“Ohore handia izan da San Juaneko patroi izatea”

“Ohore handia izan da San Juaneko patroi izatea”

Aitor Manterola

Zenbat aldiz ez ote da eseri Endika Perez (Pasai Donibane, 1987) San Juan arraun taldearen instalazioen alboan dagoen kafetegiko terrazan, taldekideekin. Hantxe eskatu du edatekoa, eta handik azaldu du zergatik utziko duen patroi lana; handik begira oroitu ditu lehengo kontu ez hain zaharrak. Harena da kontakizuna.

Noiztik zenuen buruan arrauna uztea?

Iazko urritik garbi neukan, eta klubari esan nion urte askorako etenaldia egingo nuela denboraldia amaitu eta gero.

Gogorra da arrauna uztea?

Bai. Azkenean, hamazazpi urte egin ditut bertan. Duela zenbait urte, 2014an, denboraldi batez arrauna utzita egon nintzen, eta kasu horietan udan pasatzen da okerren, traineruen lehia bizi-bizi dagoenean.

Orain zer?

Beste bizitza bati ekitea bezala izango da. Egindakoa eginda utzi dut, eta beste erronka batzuei heltzeko garaia da.

Betiko utziko duzu?

Ez dakit. Hemendik bost bat urtera itzuli egingo naiz, agian; klubaren beharren arabera ikusi beharko da hori. Auskalo.

Urte hauetan guztietan zer utzi duzu arraunaren eraginez?

Auskalo. Ez dut pentsatzen zer utzi dudan. Nire bizitzako ardatza izan da arrauna: beti moldatu izan ditut beste gauza guztiak arraunean segitzeagatik. Adibidez, inoiz ez zitzaidan pasatu burutik ikastera kanpora joatea, arraunagatik ezin nuelako.

Aita zara orain, eta hori bai, hori arraunaren aurretik jarri duzu.

Bai. Gogotsu nengoen aita izateko, eta garbi daukat haurraren lehen urteak etxean ikusi, igaro eta gozatu nahi ditudala; gainera, etxean orduan izaten da lanik handiena. Badaude hala pentsatzen ez duten arraunlariak, baina hori da nire pentsamendua.

Zer eman dizu arraunak?

Asko. Emozio ugari. Sekulako emozio pila biltzen ditu arraunak, eta ez naiz ari hizketan irabazteari buruz. Helburu txiki bat betetzea ere bada irabaztea. Guk ere irabazi izan dugu, eta emaitza onak dauzkagu, baina dena ez da irabaztea. Lehen minutuak izugarri ederrak izaten dira, aurretik denok batera lan egin eta gero talde osoarekin helbururen bat lortzen duzunean. Kontxara sailkatu izan garenean, adibidez, ikaragarriak izaten ziren estropada ondorengo uneak.

San Juanen beti egon izan dira patroi handiak: Lujanbio, Arbona… Eta zuk ere urte asko egin dituzu. Sentitzen duzu klubeko historiako patroi handien zerrendan zaudela?

Orain arte ez diot batere erreparatu horri. Ohorea da nire izena halakoen ondoan azaltzea, eta San Juaneko patroia izan izana. Nire urteak ez dira hainbeste ere; adibidez, ezin da alderatu Hondarribian Ioseba Amunarriz egiten ari den aldi luzearekin. Niretzat eredua da Ioseba, eta patroi lanetan hasi nintzenean ere eredu nuen.

San Juanen urte onak harrapatu dituzu.

Azkeneko hauek sekulakoak izan dira, kanpoan asko nabarmendu ez bagaituzte ere. Lan ederra egin dugu zarata handirik atera gabe, eta ez bakarrik traineruan, baita ontzi txikietan ere. Harro egoteko moduan gaude gure klubarekin.

Zuzendaritzan jarraitzen duzu?

Bai, eta jarraituko dut. Laguntzeko prest egongo naiz beti.

Etxabek ez dizu matraka eman patroi lanetan jarraitzeko?

Ez. Hasieratik argi utzi nion nik, baina udan zerbait iradoki zidaten klubeko beste batzuek. Zoragarria izan da uda, niretzat onenetakoa, eta ez bakarrik gure taldeagatik; aurten bikainak izan dira eremuak, lehen postuetako lehia…

Patroia jaio egiten da ala landu daiteke?

Ikasi egiten dela esango nuke, ni arraunlari nintzelako lehendabizi, 21 urte nituen arte. Igor Makazagak jarri ninduen patroi 2009an, Eneko Seinekin batera.

Nolakoa izan zen patroi gisa egindako lehen entrenamendua?

Txikitatik eginda neuzkan entrenamendu batzuk, eta ez zen izan hain esperientzia ezberdina. Aurreko urteetan traineruan ere eginda neuzkan entrenamendu batzuk. Lehen estropada izan zen saltorik handiena. Donostian jokatu genuen, KAE 1 ligan, eta irabazi egin genuen, gainera. Sekulako konfiantza eman zidan, aurretik ez nintzelako ausartzen estropadetan patroi izaten.

Atzetik ba al dator patroirik?

Hemen bai, eta beste taldeetan ere bai. Garrantzitsuena da patroiak egitea, eta horretarako konfiantza eman behar zaie. Patroi gazteek gehiago lehiatzeko dinamikak sortu beharko lirateke. Eusko Label ligan emaitzek agintzen dute, eta entrenatzaileei kosta egiten zaie gazteak ateratzea. Patroiak, lehiatu ezean, inoiz ez du lortuko entrenatzailearen eta taldearen konfiantzarik.

Gogorra izango da taldeak patroiaren oker baten eraginez ez lortzea emaitza on bat, ezta?

Oso. Arraunlari gisa gustura gelditzen nintzen dena emanda; aldaketa hori izan zen nabarmenena arraunlari izatetik patroi lanera igarota. Patroi gisa inoiz ez dut eduki dena ondo egin izanaren usterik; neure burua asko estutu izan dut. Inoiz ez dut lortu lan biribilik egin izanaren usterik.

Zein eremu duzu gustukoen?

Itsaso txarrarekin, edozein. Bestela, Donostiakoa. Zarautz, Zumaia eta Hondarribikoak ere bai.

Arraunlari bat?

Joseba Fernandez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.