Soroan zein lantegian, arkatza poltsikoan

Soroan zein lantegian, arkatza poltsikoan

Miriam Luki

Ez zen izan ohiko poeta. Legazpiko Telleriarte auzoko izen bereko baserritik hartu zuen izena Martin Ugarte Saletxe-k (Legazpi, 1916-1996). Han jaio eta hazi zen. Baserritar jaio zen, eta Patricio Echeverria siderurgia fabrikan hasi zen lanean 17 urterekin. Aurretik, artean umea zela, Aizkorri aldera eramaten zuen artaldea, aitarekin, eta Arriurdineko parajeetan igarotzen zituen udak. Zertzelada bat falta da Saletxe ez zela ohiko poeta izan azaltzeko: on Geronimo apaizak, Brinkolako auzoan maisu izan zuenak, irakurzaletasuna transmititu zion gaueko eskoletan. Saletxeren soslaia osa daiteke zertzelada guztiak batuz gero: baserrikoa, artzaina, lantegiko behargina eta arkatza zein papera beti soinean eramaten zituen herri poeta.

“Sorora nahiz mendira joan, arkatza eta paper puska bat eramaten zituen beti poltsikoan”, azaldu du Saletxeren alabak, Maria Angeles Ugartek. “Zertarako eramaten zituen galdetzen genionean, gauzak asmatutakoan idazteko zirela esaten zigun, bestela ahaztu egiten zitzaizkiola”. Martin Ugarteren alabak azpimarra egin dio aitak transmititu zien irakurtzeko gogoari. “Neguan, batik bat, sukaldera erretiratzen ginenean, sekulako isiltasuna egoten zen, denok irakurtzen aritzen ginelako”. Saletxe bera, haren emazte Juana Arregi eta bi alabak daude denok horren atzean.

Zer irakurtzen zuten, ordea? “Liburu asko zegoen gure etxean. Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra eta halakoak irakurtzen genituen. Orduan ez zen izaten haurrentzako libururik”. Lagun gehienen aitekin alderatuta, bera “xelebrea” zela azaldu du. “Sentsibilitate berezia zuen gure aitak; goxo-goxo hitz egiten zuen, ez zuen builarik egiten. Ez zen oso hiztuna, baina guztiak harritu zitzakeen asko pentsatu ondoren esaten zuen horrekin”.

Olerkiak eta hiztegiak

Bigarren eskuko idazmakina batekin ere akordatzen da Saletxeren alaba, eta plastikoek zein pinuek aitari sortu zioten kezkekin ere bai. “Soroan plastiko poltsak ikusi, eta haiek nola desagertuko ziren galdetzen zion bere buruari. Aurreratu egin zen horretan”. Pinuen kontuan ere bai: “Une batean pinu gehiago ez landatzea erabaki zuen, eta, besteak beste, pagoak eta gaztainondoak aukeratu zituen etxe ingururako”. Saletxe hala ikusten da alabaren begietatik. Haren memoriak mimo handiz gorde duen gizona da.

Julian Auzmendi argazkilari legazpiarrak ere gorde du lagunaren oroitzapena. Auzmendik Saletxeren ondoan lan egin zuen Patricio Echeverria lantegian —poeta 17 urterekin hasi zen han lanean, eta han hartu zuen erretiroa—. “Oso ona izan zen ofizioan. Ingurukoekiko errespetu handikoa zen, eta euskaldun petoa. Ez zen hiztun handia, baina hitz eta pitz aritzen zen bere gauzez ari bazen”. Elkarren ondoan lan egiteaz gain, Telleriarten auzokideak izan zirela gogoratu du Auzmendik.

Argazki ugari egin zizkion legazpiarrak, eta gordetakoak digitalizatu egin zituen familiak. “Berezkoa zuen euskal hizkuntzarekiko jakin-mina. Euskara harik eta garbien erabiltzearen aldekoa izan zen, eta euskarazko hitz egokiak bilatu zituen erdarakadak saiheste aldera”.

Hiztegiak ere egin zituen Saletxek, esamolde bildumak ere bai, olerkiak, eleberri bat… Bere garaiko bizimodua ahaztu egingo ote zen beldur zen, eta idatziz jasota utzi zuen. Gazteengana iristeko kezka ere bazeukan.

Baserrian jaioa eta hazia, irakurtzea maite zuen maisu batek transmititu zion irakurtzearen gozamena, eta irakurtzen hasi zen bezala hasi zen idazten. Argian idazteaz gain, olerki lehiaketetan sariak jaso zituen. Herri poeta izan zen; herrian eta herritik sortua. Ondorengoa utzi zuen idatzita Saletxek: Izango ote dek / nork kulunka eragin / seaskari…? Legazpin ez dute ahaztu nahi hark utzitakoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.