“Purpurina kendu nahi diogu moda munduari”

Rebeka Calvo

2012an hasi zuen bere ibilbidea uA Urtzi Alkain arropa markak. Emakumeentzako lan jakin batzuk egin badituzte ere, gizonezkoentzat lan egiten dute batez ere. Modaren berezko tiraniaren arauetatik ihes egiten dute sortzaileek, eta, joerak alde batera utzita, kalitatezko jantzien aldeko apustua egiten dute arropak erosi bezain pronto zaharkituak geratzen diren garai honetan. Urtzi Azpirozek (Andoain, 1980) aurreratu du “salto garrantzitsua” emango dutela datorren urtean.

Zer dago uA Urtzi Alkain markaren atzean?

Jon Otegik eta biok sortutako arropa marka da uA Urtzi Alkain. 2010ean-edo hasi ginen proiektua lantzen, baina 2012an eman genion forma. Oso proiektu pertsonala da, mimo handiz garatutakoa. Moda industria aintzat hartuta, paraleloan doan proiektua delako diot mimo handiz egindakoa dela. Abiadura eta eskaera zehatz batzuk ditu modak, eta gu hasieratik aldendu izan gara erritmo horretatik. Saltoa eman nahi dugu datorren urtean, eta bildumetara gerturatzeko asmoa dugu; betiere, mimoz lan eginda eta goxotasun hori zainduta.

Nolako arropa egiten duzue?

Denetarik egin dugu. Look osoak egin izan ditugu, eta baita jantzi solteak ere. Lan dezente egin dugu eskaripean; banakako proiektu asko egin dugu. Proiektu honetaz gain, bakoitzak bere lana eduki izan du beti, eta disfrutatzeko bitarteko gisa ikusten dugu moda.

Lepo karratuko elastiko batetik abiatu zen dena…

Jantzi horrek izugarrizko lana eman zigun hasieratik. Urteek erakusten dute dena, esperientziak, eta horrek argitu digu bidea; nola lan egin nahi dugun ikasi dugu. Gogotik lan egin genuen kamiseta horrekin; obsesio ere bihurtu zen azkenean. Ezjakintasunez hasi ginen lanean, ez genuen inor ezagutzen; ez ekoizlerik, ez fabrikatzailerik… Lan asko egin behar izan genuen produktu bakar bat ateratzeko, eta jende asko ezagutu genuen prozesu horretan. Parisera joaten ginen ehunak erostera, Bartzelonara ekoiztera… Jendea ezagutuz joan gara gerora, eta asko mugatu dugu prozesua. Begitan ere hartu izan dut elastiko hori, ez pentsa. Jantziari begiratu, eta akatsak besterik ez diot ikusten beti, baina, neurri berean, egia da jantzi kutuna dela niretzat.

Iraganeko kontua da, beraz, lepo karratuko elastikoa?

Datorren urtean aterako dugu berriz, baina ondo eginda oraingoan; esperientzia oinarri hartuta, alegia. Produktu berezia da, eta horri esker egin gara ezagun, ezin dugu ahaztu hori.

2018a berezia izango da uA Urtzi Alkain markarentzat…

Hala da, bai. Donostiako Prim kalean geunden orain arte, eta tokiz aldatzera goaz. Hainbat asmo ditugu datorren urterako, eta lekuz aldatzea da horietako bat. Neguko bilduma ere egin nahi dugu gainera. Oinarrizko gauzak egin izan ditugu orain arte; alkandorak, elastikoak, galtzak, boomber-ak… Ezkontzetarako jantziak ere eskatu izan dizkigute tarteka, hainbat uniforme ere bai… Baina datorren urtean lehen aldiz osatuko dugu bilduma bat.

Saltoa emateko garaia heldu zaizue, beraz.

Beti ari gara ikasten, eta berriz tokia aurkitzea tokatzen zaigu. Saltoa ematea eta gehiago profesionalizatzea erabaki dugu azken bi urteotako ibilbidearen ondoren. Onarpen ona izan dugu orain arte, baina egia da orain artekoa baino zerbait gehiago eman behar diogula jendeari. Gure modura egin izan dugu lan orain arte, eta gustura gaude, baina iritsi da momentua beste salto bat emateko.

