[Museora] Txokolateixia. Bisita gozo-gozo bat

[Museora] Txokolateixia. Bisita gozo-gozo bat

Eider Goenaga Lizaso

Txokolatearen usain gozoa lagun, gosaltzeko prestatzen ari dira Oihana Diaz eta Anton Azpiazu. Kanpoan dagoen hotzari eta euriari aurre hartzeko, katilukada txokolate baino erremedio hoberik ez da, eta hura berotzen ari da Azpiazu. 10:30ak dira, eta Oñatiko Txokolateixia interpretazio zentroak ireki berri ditu ateak; baita museo txikiari atxikita dagoen dendak ere. Txokolateixiako arduraduna da Oihana Diaz (Oñati, 1980), eta berak azaldu du zergatik ireki zuten txokolateari buruzko interpretazio zentro bat Oñatin.

“Oñatiren eta txokolatearen arteko lotura oso estua eta tradizio handikoa da, eta hori azaltzeko sortu zen interpretazio zentroa”, dio Diazek. Aldamenean duen gizona izan zen ideiaren sortzailea. “Anton Azpiazu txokolategilea izan da urte askoan, txokolate fabrikan aritu zen lanean urte luzez, eta erretiratu eta gero ere loturari eutsi zion. Hainbat lan argitaratu zuen, eta material pila bat zeukan bilduta. Udalaren laguntzarekin, zentroa irekitzea lortu zuen”. Duela hiru urte, 2014ko uztailaren 7an ireki zituen ateak, aurretik, zortzi urtez, Oñatiko txokolatea saltzen zuen denda txikiari jarraipena eta museo forma emanez.

Txokolateixia zentrora sartzean, zinemara egiten du jauzi bisitariak. “Fikzioa dugu abiapuntu, eta zineman txokolatearen inguruan egin diren pelikulen kartelak ditugu eskegita”. Hor amaitzen da fikzioari lotutakoa; historiari lotzen zaio gero bisita. “Kakaoaren historia azaltzen dugu lehenik, non sortzen den, nondik eta zergatik ekarri zuten, eta nola iritsi zen Euskal Herrira”.

Ondoren, Oñatik eta txokolategintzak izandako harremana azaltzen zaio bisitariari. “Oñatira 1660an heldu zen lehenengo kakaoa, eta ordutik lotuta egon dira herria eta txokolatea”. Hamar txokolate fabrika egon ziren garai batean Oñatin, eta hamar horietatik zazpiren etiketak ikus daitezke museoan, baita haiei buruzko agiri eta dokumentazio ugari ere. Sektoreak izandako pisuaren erakusgarri gisa, Diazek azaldu du fabrika horietako zazpi batera aritu zirela lanean, 1960an. “Gaur egun, bakarra dago martxan: Natra, garai batean Zahor izandakoa”.

Baina zergatik Oñatin eta ez beste herri batean? Arrazoi nagusia unibertsitatea dela azaldu du interpretazio zentroko arduradunak. “Unibertsitateak Madrilgo Gortearen babesa zuen, eta, horri esker, zuzenean iristen zen kakaoa Oñatira eta ez beste toki batera”. Bitxikeria gisa, Diazek azaldu du garai hartan kakaoa ez zela soilik txokolatea egiteko erabiltzen. “Hemen sortu zen garai hartako lehenengo medikuntza fakultatea, eta bertan kakaoa erabiltzen zuten pastilla batzuk egiteko. Oraindik etortzen dira tableta hitza erabili beharrean pastilla hitza erabiltzen duten bisitariak, eta hori da arrazoia”.

Historia garrantzitsua izan arren, bisita gidatuetan historiaren errepaso azkarra egiten dute Txokolateixian. “Guretzat, kakaoa landatzen denetik txokolatea egin arteko prozesua azaltzen duen zatia da garrantzitsuena. Oso modu grafikoan azaltzen dugu prozesua, oso bisuala da. Gainera, kakaoaren egoera ezberdinak ikusi, usaindu eta uki daitezke”.

Zuria, esneduna eta beltza

Dastatze txiki batekin amaitzen dute bisita. Txokolate zuria, esneduna eta beltza probatzen ditu bisitariak amaieran. “Hori da bisitaren zati praktiko eta dinamikoena, eta jendeak gehien eskertzen duena ere bai. Historia ondo dago, baina bisitak praktikoa izan behar du, jendeari hori gelditzen baitzaio gero buruan. Txokolatea gure egunerokotasuneko produktu bat izanik, bisitariari gustatzen zaio gaiari buruz gehiago jakitea”.

Dendan amaitzen da zentroaren bisita. “Guk ez dugu kobratzen ez bisita arrunta, ez bisita gidatua; eskatzen dugun bakarra da dendan zerbait erostea”. Natrako txokolate, bonboi, trufa eta bestelako produktuak dituzte salgai, eta museoko etiketarekin saltzen dituzte. Horrez gain, Oñatiko hainbat produktu ere badituzte: gazta, txakolina, Arantzazun egindako gozoak… “Hori da gure finantza bidea; horri esker eusten zaio interpretazio zentroari”. Lanez lepo dabiltza egunotan. “Gabonak gainean ditugu, eta urte sasoi honetan asko saltzen dugu. Gainera, oparitarako etiketa pertsonalizatuak ere egin daitezke, eta baita dendako produktuekin osatutako saskiak ere”, azaldu du Diazek, museotik bezero bat artatzera dendara joan aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.