“Konbentzituta nago puzzlearen pieza garrantzitsua dela metroa”

“Konbentzituta nago puzzlearen pieza garrantzitsua dela metroa”

Unai Zubeldia

Atzera begira jarri, eta urruti antzean gelditu da jada 2015eko ekainaren 13a, Eneko Goiak (Donostia, 1971) Donostiako alkate kargua hartu zuen eguna. Eguneroko jardunaren zurrunbilotik ihesean, ordularia ahaztu eta hizketaldi lasaian aritu da, galdera bakar bati ere uko egin gabe. Urte eta erdi falta denean, oraindik ez du erabaki hurrengo hausteskundeetan berriz ere alkate izateko hautagai izango den edo ez. “Alderdiaren erabakia da hori”.

Bi urte eta erdi igaro dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zein egitasmo gauzatu ahal izan duzue, eta zer daukazue egiteko?

Zenbait proiektu gauzatu ahal izan ditugu jada, autobus geltokia eta Tabakalera, esaterako, aurreko legealditik zetozen egitasmoak biak. Urumearen proiektua ere abian zen, baina geldirik zegoen Txomin Enea ingurua, eta horri buelta ematea lortu dugu; nahiko erritmo onean doaz lanak, nahiz eta gauza dezente dauzkagun egiteko, oraindik, ibaia zabaltzeko bigarren fasea, esaterako. Espetxearen mugimenduak sortzen du zalantza gehien, ez dugulako jasotzen erantzun argirik; eta Anoeta estadioa ere hor dago. Legealdiaren erdian gaude, eta orain arte ez da posible izan beste hainbat proiekturi heltzea: Bretxako merkatuaren birmoldaketa, osasun etxea, Parte Zaharreko kirol instalazioak, Altzako kiroldegia… Legealdia amaitu bitartean proiektu horiek ere gauzatuz joango garela espero dut.

Gai zehatzak aztertzen hasita, herritarren artean haserrea sortzen ari da metroaren egitasmoa. Zer daukate esateko eta egiteko herritar horiek?

Zalantzarik gabe, bidezkoa da iritzia ematea. Baina nik beti esan izan dut horrelako azpiegitura batek gainditu egiten duela hiriaren eragin eremua, eta, beraz, hiria ez dela erabaki bat hartzeko erabat jabe, azpiegitura horrek baldintzatu egiten duelako metropoli eremuko eskaintza. Metroa ez da Donostiako metroa, Donostia aldeko topoa baizik, Irunen hasi eta Zarautzeraino iristen dena. Uste dut ikuspegi desberdinak daudela herritarren iritzi kontrajarriaren atzean: azpiegitura horrekin bat egiten ez dutenak daude, batetik, eta errespetatzen dut horien iritzia, nahiz eta ez dudan bat egiten, hiriaren apustu handia delako; eta lanek eragina izan dezaketen lekuetan bizi direnen kezka dago, bestetik. Jaurlaritza da proiektuaren sustatzailea, eta guk argi esan genion ados ez zeudenekin egon beharra zegoela; abiarazi dute dinamika hori, eta aurrerantzean gai hau beste modu batera kudeatu ahal izatea espero dut.

2013ko urtarrilean, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu ohiak “proiektu faraonikotzat” jo zuen metroaren proiektua.

Uste dut oker zegoela hori esan zuenean. Egungo proiektuarekin alderatuta, are handiagoa zen ordukoa; hiru geltoki zeuzkan aurreikusita hark, eta bi dauzka oraingoak. Errealitateari lotuago dago gaur egungo proiektua. Ana Oregik berak denboraren poderioz aitortu zidan jabetzen zela legealdia amaitzean horrelako garraio publiko batek zein indar izan zezakeen Donostia aldean.

120 milioi euro inguruko kostua izango du 4,2 kilometroko sareak. Donostiak, benetan, behar du horrelako azpiegitura bat?