Diseinatu, ehunak aukeratu, josi… Prozesu osoa kontrolatzen al duzue?

Lehen piezak, bai. Alkandora bat egiteko, guk aukeratzen ditugu ehunak; patroiak eta diseinuak egiten ditugu, eta lehen pieza ere guk egiten dugu. Baiezkoa jasotakoan, Irunera bidaltzen dugu, josteko. Jantzien ekoizpena ere bertakoa izan dadin nahi dugu; hemen egin nahi dugu lan, hemengo baldintzekin.

Nola definituko zenukete zuen estiloa?

Ez nuke jakingo esaten; nahiko estilo soila da gurea. Zaila da etiketa bat jartzea. Egia da, hala ere, oso linea zuzenak erabiltzen ditugula, asko aztertzen ditugula patroiak, ehunak kalitate gorenekoak direla…

Ohiko moda merkatutik aldentzen zarete, ezta?

Gure lanek ez dute zerikusirik sona handiko markekin. Horregatik diot beste modu batera egiten dugula lan, ihesbide moduan edo. Ez dugu jasaten modaren berezko presio hori, eta gure garapenean oso garrantzitsua da ezaugarri hori. Hain justu, horri esker lan egiten dugu beste lasaitasun batekin. Presio gabe aritzeak ahalbidetzen du gure lana. Modari purpurina kendu nahi diogu, eta ofizio bezala balora dadin nahi dugu.

Ia ezinezkoa litzateke, gainera, sona handiko markekin lehiatzea, ezta?

Guretzat, behintzat, ezinezkoa da, eta ez dugu nahi, gainera. Jantziak ekoiztea kostatzen zaiguna baino merkeago saldu beharko genuke kasu horretan; beste liga bat da hori. Guk argi dugu nola eta non egin nahi dugun lan, eta baita gure helburuak zeintzuk diren ere. Ez zaigu gustatzen marka horien abiadura. Arroparekiko beste mimo bat bilatzen dugu guk. Erosi, denbora gutxian erabili, eta bota; hori da gaur egungo filosofia, eta guk ez dugu bat egiten horrekin. Gaur egun ez dira aintzat hartzen kalitatea eta diseinua, eta moda eta jantziak maite ditugu guk. Gu aukeratuta, soinean kalitatezko jantzi bat daukazula sentiarazi nahi dugu guk. Oso argi dugu hemen ekoitzi nahi dugula; baldintza duinak nahi ditugu.

2012tik asko aldatu al dira uA Urtzi Alkainen helburuak?

Moda ez zegoen hain purian proiektu honi ekin genionean, baina tarte honetan asko aldatu dira gauzak. Lehenengo, gastronomiarekin gertatu zen boom hori, eta arroparen txanda iritsi da orain. Elastikoak bakarrik saltzen ziren bideari ekin genionean, eta eskaintza zabaldu egin da orain. Ofizio gisa sona hartu du modak. Moda diseinatzaile gazte gutxi zeuden duela urte batzuk; oso gauza berria zen. Garai hartan kalitate goreneko elastikoak sortzea zen gure helburua, besterik ez; kamisetak serigrafiatzea baino zerbait gehiago egin nahi genuen, argi genuen hori. Horregatik pentsatu genuen hasieratik egin beharra geneukala prozesu guztia; ehunak erosi, patroi egile batekin lan egin… Ez genuen espero honaino iristerik, helburua ez baitzen hori. Erdi-erdian harrapatu gaitu modaren kontuak.

Horrek ez dizue mesede egiten?

Modaren merkatutik aldendu izan gara beti. Lasai eta poliki egin nahi dugu lan; ahal dugun neurrian, ito gabe. Ez dugu iparra galdu nahi. Gehiago zabaltzeko aukera izan dugu; orain eman nahi dugun saltoa lehenago egiteko aukera izan dugu, baina ez dugu nahi izan. Orain da momentua. Beste heldutasun batekin eman nahi dugu pauso hori.