“Esajeratzea eta minimizatzea, biak saihestu behar dira”

“Esajeratzea eta minimizatzea, biak saihestu behar dira”

E. Goenaga Lizaso

Izar Arregik (Azpeitia, 1976) urteak daramatza, bai bere kontsultan eta bai Azpeitiko ikastetxeekin elkarlanean, bullying-aren edo jazarpenaren gaia lantzen. UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatutako jardunaldietan, Bullying-ari, aurrez aurre, aurre eginez: noiz, nola eta nork zer egin? tailerra eskainiko du gaur arratsaldean.

Nola detektatu etxean ume bat bullying-a sufritzen ari dela? Ez dute kontatzeko joera izaten.

Umeek, modu batera edo bestera, adierazten dute. Hasten dira esaten “ez daukat gogorik lagunekin irteteko”, “tripako mina daukat, eta ezin naiz eskolara joan” edo “gaur nahiago dut lehengusuekin baserrira joan”. Hasieran da gogo gabe baleude bezala. Gero, jateari uzten has daitezke, negargura etengabe, anai-arrebekin jarrera txarra… Eta, azkenik, egoera larritu ahala, arazo psikosomatikoak hasten dira: buruko mina, urtikaria, alopezia, antsietatea, ohean pixa egiten hastea…

Sintomei adi, beraz?

Bai, baina kontuz. Sintoma horiek maiz nahasten dira garapen ebolutiboarekin. 10 urte inguruan normala da hainbat beldur sortzea; hiltzeko beldurra, banaketaren beldurra, konplexuak… Portaeran eragin dezakete beldur horiek, baita lagun arteko arazorik ez dagoenean ere. Baina batzuetan gurasoek dena leporatzen diote lagunen artekoari. Eta arriskutsua da bullying-a ez dena bullying gisa hartzea.

Zerk eragin dezake nahasmen hori?

Aurretik beraiek izandako esperientzia txar baten edo beraiek dituzten beldurren arabera, guraso batzuek egoera esajeratu eta beraien beldurra estrapolatu egiten dute. Gerta liteke, adibidez, lagunen merienda batera ez gonbidatzea edo norbaitekin haserretu izana, eta ume horrek mina sentitzea, sufritzea; baina hori ez da bullying egoera bat.

Gurasoek biktima bihurtzen dute umea?

Batzuetan, gurasoak behar baino lehen hasten gara esku hartzen, alarma soziala pizten, gure minarekin eta beldurrarekin sintonizatzen… eta joaten gara eskolara edo beste gurasoengana, kontu eske. Horrek ez dio mesederik egiten umeari, eta arriskutsua da. Halako bazterketa txikiak, gatazka txikiak gertatu egiten dira. Lagun arteko gorabehera horiek ez dira bullying egoerak; baina, hala tratatuz gero, bihur daitezke. Eta ez dut esan nahi ume horrek ez duela gaizki pasatu, edo ez zaiola lagundu behar, baina ez horrela.

Kontrakoa ere gertatzen da? Gurasoek ez ikustea?

Bai. Hori da beste muturra, eta hori ere arriskutsua da. Jazarpena minimizatzea; oso arriskutsua da ume kontuak direla esan, berez pasatuko dela pentsatu eta kasurik ez egitea ere. Ez esajeratzea eta ez minimizatzea, bi muturrak saihestea da gakoa, eta oreka lortzea, bai eskolan eta bai familian.

Jazarpenaren inguruko protokolo ezberdinetan, erreparatzen zaiei kusleei, modu pasiboan jokatzen duten horiei?

Bai, garrantzitsuak dira. Baina, duela pare bat aste, jardunaldi batzuetan, aditu batek gaiari buruzko azken ikerketak aipatu zituen, eta zur eta lur utzi ninduen. Urteak daramatzat honetan, eta beti aritu gara adimen emozionala eta trebetasun sozialak lantzen, horrek umea bullying kasu bat ikusi eta aurre egiteko prestatuko balu bezala. Baina, badirudi ezetz, presio sozialak ia guztiz baliogabetzen dituela gaitasun emozional eta enpatia guztiak; halakoetan, gaitasun emozional handiena duen umea errudun sentitzen da, eta gaitasun emozional gutxien duenari, berriz, ez zaio axola. Beraz, ikusleen arlo hori presio sozialaren ildotik eta talde kohesioa indartuz landu beharko litzateke; modu indibidualean ez, baizik eta kolektiboan.

Bullying-aren biktimak beti behar du laguntza emozionala?

Ondorioak hor gelditzen dira. Gerta liteke biktima izan den hori berriro biktima izatea edo aurrera begira erasotzaile bihurtzea. Ondorioak ez badira lantzen, amorru bat gelditzen da barruan, eta ea etorkizunean nola kudeatzen duen amorru hori. Zenbaitetan, amorrua bideratzen dute erasotzaile izan zen haren edo beste kide baten kontra. Bestetik, bullying-a sufritu duenari autokontzeptua minduta gelditzen zaio. Autokontzeptua da bakoitzak bere buruaz pentsatzen duena, eta jazarpen kasu batek batez ere autokontzeptu sozialari kalte egiten dio; ume batek pentsa dezake lagun artean ez dela inoiz gehiago onartua eta maitatua izango. Beraz, inportantea da bullying egoera gainditzea, baina biktimaren autokontzeptua lantzea ere bai.

Psikologo bat beharko luke?

Garrantzitsua da ume horri balorazio bat egitea ea nolako ondorioak gelditu zaizkion, eta ondoriorik badu, lantzea. Baina okerrena da psikologoa ordaindu egin behar dela, eta ez gutxi; publikoa izan beharko luke. Jazarlearen kasuan, berdin; ondorioak landu, balio berriak sustatu eta identifikatutako jokabide okerrak zuzentzeko lan egin behar da. Nire esperientziatik esango dizut biktimak iristen direla kontsultara, batez ere sintoma larriak badira; baina erasotzaileen familiek gutxitan jotzen dute psikologoarengana, eta, berez, laguntza handiagoa behar dute horiek.

Halako egoerei baikortasunez begiratu behar zaiela diozu.

Bai, oso inportantea da umeari eta familiari esatea halako egoerak aldatu egiten direla; egun erasotzailea dena gero biktima izan daitekeela, eta egun biktima dena ez dela zertan beti biktima izan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.