Euskararen arrastoari segika

Euskararen arrastoari segika

Ane Olaizola

Datorren igandean, hilaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Euskal Herri osoan. Beste urte batez, milaka lagun aterako dira urteko 365 egunetan euskaraz bizi nahi dutela adierazteko, eta horretarako hamaika ekintza egingo dituzte han-hemenka. Gipuzkoako gainontzeko herri gehienetan bezala, Zumaian ere ozen entzungo da euskararen aldeko aldarria, eta ekintza berritzailea prestatu dute euskararen normalizazioan eragin duten guneei errepasoa egiteaz gain, protagonistei aitortza egiteko. Imanol Azkue idazle zumaiarrak Ibilaldi bat euskararen arrastoan hitzaldi ibiltaria egingo du etzi. Zumaiako Udala eta Euskararen Aholku Batzordea dira antolatzaileak.

Azkuek adierazi duenez, udalak “gauza bereziren bat” antolatu nahi izan du aurten Euskararen Egunaren harira. Zumaiako euskarak azken 50 urteotan izan duen bilakaera ikertu du idazleak, eta hortik abiatuta prestatu dute hitzaldi ibiltaria. “Azken 50 urteotan, etxean gordeta egotetik funtzio berriak izatera igaro da euskara, eta hezkuntzan, administrazioan, kirolean, kulturan… tokia eginez joan da. Zumaian euskara non indartu den azalduko dut, beraz”.

11:00etan elkartuko dira, Kofradian, eta ordubete inguruko saioa izango da. Hizlariak jakinarazi du bost gune bisitatuko dituztela, eta leku bakoitzean euskarak izan duen presentzia errepasatuko dutela. Apaizetxean egingo dute lehenengo geldialdia, elizaren babesarekin sortu zutelako ikastola. Sorrera hori mugarri izan zen euskararen alorrean, eta hainbat egoitza izan ditu bere ibilbidean. Arrangoleta izan zen horietako bat, eta, beraz, hara joango dira Apaizetxetik. Handik, berriz, Aita Mari aretora abiatuko dira. Izan ere, ikastolak eta AEK-k hainbat urtez Aita Marin eman zituzten eskolak, eta batzokiko kideek han egiten zituzten bilerak; ibilian-ibilian, udaletxean geratuko dira ondoren. “Administrazioaren alorrean lekua irabazten hasi zen euskara lehen aldiz hauteskundeak egin zituztenean, alderdi politikoak udalean sartu zirenean. Alde horretatik, lan handia egin zuten euskara bultzatzeko”.

Forondan amaituko dute hitzaldi ibiltaria, herriko euskararen lekuko argia izan baita hura ere. “Garai batean kultur etxea izan zen Foronda, eta han dute egoitza Baleike herri komunikabideak eta bertso eskolak ere”. Halabeharrez, ibilaldia bost gune horietara mugatu behar izan dute antolatzaileek, baina herriko beste hainbat lekuri ere egingo diete erreferentzia bisitan.

Gune horietan guztietan euskararen alde egindako lanari balioa eman nahi diote ekinaldi horren bidez. “Gaur egun, normaltzat jotzen dugu zerbitzuak euskaraz jasotzea eta edozein arlotan euskara erabiltzea. Betidanik hala izan dela uste dugu, baina batzuek gogotik lan egin behar izan zuten gaur egungo egoerara iristeko, eta aitortza egin nahi diegu”.

Euskarari dagokionez, azken mende erdian “hainbat etapa” izan dituztela azpimarratu du Azkuek. Haren iritziz, 1966an ikastola sortu izanak hasi zuen euskara indartzeko bidea. “80ko hamarkadara bitartean, batez ere, ikastolan egon zen euskararen mugimendua. Ikastolako kideek eta ingurukoek lan handia egin behar izan zuten egoera aurrera ateratzeko”. Ikastola egonkortu zenean AEK-k eta udalak ere “protagonismo berezia” hartu zutela azpimarratu du idazleak. “Udala bere jarduera euskalduntzen hasi zenean, euskalduntzen eta baliabideak bereganatzen hasi zen ingurua ere”.

Erronkei heldu beharra

Ondorengo urteetan, berriz, garrantzitsua izan da bertso eskolak, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Txinparta euskara taldeak eta Baleike-k egin duten ekarpena: “Euskarazko komunitate bat egituratu da Baleike-ren bidez, eta erreferente bihurtu da euskaldunontzat”.

Gaur egungo euskararen egoerari dagokionez, oro har, herrian “osasuntsu” dagoela azaldu du Azkuek, baina zer hobetu badagoela azpimarratu du: “Zumaia ondo dago duela urte batzuetako eta beste herri batzuetako egoerarekin alderatuta, baina erronka batzuk dauzkagu: umeen artean bermatuta dago euskararen ezagutza, baina erabileran pausoak eman beharko ditugu”.

Idazlearen esanetan, zumaiarren nortasunaren “bizkarrezurra” izan beharko luke Zumaiako euskarak, herritarren hizkerak. “Erronkari heldu behar diogu; ezin gara lo geratu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.