“Herriguneetatik gero eta gertuago daude”

“Herriguneetatik gero eta gertuago daude”

Unai Zubeldia

Paintballeko pistola motxilan sartu, barruan biozida daukaten pilota txiki batzuk hartu, eta Marijo Garciak (Gabiria, 1962) kazetariarekin batera egin du Hernaniko Florida auzoko parkera arteko bidea. Hernaniko Udaleko Babes Zibileko teknikaria da Garcia, eta azken bost urteotan begiz jota dauzka Asiako liztorraren habiak. Habia aurkitu, motxilatik pistola atera, eta 15-20 metrotik hasi da tiroka, garabiaren beharrik gabe. Urtea hasi zenetik 35 bat habia deuseztatu dituzte, dagoeneko, Hernanin, eta aste honetan bertan erosi dute pistola berria Errenterian ere. “Hemen, behintzat, liztor kopurua ugaritu ez dadin lortzen ari gara, baina errealitatea dezente okerragoa da Arrasate inguruan”.

Sistema berritzailea erabiltzen ari zarete Asiako liztorrari aurre egiteko. Nondik nora sortutako ideia da?

Hernaniko erlezain batek jakinarazi zigun beste herrialderen batean sistema hau erabiltzen ari zirela. Ordurako frogak egiten hasita zegoen hura, gaiarekin kezkatuta zegoelako, eta Interneten informazioa bilatzeko esan zidan. Bila hasi, eta Frantziako enpresa batek paintballeko pistolak baliatzen zituela ikusi genuen. Oso sistema erosoa eta merkea da.

Zenbateko kostua dauka?

Pistola, konpresorea eta 2.000 bolatxo, den-dena kontuan hartuta, 3.000 euro inguru kostatu zaigu, baina pistolak eros daitezke askoz merkeago. Tamainaren arabera, 10-50 bolatxo behar izaten dira habia bakoitzeko, oso biozida gutxi daukalako bakoitzak. Habia bakoitza deuseztatzeko 50 bolatxo erabiliz gero, 15 bat euroko kostua edukiko luke. Arlo ekonomikoa soilik kontuan hartuz gero, sistema merkeagoa da pertikarena, baina, kasu horretan, hiru pertsona behar izaten dira askotan, eta askoz denbora gehiago. Dirua da hori ere. Oso sistema erosoa da hau, zoragarria; normalean, gainera, ez dugu behar izaten babesteko jantzirik, norbait euren habiatik bost metro baino gutxiagora dagoenean soilik sentitzen dutelako arriskua liztorrek. Gainerakoan, ez dira konturatzen erasoa nondik datorren.

Distantziari dagokionez, garabiaren beharrik gabe, 40 bat metrotik tiroak botatzeko aukera eskaintzen du sistemak, ezta?

Pistola honekin tiroak botata, 40 bat metroraino iristen dira pilotak, baina kontuz ibili behar da haizearekin.

Zein izaten da protokoloa deia jasotzen denetik habia deuseztatzen duzuen arte?

Herritarrek eurek deitzen digute habiaren bat ikusi dutela esanez. Babes Zibilean jasotzen dugu abisua, eta ahal bezain pronto bertaratzen gara, ni neu edo udaltzainak eurak, ordutegiaren arabera. Habia hori Asiako liztorrarena dela ziurtatzen dugu lehenengo, eta habian mugimendua dagoela gero, gerta daitekeelako aurreko urtekoa izatea eta habia hutsik egotea. Lekuaren arabera aztertzen da habia kentzeko zein baliabide beharko ditugun: pertika, aerosola, salabardoa, paintballeko pistola… Argi utzi behar da sistema honek ez dituela ordezkatzen aurreko guztiak; erabat osagarria da.

Zein efektu egiten dute biozida daukaten gelatinazko bolatxo horiek?

Intsektuak hiltzeko pozoia da biozida. Bolatxoak habian bizpahiru aldetatik sartzen saiatzen gara, eragina azalera guztira zabaltzeko. Hasiera batean, habiara itzultzen dira ihesean joandako liztorrak, oso animalia fidela delako Asiako liztorra, eta, biozidak bi eguneko efektua daukanez, guztiak hiltzen dira azkenerako. Liztorrak hilda eta habia hainbat zulorekin egonda, badakigu ez dutela berriz erabiltzen, eta dagoen tokian bertan uzten dugu. Uraren eta haizearen eraginez, negu horretan bertan bere kasa erortzea izaten da normalena.

Non aurkitzen dituzue Asiako liztorren habiarik gehienak?

Hasiera batean, lehenengo habiak aurkitzen hasi ginenean, landa lurretan egoten ziren gehienak, baina aldaketa izan da azken urteotan, eta herriguneetatik gero eta gertuago daude. Ez dakigu tenperaturagatik den, janaria errazago lortzen dutelako den… Errealitate horrek arazo gehiago sor dezake, noski, baina, hain justu, horri esker hasi gara egoerari irtenbidea aurkitu nahian serio lanean, herritarrei zuzenean eragiten hasi delako habien kontua.

Zergatik dira hain arriskutsuak Asiako liztorrak?

Erleak eta beste hainbat intsektu jaten dituzte Asiako liztorrek. Proteinak behar izaten dituzte larbek, eta liztorrek erleak ehizatzen dituzte larbei proteinak eman ahal izateko. Helduek, berriz, larbek eurek gerora kanporatzen duten zatiari esker eskuratzen dute beharrezkoa duten proteina kopurua. Izugarri ugaltzen dira; habia bakoitzetik beste asko sortzeko gaitasuna daukate, eta harraparirik ez daukate inguru honetan, nahiz eta hegaztiren batzuk hasita dauden liztorren habiei erasotzen. Espezie indartsua da, eta distantzia handiak egiteko gai izaten dira. Ondorioz, erraz zabaltzen da. Asiako liztorraren ziztada bera ez da erlearena baino arriskutsuagoa, baina zabaltzeko daukaten gaitasuna, hori da kaltegarriena, gizakientzat eta naturaren orekarentzat. Liztorren eraginez, euren jarduna uzten ari dira erlezain asko, eta orekarako oso arriskutsua izan daiteke hori. Egungo arazoa baino larriagoa izan daiteke etorkizunekoa.

Zein mezu helaraziko zenieke herritarrei?

Habiaren bat ikusten duten bakoitzean udaltzainei deitzeko, mesedez. Non dauden jakitea da garrantzitsuena, eta hutsunea daukagu hor. Etengabe hobetzen ari dira habiak kentzeko sistemak, baina lokalizazioan ez dugu eman pauso handirik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.