Donostian hori baino inbertsio handiagoa egin da azken urteotan azpiegitura horretan, baina ahaztu egiten zaigu. Duela sei-zazpi urte hasi ziren Herrera-Intxaurrondo-Loiola zatiko lanak, eta oraintxe amaitu dute Loiolako zatia. Aurrekontu altua zeukan proiektu horrek, eta geltoki bat eman zion Intxaurrondori. Añorga-Errekalde ibilbide guztia birmoldatu egin zuten duela hamar urte, geltokiak barne, eta duela urtebete amaitu zuten Altzako geltokia. Horiek guztiak batuz gero, 120 milioi euro baino gehiago izango dira, ziurrenik, baina hori ez da eztabaidatu. Ulertzen dut Erdialdea sentiberagoa izatea, baina konbentzituta nago puzzlearen pieza garrantzitsua dela metroa.

Errauste planta da beste liskar iturrietako bat. Hauteskundeetan babesa jaso zenutela esan izan duzue, baina ez al zen logikoagoa galdeketa egitea?

Niretzat amaituta dago gai hori; lanak noiz bukatuko dituzten, horri begira nago ni. Guztiok, ziurrenik, hanka sartzeak egin ditugu eztabaidaren kudeaketan, eta pozoitu egin zen giroa. Baina azken udal eta foru hauteskundeetan garrantzia izan zuen zaborraren gaiak, eta hor daude emaitzak. Hauteskundeek itxi zuten eztabaida.

2008an, Xabier Ezeizabarrena alderdikideak kritikatu egin zuen Monpaseko proiektua, baina Espainiako aurrekontu orokorretatik diru sail bat eskatu berri duzue pasabidea gauzatzeko. Nolatan?

Gai horretan ez daukat Xabierren ikuspegi bera. Monpaseko azken proiektuak nahikoa berme bazeukala uste dut inguruan gutxieneko eragina izateko. Hiriarentzat kosturik ez izatea eta mantentze lanetarako jasangarria izatea, niretzat bi ezaugarri horiek dira garrantzitsuak proiektu honetan. Hortik aurrera, gune horri errematea emateko ekarpena izan daiteke, eta horregatik ez nuen izan arazorik onartzeko. PSE-EEk interes berezia zeukan proiektu horretan, baina ez dirudi PP Madrilen dagoen bitartean egin ahal izango denik.

Estrategia bulegoaren azterketa baten arabera, etxebizitzen prezioa da herritarren kezka iturri nagusia. Halabeharrez, hiritik joaten ari dira gazte asko.

Ni izan nintzen momentu batean Donostiatik alde egin behar izan zuen gazte horietako bat, nahiz eta gerora itzultzeko aukera izan dudan. Niretzat ez zen drama izan, hori ere esan beharra daukat. Arazo historikoa da etxebizitzarena. Etxebizitza librean eskariak finkatzen du prezioa, eta eskaera handia dago Donostian. Asko kezkatzen gaitu gaiak, eta udaletxe bezala promozio publikoari ekitea da tresna nagusia; talde guztiek bat egin izan dugu horretan. Alokairuko etxebizitza publikoak sustatzea da apustua. Ia 2.000 dauzkagu, Jaurlaritzak sustatzen dituenez gain, eta kopuru altua da hori. Neurri handi batean, arazo horri erantzutera dator Txomin Eneko proiektua. Badakit ez dela erraza asetzea; Parte Zaharrekoak Parte Zaharrean bizi nahiko du, baina oso zaila da hori.

Pisu turistikoei dagokienez, datu batzuen arabera, azken bi urteetan boskoiztu egin da kopurua. Nola kudeatu behar da hori?

Oso zaila da kopurua zehaztea. Egia da asko hazi dela, baina kritiketan gehiegikeriak ere egon direla uste dut. Gu gara pisu turistikoak arazo direla diogun lehenengoak, eta iaz horregatik hasi ginen esku artean zer geneukan aztertzen. Argi eduki behar dugu pisu turistikoena ez dela Donostiaren arazoa bakarrik, unibertsala da, baina hirian, izatez, tentsioa daukagu jada etxebizitzen prezioarekin, eta pisu turistikoen gaiak areagotu egin dezake tentsio hori. Horregatik idatzi genuen udal arau mugatzaile bat eta Parte Zaharrerako plan aldaketa bat.

