Halabeharrez onartua, bereziki eskertua

Halabeharrez onartua, bereziki eskertua

Aitor Biain

Halabeharrez hartu behar izan zuen Julian Unzuetak (Aramaio, Araba, 1929) herriko alkate ardura, 1972an. Eta modu berean onartu behar izan du, 45 urte geroago, herriko seme kutunaren izendapena. Ekainean onartu zuen udalbatzak Unzuetaren izendatzea, eta duela aste gutxi jaso du Aramaioko Udalaren omenaldia. Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkarien, herritarren eta gertukoen errekonozimendua jaso zuen Unzuetak ekitaldian. Araban, baina Gipuzkoara begira ere aritu zen lanean urte askoan. Besteren artean, Aramaio eta Gipuzkoaren arteko errepidea konpontzea jarri zuen baldintza gisa alkate kargua onartzeko, eta Bergara eta Arrasaterekin lotura berezia izan zuen 1976an sortutako Hego Euskal Herriko alkateen mugimenduan.

Bigarren saiakeran egin du aurrera seme kutun izendapenak. Izan ere, urte batzuk lehenago Aramaioko Udala ahalegindu zen izendapen bera onartzen, baina Unzuetak ez zuen nahi izan ordu hartan. “Orain, ordea, ez dut izan beste aukerarik. Alkatea bera etorri zitzaidan etxera erreguka, mesedez onartzeko esanez. Familiakoen edota ingurukoen haserreak saihesteko egin dut, batez ere”, aitortu du.

1971n “ezustean” hartu zuen alkate kargua Unzuetak. Egun haiek ez ditu berehalakoan ahaztuko. Izan ere, egun batez gobernadore zibilaren eskutitz bat iritsi zitzaion etxera. Ahal bezain laster bertaratzeko eskatzen zion Unzuetari; ez zuen beste ezer aipatzen. “Zer egin ote nuen galdezka hasi nintzen neure buruari. Liskar txiki bat izan nuen orduko alkatearekin, eta akaso kontu hura argitzeko izango zela pentsatu nuen hasieran”. Ez zen halakorik izan, ordea.

Gobernadorearekin elkartu eta berehala jaso zuen albistea: “Zorionak, Aramaioko alkate berria zara”, esan zion hark. “Harrituta” eta entzundakoa “sinetsi ezinik” geratu zen Unzueta, baina berehala erantzun zion. “Ez naiz, eta ez dut izan nahi. Ni abertzalea naiz”. Gogoan dauka hala aurpegiratu ziola. Gauzak horrela, hordagoa bota ziola gaineratu du: “Aurreko alkatearen proiektu bati heldu nion. Aramaio eta Gipuzkoaren arteko errepidea konpondu eta zabaltzeko eskatu nion aldundiari, eta egin ezean ez nintzela alkate izango esan nien”. Proiektuaren kostu handia zela medio ezezko erantzuna jasoko zuenez alkatetzatik libratuko zela uste zuen. “Baina egun gutxira iritsi zen gutuna proiektua onartu zutela esanez”.

“Garai zailetan” izan zen Unzueta Aramaioko alkate, eta hainbat zailtasuni egin behar izan zien aurre. Edonola ere, besteak beste, ikastola martxan jartzea, euskararen erabilerari bultzada ematea eta auzoetako errepideak eraikitzea eskertu zion Aramaioko Udalbatzak berak. “Ahal izan nuena egin nuen. Edozein zirrikitu baliatu nuen herriaren onurarako izango zena egiteko. Hori izan da nire asmoa beti”, azpimarratu du Unzuetak.

Ez du damurik, baina aitortu du ez zirela garai onenak izan: “Ez niretzat eta ezta nire familiarentzat ere. Presio handia eta mehatxu asko jasan nituen ikastola edo ikurrina zela… Etxera deitzen zuten sarri edozer esateko. Egia esan, ez dut alkate izan nintzen garaiko oroitzapen onik”. Frankismoa bizirik zegoen artean, eta, batez ere, Guardia Zibilarekin izan zuen “liskar asko”. Hala, hitzei indarkeriak hartu zien lekua 1979ko urtarrilaren 28an: lehergailu batek baserria txikitu zien. Onik atera ziren Unzueta eta haren emaztea.

Herriaren alde lan egin izan duela aitortu izan du behin eta berriz, hori izan dela bere nahia beti. Horren erakusle izan zen 1976an sortutako Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua. “Oso harreman ona neukan Jose Luis Elkoro [Bergara] eta Jose Antonio Altuna Txatillo-rekin [Arrasate]. Kanpazargo merenderoan elkartzen ginen sarri”. Mugimendu hari lotzen zaio, esaterako, ikurrina legeztatzea edota hainbat euskal preso askatzea.

Aldundian, “oso gustura”

Aramaioko alkate ardurak utzi, eta Arabako Foru Aldundiko diputatu kargua hartu zuen 1979an. “Zuiako kuadrilla osatzen zuten sei udalerrietatik diputatu bat aukeratu behar zen. Bada, seitik bost boto jaso nituen nik”, ekarri du gogora, irribarretsu. Orduko esperientzia “oso bestelakoa” izan zela aitortu du: “Diputatu nintzeneko oroitzapen ederrak ditut; oso gustura aritu nintzen”.

Orduan ere etxera begira lan egin zuen Unzuetak, haren lanari esker eraiki baitzen, besteak beste, Arbel baserritarren kooperatiba. “Abeltzaintzari lotuta zegoen herria, eta herritarrek arazoak izaten zituzten, pentsuarekin batez ere”. Zenbait herritar aurka azaldu ziren, baina gogoan du Fernando Buesa sozialistak emandako laguntza. “Oso harreman ona nuen harekin. Asko lagundu zidan bai diputatu garaian eta baita alkate nintzela ere”.

Urteak dira erakundeetako karguak utzi zituela, baina “arretaz” begiratzen jarraitzen du, oraindik ere, herria eta ingurua nola hazten ari diren. “Ederki dago; atzetik etorri direnek jakin izan dute bide beretik lan egiten”. Halabeharrez onartutako ardurak orbaina utzi du herrian eta bere barnean. Baina aitortu du jasotako errekonozimendu oro “asko” eskertzen duela, ahopean esan nahi izan badu ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.