarri horrez gain, nortasuna ere ematen du ezaugarri horrek”. Urkiak gainontzeko enpresak animatu ditu Laninekin bat egin dezaten: “Ez da ‘laguntza behar dut’ esatea bakarrik. Asko balio du babes hori jasotzeak, besteak beste udaleko teknikari bat edukiko duzulako ondoan zalantzak argitzeko edo laguntzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.