Egungo turismo politikarekin, hamar urte barru nola ikusten duzu Parte Zaharreko bizi kalitatea?

Ez dakit egoera hobetzeko gai izango garen, baina ez okertzea espero dut, gutxienez. Bereziki Parte Zaharreko errealitatea kontrolatzeko konpromisoa daukagu udaletxean. Kezka badago, baina beste gauza bat ere gerta daiteke, hamar urte barru, agian, ez dugulako izango batzuek uste duten errealitatea. Beste leku eta auzo batzuek hartuko dute, agian, indar handiagoa. Egiazkoa eta kalitatekoa dela, hori da gure hiriaren eskaintzaren balioa. Hori zaintzen ez badakigu eta dirua irabazi nahi duenak errespetatzen ez badu, buelta etorriko da azkenean. Bizitzeko lekua izaten jarraitzea, hori da Parte Zaharrerako gure nahia eta apustua.

Ernesto Gascok uztailean azaldu zuen “kalitateko turismo politika orekatu eta jasangarria” dela helburua. Baina zer da “kalitateko turismoa”?

Geurezkoak ditugun gauzak eskaintzeko eta esperientzia bat bizitzeko aukera emateko gaitasuna izatea; ez sortzea zuzenean turistentzat diren gauzak, hiria parke tematikoa balitz bezala. Gure erroetan dagoen eskaintza sustatu behar dugu, nortasuna duena.

Soziolinguistika Klusterraren neurketa baten arabera, Donostian atzera egin du euskararen kaleko erabilerak. Herritarren %15,2k erabiltzen dute. Kezkatzen zaitu errealitate horrek?

Zalantzarik gabe. Azken urteotan ezagutzarena izan da apustu nagusia, eta modu txukunean egin da lan hori; aurrerapauso nabarmenak eman ditugu. Baina, orain, beste arazo bat daukagu parean. Momentu honetan, guraso euskaldunak ez dauzkaten ume asko dago eskolaratuta, eta, ziurrenik, hori da erabilera pattal horren eragile nagusia. Gu ahalegin berezia egiten ari gara euskararen erabilera sustatzeko; auzoz auzo jarduerak sortzen ari da Euskara zerbitzua. Inor ezin dugu behartu euskaraz hitz egitera, baina baldintzak sor ditzakegu.

Egia eta Loiolako auzotarrak haserre daude Astiñeneko zubiaren kudeaketarekin.

Egun batetik bestera zubia ez zegoen erabilgarri. Hori izan zen hasiera: ezustekoa. Beste zubi bat eraikitzeko proiektua lantzen ari ginen, baina egungoak ez du iraun. Horrekin egin dugu topo. Horrelakoetan, zer egin daitekeen aztertu behar izaten da lehenengo, eta proiektuak ez dira egiten egun batetik bestera. Berehala itxi genuen zubia, eta nik neuk neure egiten dut erabaki hori, segurtasuna arriskuan dagoenean erabakiak hartu behar direlako. Askoz larriagoa litzateke arduragabekeria baten ondorioz ezbeharren bat gertatzea. Konponketa lanak garestiak zirela ikusi genuen, baina erabakiren bat hartu beharra geneukan, besteak beste zubia itxita egotea 1.000 euroko kostua sortzen ari delako autobus zerbitzuan. Beraz, urtea amaitzerako oinezkoentzat, bizikletentzat eta motoentzat zubia irekita egotea espero dugu; ekainerako-edo, zubia erabat irekita egongo da; eta hiru bat urte beharko ditugu zubi berria egiteko.

Carlos I.a ez ixtea erabaki berri duzue, baina ixtearen alde agertu zineten aurreko agintaldian. Nolatan aldaketa hori?

