“Ez izan zalantzarik”

“Ez izan zalantzarik”

Unai Zubeldia

Farmazian sartu, bertakoen egun onak jaso, gelatxo batean azalpenak entzun, informazioa jaso izanaren baieztapena ziurtatzeko orri bat sinatu, ziztada txiki bat sentitu, eta, hogei minuturako, emaitza jasota, kalean. Ez izen-abizenik, ez galdera deserosorik eta ez begirada arrarorik. “Erabat anonimoa da froga hau; anonimoa eta erosoa”. Donostiako Camino Iruretagoyena farmaziako langilea da Lourdes Iruretagoiena, eta 2009ko martxotik GIB birusa hautemateko ehunka test azkar egin ditu farmazian. “Ia egunero egiten dugu baten bat”.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoek elkarlanean sortutako programa da test azkarrarena, eta Gipuzkoan, gaur egun, hamasei farmaziatan egin daiteke test hori, bost euro ordainduta. Donostian daude horietako sei, Errenterian bi, eta bana Arrasate, Azpeitia, Beasain, Eibar, Irun, Tolosa, Urretxu eta Zarautzen.

Ainhoa Oñatibia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko farmazialariaren hitzetan, “oso garrantzitsua” da balizko positibo kasu horiek “ahalik eta azkarren” detektatzea. “Modu horretan lehenago ekingo genioke tratamenduari, eta, norberaren arriskua murrizteaz gain, gainerakoak kutsatzeko arriskua ere murriztu egingo litzateke”.

Iruretagoienak adierazi duenez, jende askok ez luke egingo proba ospitalera edo osasun etxera joan behar izango balu. “Izan ere, kasu horietan errazagoa da elkar ezagutzea, izen-abizenak eman behar izaten dira…”. Hain zuzen ere, tokian tokiko osasun etxeetara edo probak egiteko gune berezietara joan behar izaten zuten lehen susmoa zeukatenek. 2009tik ia 24.000 test egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta emaitza 222 kasutan izan da positiboa, %1 eskas. Gipuzkoan 900 bat test egiten dituzte urtean. “Positiboen datua ez da altuegia, baina garrantzitsua da %1 hori aurkitzea”.

“‘Gutxienez hiru hilabete igaro al dira ustez arriskuan egon zinen unea igaro denetik?’. Bertaratzen direnei galdera hori egiten diegu gelatxoan sartzearekin batera”, azaldu du Iruretagoienak. Hiru hilabete betetakoan itzultzeko eskatzen diete erantzuna ezezkoa denean, eta galdera sorta txiki bat egiten diete baiezko kasuan. “Sexu harreman horiek sexu berekoen artekoak izan diren edo ez galdetzen diegu jarraian, eta, erantzuna baiezkoa bada, sifilisaren froga ere eskaintzen diegu, prezio berean”.

Atximurka txiki baten parekoa da odol lagina lortzeko prozesua, eta emaitza “erabat fidagarria” da negatiboa denean. “Positiboa denean, berriz, proba gehiago egin behar izaten dira, eta farmaziatik bertatik jartzen gara harremanetan ospitaleko arduradunekin, hurrengo egunean herritar bat bertara joango dela azaltzeko”. Kasu horretan, ospitaleko proba osagarriekin baieztatzen edo ezeztatzen dute farmaziako emaitza positiboa.

Iruretagoienak onartu du “urduri” egoten direla testa egitera joaten diren gehienak. “Susmo baten eraginez etortzen direlako, eta gaur egun Interneten aurki daitekeen informazioak ere ez duelako laguntzen”. Horregatik, askotan ez da samurra izaten odol lagina hartu eta emaitza jaso arteko hogei minutuko tarte hori. “Minutu horietan barrua askatzen dute batzuek, eta oso informazio gutxi ematen dute beste batzuek”. Pertsona bakoitzaren beharren arabera kudeatzen dute egoera. “Estatistiketarako inkesta txiki bat bete behar izaten dute denek, eta, batzuetan, hogei minutuko tarte horretan egiten dizkiegun galderen bidez osatzen ditugu gehienak”. Farmaziako langileek, noski, ikastaroa jasotzen dute momentua iristen denean une horiek nola kudeatu behar diren jakiteko.

“Ez dugu erlaxatu behar”

Azken zortzi urte eta erdian gizonezkoak izan dira proba egin dutenen %74, eta 37,1 urtekoa izan da farmaziara testa egitera joan direnen batez besteko adina. 1980ko eta 1990eko urteei begira jarrita, egungo egoera askoz hobea dela pentsatzen hasiko dira asko. “Baina ez dugu erlaxatu behar”, ohartarazi du Oñatibiak.

Iruretagoienak mezu argia helarazi die herritarrei: “Testa egin dezala zalantzarik txikiena daukanak, ez dezala izan zalantzarik. Buruak buelta asko ematen ditu urduri dagoenean, eta minutu gutxiren buruan beldur guztiak uxatzeko aukera izaten dute gehienek”. Pauso bat atzera eginda, ordea, beste aholku bat ere badauka farmazialariak: “Neurriak har ditzatela denek; seguruak ez diren sexu harremanetan antisorgailua erabil dezatela denek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.