Erabat herdoildu ez dadin

Erabat herdoildu ez dadin

Unai Zubeldia

Burua aktibo mantentzea”. Hori da gakoa. “Erabiltzen ez duguna galdu egiten da, eta horregatik da garrantzitsua garuna egunero lantzea”. Hainbat herritarrek egindako eskaerari erantzunez, joan den martxoan memoria lantzeko tailerra sortu zuten Elgetan, eta, lehen aldi horretan izan zuen arrakastaz jabetuta, urriaren 18an ekin zioten bigarren saioari. Lorea Errekalde (Ermua, 1986) dinamizatzaile lanetan dela, otsailaren 3ra arte ariko dira asteroko lanketan.

Hamabi lagun elkartzen dira asteazkenero Elgetako kultur etxean, 09:30etik 11:00etara. “Erretiroa hartuta daudenak dira ia denak, horiek daukatelako beharrik handiena garuna aktibo mantentzeko. Lan mundutik aparte, zer egin ez dakitela gelditzen dira asko, eta arriskutsua da egoera hori. Gazteek ez daukate arazo hori”.

Errekaldek azaldu duenez, tailerretan ez dira mugatzen memoriaren lanketa hutsera. “Azken finean, garrantzitsua da funtzio kognitibo guztiak lantzea: atentzioa, lengoaia, kalkulua, planifikazioa…”. Dinamitzaileak azpimarratu du gaur egungo bizimoduan garrantzi handia ematen zaiola ariketa fisikoa egiteari. “Baina memoria arazorik ez daukagunean, ondo gaudenean, ez gara konturatzen prebentzio moduan ezinbestekoa dela funtzio kognitiboak lantzea. Lanketa hori ez da egin behar arazoren bat sortzen denean bakarrik, garrantzitsua da balizko egoera horri aurrea hartzea”.

Nola manten daiteke, ordea, burua aktibo? “Taldeka, ahozko ariketa asko egiten ditugu tailerrean, eta hainbat fitxa edo pieza ere baliatzen ditugu memoria lantzeko. Horrez gain, asko gustatzen zait aurreko klaseetan landutakoaren errepasoa egitea; zein hitz landu genituen, zein zerrenda egin genuen, zer gogoratzen duten, zerrenda jakin bat zein hurrenkeratan egin genuen…”. Errekaldek argi utzi du, hala ere, klasetik etxerako bidea eginda ariketa asko daudela norberak bere inguruan memoria lantzeko: “Hitz gurutzatuak, sudokuak, egunkariak, etxekoekin eztabaidak sortzea…”. Dinamizatzaileak trikimailu batzuk ere erakusten dizkie bertaratzen direnei: “Erosketak egitean, adibidez, zerrenda luze bat egin beharrean, erosi beharrekoa multzoka antolatzea; edo izen jakin batzuk gogoratzeko izen horiek gure inguruko norbaitekin lotzea; gure lankide bat, adibidez, Maria baldin bada, izen hori ikasi behar dugunean harekin gogoratzea. Lotura sendoagoak sortzen dira logika horri esker”.

Ermuarrak azaldu du astero “oso giro polita” sortzen dela tailerrean. “Eta ez klase horietan bakarrik, askotan aipatzen didatelako kalean elkartzen direnean ere aste horretan tailerrean landutakoa elkarri galdezka ibiltzen direla”. Azken finean, hori da helburua, “ia oharkabean burua martxan jartzea eta garunak ariketak egitea”.

Sakelakoa, telebista, GPSa, kalkulagailua… “Abiadura handian bizi gara gaur egun, eta memoria lantzeko gaitasuna galtzeko arriskua daukagu”. Garai batean, adibidez, eztabaida sakon eta luzeak sortzen ziren mahaiaren inguruan, bazkari edo afari giroan. “Baina gaur egun klik batekin berehala lortzen dugu erantzuna; ez dugu pentsatzen eta eroso bizi gara”. Errekaldek ez du uste, hala ere, teknologia berriek guztia txarretik daukatenik. “Memoria lantzeko modua aldatu da, bai, baina gaur ere badaude tresnak lan hori egiteko”. Ermuarraren hitzetan, “gehiegizko erosotasunari ihes egitea” da kontua. “Eta, izatez baikorra naizenez, espero dut gaur egungo gazteek ere eztabaida sakonak izatea lagunen arteko solasaldietan”.

Estresaren eragina

Bigarren saioak hirugarrena atzetik izango duen itxaropena dauka Errekaldek —2018ko martxotik ekainera egingo lukete hurrengo saioa—. “Oso gustura etortzen direla aitortzen didate guztiek, eta ni ere oso pozik joaten naiz tailerrera, memoria lantzeaz gain gure artean harreman polita sortzen ari dela ikusten dudalako; eguneroko kontuekin lantzen dugu burua, eta aberasgarria da hori”. Aurten sortu da Elgetako taldea. “Baina Antzuolan, esaterako, lehenagotik antolatuta zeukaten memoria lantzeko tailerra”.

Dinamizatzaileak azpimarratu du askotan ez dela aintzat hartzen egungo bizimoduaren abiadura eta horrek herritarrengan sortzen duen presioa. “Burua leku askotan edukitzea, hori da gaur egun memoriak daukan arazo edo etsai nagusietako bat”. Gazte eta heldu, Errekalderi jende asko inguratzen zaio memoria arazoak dauzkala esanez. “Baina estresa dago kasu horietako askoren atzean. Leku askotan egon nahi izaten dugu aldi berean, eta ezinezkoa da hori”.

Beharraren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz aritzen dira tailerrean. “Baina normalean euskaraz ez dakien ikasleren bat egoten denez, gaztelaniaz egiten ditugu ariketa gehienak, nahiz eta euskaldunekin euskaraz aritzen saiatzen naizen”. Elgetan ahoz aho zabaldu da memoria lantzeko tailerraren inguruko informazioa, baina oraindik pausoa eman ez dutenei “animatzeko” dei egin die Errekaldek, “memoriak ez daukalako mugarik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.