“Irakurtzean erne egotea eskatzen duen idazlea da, baina baditu zirrituak”

M. Luki

Legazpiko Haztegi ikastolan geografia, historia eta hizkuntza irakaslea da Aitor Gurrutxaga (Legazpi, 1966). Euskal filologoa da ikasketaz, eta literatura zalea ere bada. Saletxe: poeta ikusezina artikulua publikatuko du abenduan, Burdinola elkarteak argitaratzen duen Txinpartak aldizkarian. Jatorriaren errotik liburua aztertu du, eta zer azpimarratua aurkitu du poema guztietan.

Nor izan zen Martin Ugarte Saletxe?

Legazpiko olerkaria, fabrikako langilea, artzaina, baserritarra, alfabetatu gabea, eta, hala ere, irakurle handia eta idazle oparoa. Harrigarria da, ezta?

Zergatik heldu zenion bere lanaren ikerketari?

Aurretik artikuluren bat irakurria nuen Txinpartak aldizkarian. Aitor Azpiazu ikerlariak idatzita zeukan Saletxeri buruzko aleren bat, eta nik ere zerbait egin nezakeela otu zitzaidan. Etxean nuen Jatorriaren errotik liburua, eta hura sakonago irakurtzeko eta iruzkina egiteko gogoa sortu zitzaidan. Lan horren emaitza da nire artikulua.

Zuk zure kasa egindako lana al da?

Bai, azterketa lan hau ez dut egin inoren enkarguz. Nik hartu dut lana egiteko erabakia, eta gustu handiz aritu naiz lanean, ordu asko kendu dizkidan arren.

Zein motatako liburua da?

Artzaintzari buruzko Aizkorri artzain-poema luzea da poemetako bat; ale bukolikoa da, eta Aizkorriren zein artzaintzaren goraipamena egiten du. Tankalaren leloa da liburuko beste poema bat, sozialagoa; erroten gainbehera kontatzen du bertan. Esaera bilduma bat da hirugarren zatia, argibideekin osatutakoa. Azken atal hori ez dut sartu iruzkinean.

Literatura arloari heldu diozu?

Saletxeren lanean hiztegigintza eta etnologia arloak nabarmendu izan dira, gehienbat, eta literatura arloa ez da aztertu izan horrenbeste. Hutsune horretan sakontzea izan da nire asmoa.

Nolako poesia da Saletxerena?

Saletxeren poesia irakurtzeko ez dela erraza esan ohi da, barrokoa dela. Manuel eta Joan Mari Lekuonari ematen zizkien bere olerkiak, irakurtzeko, eta argiago idazteko gomendioa egiten zioten haiek, poemak jendearengana irits zitezen. Nire ustez, ez da hain ulertezina. Irakurtzean erne egotea eskatzen du, baina baditu zirrikituak. Oso trinkoa da bere hizkuntza, muinera joaten da beti, eta aditzen elipsiak egin zalea da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.