Argi dago Carlos I.a ixteko aurretik ezinbestekoa dela Martuteneko biribilgunea birmoldatzea, bestela ez delako bideragarria. Ixtea da gure asmoa, baina aldundiak egin behar du lan hori, eta, diru kontuak tarteko, hartua dauka legealdi honetan halakorik ez egiteko erabakia. Antzuola-Bergara zatira bideratu dituzte ahaleginak, eta ulertzen dut erabakia.

Kirol arloan, eztabaida askoren ondoren, hasita daude Anoeta estadioko lanak. Gustura zaude aurten eman den pausoarekin?

Asko kostatu zaigu pausoa ematea. Aurreko udal gobernuak bide batzuk ireki zituen, baina atzera bota zizkieten etengabe. Guk, azkenean, lortu dugu lanei ekitea.

Zein ondare utzi du Donostia 2016k?

Gaizki pasatu genuen. Aurreko legealditik oso konplexua izan zen prestaketa lana. Ez da txantxetakoa programa guztia betetzeko gai izatea, eta 2015eko abuztuan galdera egin izan balidate, zalantza egingo nukeen. Baina 2016an programa bete zen, eta ondo bete, gainera. Esperientzietako batzuk baliagarriak izan dira, eta ondarea utzi dute: biolentziaren ondorioen eta bizikidetzaren inguruko lanketaren eragina; erakundeen arteko kolaborazioak; San Telmo museoak gainerako museoekin daukan harremana; Viktoria Eugeniak koprodukzioak egiteko eskuratu duen gaitasuna… Hainbat gauza ikasi ditugu, eta hiria Europara irekitzeko balio izan du. Sareak sortu ditugu.

Tabakalera ari al da betetzen zehaztuta zeuden helburuak?

Gauza guztiek bezala, bidea egin behar du Tabakalerak ere. Ezinezkoa da egun batetik bestera horrelako proiektu bat erabat martxan egotea. Piezak elkartuz joan dira prozesu baten barruan. Kultur proiektua, Zinemaldia, Filmategia, Etxepare Institutua, Zine Eskola, Ubik… Tabakalerari zerbait falta zaio oraindik, eta hausnarketa hori dago zuzendari nagusia aukeratzeko prozesuan. Beste buelta bat eman behar diogula adierazten ari gara; kanpo proiekzioa areagotzeaz gain, sormen industriaren esparruan sartu beharra dauka Tabakalerak.

Arte Ederren eraikinari dagokionez, epaiketa izango da azkenean.

Zoritxarrez, bertan behera gelditu dira Saderekin geneuzkan elkarrizketak, udalbatzan gehiengo absolutua behar zelako haien proposamena gauzatzeko beharrezkoak ziren lege aldaketak egiteko, eta PSE-EE ez dagoelako horren alde. Guri desiragarria iruditzen zitzaigun eraikin horretan zinema aretoa mantentzea, baina, tira. Egoera argitzeko aukera bat galdu dugu, tren bat joan zaigu, eta orain ikusi egin beharko da epaileek Saderi arrazoia ematen dioten edo ez 13,7 milioi euroko kalte-ordain eskaeran. Hala ere, horrek ez du argituko eraikuntzaren etorkizuna.

Etorkizun hurbileko Donostiarentzat zein proiektu dira funtsezkoak?

Urumea erdigune bihurtu da jada. Azken urteotan lan handia egin dugu gai horretan, eta aurreko legealdian udal talde guztiek erabaki genuen Urumeari begiratuko geniola; guztion kontzientzia astindu zuten 2011ko uholdeek. Hiriaren aukera nagusietako bat da, etxebizitza eskaintzan, besteak beste. Garraio azpiegiturak ere funtsezkoak dira. Metroa da hiriaren erronka nagusietako bat, eta baita abiadura handiko trena ere. Trenbide zabalera egokitzeko hirugarren erraila egiten ari dira, eta 2019rako amaituta egotea espero da. Donostiaraino iritsiko da Europan barrena ibiliko den tren bat. Zein zerbitzu eskainiko dugun eta Baiona eta Donostia arteko komunikazioa nola hobetu dezakegun ikusi behar dugu. Erronka garrantzitsua da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.