“Ez dago ingurukoen aitortza jasotzea baino sari hoberik”

J. Miranda

Bere ibilbidean txapel ugari irabazitakoa da Aitziber Ibarbia mendi lasterkaria (Zizurkil, 1977). Etxean toki pribilegiatua dauka, ordea, Zizurkilgo Txapel Egunean eman zioten txapelak.

Nola aurkeztuko zenioke Zizurkil ezagutzen ez duenari?

Bi errealitate nahiko ezberdin bizi dira herrian, eta ez geografikoki bakarrik; nekazari giroko Zizurkil daukagu goian, eta askoz ere hiritarragoa behean. Errealitate hori ederki islatzen da pertsonen jokamoldean eta izaeran.

Zizurkilgo zein txoko duzu gustukoen?

Leku bat aukeratzekotan, Ezkaltzu mendi gainaren alde egingo nuke, eskaintzen duen ikusmiragatik. Kostaldea ikusten da iparraldera begiratuta, eta Gipuzkoako barnealdeko mendiak hegoaldera begiratuta, Aralar mendilerroa, esaterako. Egun argitsuetan, Pirinioak elurtuta daudenean, ederra da haiei begira jartzea.

Mendi lasterkaria zara. Zizurkil inguruko zein menditan ibiltzen zara gustura?

Zizurkil Behean bizi naiz orain, eta Amasako mendietan entrenatzen naiz, Loatzo, Uzturre eta Belabieta inguruetan. Denbora gehixeago dudanean, Hernio aldera joaten naiz. Horixe da gustukoen dudan eremua.

Kirol zaletasun handia al dago Zizurkilen?

Instalazio faltagatik, Zizurkilen ez dago gazteentzat kirol eskaintza handirik. Futbola eta pilota eskaintzen dizkiete gazteei, eta, emakumezkoa izanez gero, ezer gutxi. Gaztetxoenentzat bada aukera gehiago, Danena txirrindularitza eskola, esaterako. Eskaintza ikusita, harritzekoa eta hunkigarria da Zizurkildik atera den kirolari aparten zerrenda ikustea: Garindarrak korrika, Garmendia futbolaria, pultsulari apartak… Eta Alberdi txirrindularia eta Erasun pilotaria orain, herriaren izena hara eta hona darabiltenak.

Nolakoak dira zizurkildarrak?

Izugarrizko aberastasuna daukagu alde horretatik, eta oso ezberdina da Iriarte tabernan tragoa hartuz eduki dezakezun hizketaldia edo Egarriko terrazan eduki dezakezuna. Jendea, oro har, irekia eta atsegina dela esango nuke, Zizurkil Goian ezezagunei zehar begiratua egiteko senak bizirik jarraitzen duen arren [barrez].

Urtean zehar festa eta ekimen ugari izaten da herrian.

Gauza asko antolatzen da herrian, bai, oso herri bizia dugu, eta gero eta handiagoa da jendearen parte hartzea. Bat aukeratzekotan, kuadrillen eguna aukeratuko nuke. Uztailean egiten da, normalean, eta, denboraldi bete-betean sartuta egoten naizen arren, herrian baldin banaiz ez dut berehalakoan huts egingo bazkarira eta ondorengo festara.

Txapel asko jantzi dituzu zure kirol ibilbidean, baina ilusio berezia eragin zizun Txapel Egunean jantzi zizutenak, ezta?

Momentu bakoitzean izugarrizko ilusioa egiten dit janzten dudan edozein txapelek, baina astebete irauten du etxean bueltaka, eta ganbaran dudan kaxan gordetzen dut gero, beste guztiekin batera. Logelan daukat, ordea, Txapel Egunean herriak eman zidana; horrek ez dauka iraungitze datarik, eta ez dut uste inoiz kaxa horretan sartuko dudanik. Oso-oso berezia izan zen. Ez dago ingurukoen babesa eta aitortza jasotzea baino sari hoberik. “Joño, neska! Zer edo zer ondo egina izango dun!”, pentsatu nuen neurekiko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.